Esaten dut nik esku zuriko
lapur espainiarrek ez dutela literatura laket. Jardiel Poncela antzerkigileak
aspaldi-aspaldi utzi zuen idatzita "Lapurrok jende ondratua gara",
lehenik antzokietan eta geroago zine aretoetan egundoko arrakasta izan zuena.
Ez dirudi, ordea, inoren ondasunetarako zaletasun ez osasuntsu markatua
erakutsi duten txorizo guzti horiek aipatu obra literarioaren hariak nondik
jotzen duen dakitenik, ezta - noski- euren buruei aplikagarria izan ote
daitekeen inoiz pentsatzeko bidea aztertu dutenik ere.
Bada, gizon, ekintzaren ondorioz harrapatu
bazaituzte... zer egingo dugu! Pena da baina aitortu behar duzu zorte txarra
izan duzula, gutxien espero zenuenean huts egin duzula, eta orain gaizki egina
ordaintzea dagokizula. Nahi baduzu, kontrizioko oinazea onartuko nizuke zigorra
arintzeko; areago, zuzentzeko proposamena azalduko bazenu prest nengoke
- lapurtutakoa itzuli ondoren, hori bai- zigorra ziega eroso batean eman
dezazula onartzeko. Ikusten duzun moduan, esku zabal izan ninteke zurekin.
Baina, jakina, lehenik aitortu behar duzu eskua
luze joan zitzaizula eta, baietz, patrikara eraman zenuela zurea ez zena. Aitzitik,
Granados, Messi, Lopez Madrid, Ronaldo (badakit futbolista horiek ez direla
espainiarrak, baina bai horien iruzur multimiloikoa txalotzen dutenak), Aurrezki Kutxen erreskatearengatik 60.000 milioi euro ordainarazi dizkigutenak,
Urdangarin, Gonzalez, Barcena, Crespo...eta jendilaje horren antzera, bistakoa ukatzen
segituko bazenu nik bizitza osorako kartzela eskatuko nuke zuretzat, ostutakoa
inoiz agertuko balitz ere.
Dena den, ahaztu esandako guztia, ni ez
bainaiz justizia andrea.
Argazkia: JMVM
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina