Informazio eta komunikazioko teknologia berriek albistea
hurbilagotu egin zezaketela pentsatu nuen inoiz. Eta egiarekin gertatzen den
bezala, aurrekoaren baieztapena aurpegi ugarikoa dela frogatu ahal izan da:
teknologiak, berez, neutroak dira, ahalmenik gabeak.
Teknologiek ezingo dute inoiz, beren ekimenez, distantziak gainditu. Eta gizakiaren borondatera azpiratuko da teknologiaren helmena, hark eraginda eta baldintzatua. Energia atomikoa, berez, ez da txarra ezta ona ere. Haren erabilerak markatzen du kualitatearen zeinua. Areago, batzuentzat ondorio ona dena beste askorentzat gaiztoa daiteke, erabileraren beraren ikuspuntuaren arabera. Hau da, funtsean pertsonaren borondatean ezarri behar da emaitzaren ardatza eta inolaz ere ez hark unean erabil dezakeen teknologian.
Geografikoak baino gogorragoak
buru-distantziak dira. Haiek salba daitezkeen bitartean, bigarrenen mekanismo
endrebesatuek oztopatu egiten dute etengabe diferentzien espazioa murriztea.
Irtenbidearen ordez nahasmen ilunagoa etsipeneraino luzatzea bilatzen ari
direla esan liteke.
Teknologia berriak erabiltzen dituzten medioetako arduradun burutsuak
dira, azkenik, erantzuleak, onerako eta txarrerako. Teknologia zuriek asko egin
dezaketen arren, ez dute milimetro batez ere zulo bereizlea txikituko baldin
eta haien ardura dutenen baitan distantziari eusteko nahia nagusi bada. Buru
mugak dira txarrenak, eta horiek euskal medioetan ere agertzen dira egunero.
Argazkia: Tere Anda
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina