BILATU

urria 14, 2013

AHULAK … HILAK



UCEMen zenbait produktu

"Exangües" (1) da arrasatear kooperatiben sortzaileetariko batek bere liburuan darabilen hitza, herriko zehar-bidea egiten ari zirenean bertatik adierazia,  bere oinetan zeuzkan Union Cerrajeraren eraikin industrialei erreparatuz.  Arrasateko enpresarik enblematikoaren tailerrak hilda zeuden, bai, eta hortik lagunaren espresioa, iraganeko bere "etxea"ren egoera kalamitosoaz jabetuta.

Enpresak jaiotzen diren unean bertan hasten dira hiltzen. Erakunde biziak ditugu, baldintza ekonomiko, sozial, kultural, erlijioso eta nahi bestekoen artean sortuak, eta horrexegatik hil behar dute. Eta axiomak ez dira frogatu behar. Esan nahi dut  hori ikusten ez duena itsu izatea nahiago duelako dela.

Enpresaren babespera biltzen garenok normalean itsutu egiten gara instantean, haren erosotasunean abandonatuta. Ugazabetatik hasita -  bista gaitasun gehien galtzen dutenak- azken morroiarenganaino halako utzikeria labainkorretik barrena abiatzen gara, amildegira iritsi arte. Horra ailegatu bezain laster hasten dira, ordea, kontsolatzerik gabeko aieneak. 



ULGORen lehen berogailua

Bota dezagun begiradatxo bat ingurura. Enpresa handi, osasuntsu eta eternalak bide ziren asko eta asko -Babcock, Palmera, UCEM, Bianchi, Aristrain, Barreiros ... Nokia!! ... - iraganaren museoko piezak izatera pasatu dira. Ergelak al genituen euren arduradunak? Ez, halabeharrez. 

Enpresaren jaiotza eta hazkundearekin pozten garen neurri eta indar berdinaz egon beharko genuke gertu haren hil ezkilak entzuteko. Ez gintuzkete harritu beharko.  Tragedia, benetakoa, enpresa horretako giza norbanakook unetik unera amildegitik hurbilago gaudela ikusi nahi ez dugunean gertatzen da. Edo ikusi arren, iragarpen faltsuak  behin eta berriz egiten direnean. Gaur arte naturak ez digu eternaltasunaren adibiderik eskaini eta ez dirudi ebidentzia aldatzeko esperantzan egon gaitezkeenik.

Hilkorra izanda eta  bere muinari erantzukizunez heltzen badio ere, enpresak ahalko duen bakarra bere iraupenaren luzapen mugatua da. Betierekotasunean pentsatu nahi badu, ordea, eta horren lorpenari buru belarri heltzen dionaren hipotesian,   etengabeko egokitzapenak - kasurik hoberenean- enpresaren helburua beraren aldaketa ekarriko du. Hau da, itxura eta muina-aldakuntza zeharokoa izan beharko du, enpresa iraganeko museora igaroko ez bada. Eta goitik beherako bestelakotzea ezina ez bada ere, nik behintzat ez dut enpresa munduan orain arte ezagutu.

(1) Agotado, muerto

Argazkiak:
a) Tere Anda
b) www.euskomedia.org 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina