BILATU

martxoa 11, 2024

POESIAN BARRENA

 


Ez naiz poesian aditua. Baina gustatzen zait, eta hori nahikoa da eroso sentitzeko esku artean poema liburu bat dudanean. Beste gauza bat da -bizitzako arlo guztietan bezala itxaropenak eta azken emaitza neurtzen direnean- liburua amaituta irakurritakoak asetu ote nauen. Poesia irakurtzen hasi nintzen, ziur asko, sorkuntza poetikoan egin nituen lehen saioekin. Hori, igaro diren hamarkadek emandako ikuspegiarekin aztertuta, oso denbora tarte laburra izan zen, baina nahikoa, hain zuzen, bide onetik ez nindoala konturatzeko.

Geografiko zein emozionalki, gertuko eta urruneko poetekin gozatu dut. Irakurtzea da kontua, begiak itxi eta harrapatutakoa barneratzen saiatzea, nor idatzi duen ahaztuz -beharbada osagairik zailena. Betetzen bazaitu, liburuaren hautaketan garaile izan zara.

Garai batean poesia musikatuak erakarri ninduen indartsu. Greateful Dead-etik Xabier Leteraino, Bob Dylan, Tim Hardin eta Donovan barne. Geroago poesia biluzia besarkatu nuen, edukia nahas zezakeen gehigarririk gabe. Eta egileen zerrenda zabaldu egin zen, emaitza positiboarekin.

Eta bitxiena da ez dudala lehentasunik gogoko poeten artean. Deskribaezina bihurtzen den emozioa sortzen didana da momentu horretako nire egilerik gogokoena. Eta gerta daiteke biharamunean zeharo ahaztu dudala bere izena.

Argazkia: Zuriñe

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina