Bis sextus dies ante
calendas martii - errepikatu seigarren eguna martxoaren lehen
egunaren aurretik. Eta Kristo aurreko 46. urtetik berrematen ari da operazioa,
eguzkiaren inguruko lur planetaren ibilbide ez sinkronikoa orekatzeko.
Badira bisurteei begira adur txarreko urteak direla dioten eta sinesten
dutenak. Ni ez naiz horretaraino heltzen eta estatistiken ondorio hutsari
egozten diot, Titanic itsasontzia 1912an hondoratzea, 1936an Espainiako faxistak
altxatzea, Robert Kennedy eta Luther King 1968an eta John Lennon 1970esn erailak
izatea... Eta abar, eta abar.
Otsailaren 29an gaude eta bi milurte luzeko ohiturari jarraiki gaur
ematen zaio eitea bisurteari. Egia esaten badizuet ez nago oso eroso
aurtengo egun osagarriarekin, hogeita lau ordu gehiago baitauzkate
politiko twiterzaleek euren matrakarekin gu bonbardeatzeko. Eta nahiko
sufrimendua izan dugu iazko abenduaren 20tik (egia esan, lehenagotik ere)
egutegi aleatorioa egun bat gehiago eskaintzen ibiltzeko. Halaber, Arnaldo
Otegi agian kalean egongo zen gaur, bisurtekoan ez bageunde. Zorte txarra,
beraz, 2016koa. Superstiziosoa?
Argazkia: Wikipedia
Nire burutazio eta lanetarako tokitxoa da espazio hau. Konpartitzerik badaukat, hobe.
BILATU
otsaila 29, 2016
otsaila 22, 2016
HILDAKOA HONDARTZAN
"Paradisuko atean" nire antzezlanean zenduaren errautsak gordetzen zituen ontzia tanatorioko gelan bertan erori eta haize bolada arraro batek barreiatu zituen Miren Karmele Zuazubizkarren partikulak oro, auskalo zein tokietaraino, senitartekoen dolua areagotuz.
Lurrekoa dena lurrera itzultzen dela oroitu
nuen, itsasoak ez baitu berea ez den ezer nahi. Baina aldi berean pentsatu nuen
ontzi hartako edukia zegokion hildakoaren senide gupida gabeak ezingo direla
lasai bizi errauts anonimo haiei behar bezalako atsedena ematen ez dieten
bitartean. Eta ontzirako erakutsi duten begirunea ikusita, luzerako daukatela iruditzen zait.
otsaila 15, 2016
TITERE USTELDUAK


Titere-estadium erraldoia bihurtu da politikako mundua eta panpina ustelduak
botere guztiz ahaltsuaren eskuek mugitzen dituzte. Haize fresko libre
garbitzailearekin datozkigun txerpolariak, aldiz, arriskugarritzat hartzen
dituzte ezker-eskuineko buru oker sabel eskertuek. Eta auzipetu egiten dituzte,
terroristak direlakoan. Baina ez,
izuaren politika darabiltenak ditugu, bakar-bakarrik, terroristak.
Argazkia: www.gamba.cl.
otsaila 08, 2016
KONJURUEN ARRISKUA


Jokaera harekin aguraindarrak bere bizkarra babestu
zuen eta, inportanteena, aldez aurreko oharrarekin ez zuen herritarren fedean
printzarik sorrarazi, emaitza negatiboaz abisatuta baitzeuden. Artzapezpikuak, aldiz, karta batera egin zuen apustua
eta ez zaio ondo atera. Hierarkia ez da zergatik morroi xumea baino azkarragoa
izan behar, garbi.
Argazkiak: leyendaspuertorriqueñas.blogspot; JMVM
otsaila 01, 2016
AGUR ALTZAIRU, AGUR

Altzairuko euskal sektorea suntsitu egin da azken hogeita bost urteotan.
Altzairu arruntaren 1975eko lehen errekonbertsioaren eta altzairu integralaren
1990ekoaren bitartez euskal siderurgia lehiakorraren eraikina birmoldatu zen,
eta inork gutxik pentsatzen zuen orduan praktika liberalek zeharo jota utziko
zutenik euskal ekonomiaren mendetako zutaberik garrantzitsuenetakoa.
Baina hala jazo da, Europatik zuzendutako politika guztiz irrazionalen
bidez, Europa Batua eta estatuen Europa proiektu
kontrajarriak
direla birfrogatuz.
Noski, enpresarioek eurek ere zerikusirik
izan dute galera berreskuraezinean, nahiz eta argudia lezaketen beraien
diruarekin nahi dutena egiten dutela. Ni ez nago argudio horrekin ados,
gizarte-erantzukizuna ere tartean baitago eta gobernu ez hain amore-emailerekin
beste kuku batek kantatuko zuen orain. Ziurrenik, hil ezkiletako doinu ilunaren
oihartzunik gabe.
Argazkiak: steelworld.com eta JMVM
Argazkiak: steelworld.com eta JMVM
Harpidetu honetara:
Mezuak (Atom)