Ostera ere
buru-lapikoak eztanda egin bide dio Aznarri, goiko titulua daraman liburuaren
aurkezpenean bota dizkigun ostikadak direla-eta. Bai jaun andreok, elkarbizitzan aurrera egin dezagun, nonbait, itzela izan
da espainiar presidente
ohiak zerbitzatu digun diskurtsoa, ohikoa duen estilo txuleskoarekin.
Berriz ere geratu da frogatua espainiar eskuin
muturraren ordezkaririk zintzoen eta adierazgarriena dugun espezimen honekin burugabekeriaren mugak ad
infinitum-eraino zabal daitezkeela. Muturretatik besterik ondorioztatu ezin
daitekeenez, zentzuzko jokaerak hauts bihurtu ditu Aznar beldurgarriak.
Aipatu liburua San
Gil andre txit argiak idatzi duenez gero txiste erreza egin daiteke Aznarrek
berriz ere gil-i-polladak esan dituela adieraziz. Barregarria litzateke,
fenomeno aznarianoaren arriskua ez bagenu hain egiazkoa edukiko. Aznarrek bere
ahalegin etengabeaz ongarritzen ditu eskuinaren baratzeko bazterrak eta
ongi diseinatutako metodologia neo-faxista nardagarriak lagun gizartearen
baitan beldurraren hazia ereiten du, lotsagabeki.
Francoren hitzak
zetozkidan gogora Aznarri entzuten nionean "nazio
politika bateratua eraiki behar dugu, gure askatasuna zapuztu nahi dutenei
aurre egiteko" Eta espainiar guztien bat egiteari dei eginez "Espainiaren errealitate nazionaletik
itxuraldaketa historikoen kontra borrokatuko dugu, espainiar izatezko
harrotasunak bultzatuta"
Zer esango dizuet,
lagunok! Gaiztakeriak kolpatzen duenean ... erresistentzia dagokigu,
nazionalismo oro suntsitzaileen kontra.
Argazkia: fundación villacisneros.com
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina