BILATU

martxoa 27, 2023

ZIRKOA

 


Duela egun batzuk, zirko apal horietako batek nire herrian ezarri zuen bere karpa, eta egun batzuetako emanaldien ondoren tresneria jaso eta desagertu egin zen, bere ikuskizuna antzezteko plaza berrien bila. Ezin dut esan zirkoko arduradunen iragarpenak bete ote ziren edo beren deiari erantzun zion ikuslegori erreparatuz desengainu berri bat jasan zuten. Ez daukat publikoak ikuskizunarekin desengainu eraman zuen esaterik ere, nire aldetik aspaldi galdu bainuen zirkoetarako zaletasuna. Herriko plazan aritzen ziren nire haurtzaroko txerpolariak - Augustin Anabitarte adiskide izan nuenaren “Poli” eleberriko deitura erabiltzearren- gogoan ditut eta baliteke haiek izatea, eskaintzen zutena neurtuta desengainurik txikien sorrarazi zidatenak.

Gero zirko ikusgarri eta izen panpoxotakoak etorri ziren - Atlas, Americano, Moscu,...- eta haiengandik zenbat eta mezu polikromatuagoak jaso hainbat eta sakonagoa izan ohi nuen desilusioa karpapetik ateratzean. Munduko espektakulurik handienak ere, sarritan, porrot egiten du.

Horregatik, distantzia guztiak gaindituz, jadanik zerbitzatzen ari zaigun hauteskunde-zirko zabalean ere, espektakuluaren saio desberdinen publizitateak pikutara bota dezake artista bakoitzean jar dezakegun itxaropena. Erreserbatu egiten dut, beraz, pub-kanpainari erredukzioko koefizientea jartzeko prebentzioa. Horrela etsipena txikiagoa da.

Argazkia: https://ecofin.es/

martxoa 20, 2023

HASERRE KONTROLAEZINA


Goizeko 7’28ak dira. Autobusa abiatzen ari da, eta kanpoan geratu diren bidaiari batzuek xilioka eskatu diote gidariari atea irekitzea. Honek berandu dabiltzala ihardetsi dien arren igotzen utzi die. Gidari eta sartu berrien artean eztabaida bat piztu da eta bidarietako batek konpainiaren aurrean salaketa ipini behar duela adieraziz amaitutzat eman du euren artekoa. Orduantxe hasten da, autobuseko bidaiari guztiok ahoa bete hortz utzi gaituen espektakulua.

Gidariak enpresaren telefonoa markatu du eta denok entzun ahal izan dugun elkarrizketaren lekukoak bilakatu gara. Egundoko haserre lehergarriak harrapatuta, soldata ordaintzen dion konpainia popatik hartzera bidali du gidariak. Oihu eta garraixien artean gidariak telefonoa hartu eta aurreko kristalaren kontra jaurti du. Anabasa harrigarriak iraun duen bitartean sei bat kilometro egin du autobusak, gu guztion isiltasuna entzungarri bihurtuz. Zorionez telefonoak ez du parabrisa hautsi. Gure helburura bitarteko bidea gimkana beldurgarri batean egin dugu. Autobusetik jaitsi garenean gidariaren begiak galduak zeuden, auskalo non.

Aspaldi idatzi zuen Patxi Etxeberria euskal idazleak haserrea aldi laburreko eroaldia dela. Eta zin egiten dut goiz honetan bizi izandakoak mugaketa horren aburukide egin nauela. Gidariak bere emozioen kontrola galdu du... eta txiripaz ez dio autobusarenak ere ihes egin. Ero-oldarrak estutu du gizona eta bere erreakzioak gaixotasun baten sintoma gordinak erakutsi ditu.

Galderak: zerk eduki gaitu bidariok gure eserlekuetan iltzatuta eta isilik? Hartuko al du enpresak erabakia gidariari atseden aldirik emateko?

Argazkia: JMVM

martxoa 13, 2023

GREBA ARBUIAGARRIA

Grebarako eskubidean sinesten dut eta baita ezinbesteko tresnatzat jo ere, eurek inoiz sortu gabeko araudi eta jarraibideen menpe dauden langile guztien borrokan. Lan ibilbide luzexkan eragile aktibo eta pasiboa izan naiz aldarrikapenetan, eta errebindikazioaren helburuarekin sintonizatzen jakin izan dut, edo ahalegindu naiz, behintzat. Baina beti izan naiz greben garapenerako metodo zibilizatuen defendatzaile. Uste dut eraginkorrak bezain adierazgarriak direla gizarte baten hezkuntza mailan.

Egun hauetan, greba baten lekuko zuzena izaten ari naiz, eta
greba horrek gainezka egin nau,  ondorioak jasan dituen pazientea naizen aldetik. Euren plantillakoak ez izan arren euskal ospitale publikoetan lan egiten duten gizon-emakumeen sindikatuek deitutako lan-uzteari buruz ari naiz, noski. Ezingo dut ulertu nola eraso daitezkeen hain espazio publiko sentikorra diren ospitaleak greban erabiltzen ari den metodologia arbuiagarriarekin. Zabortegia bilakatu dituzte ospitaletako zerbitzu-gela eta bazterrak oro, barneratutakoen osotasun fisikorako eta gaixoen osasunerako arriskuarekin.

Osasun-zentro horietako milaka erabiltzaileen ustez, erasoan langileak bezain erantzuleak dira sindikatuak eta, noski, Osakidetza, ezin baita onartu Euskal Osasun Zerbitzu Publikoak herritarren osasunaren aurkako atentatu hori eragozteko baliabideak jarri ez izana. Eta hamabosgarren eguna da gaurkoa... Zalantzarik gabe esan daitekeena da,  grebalariek gu erabileon gaitzespena berengana dutela. 

Argazkiak: JMVM

martxoa 06, 2023

ESPIOITZA ETA MOLLITIAM

 


Argi eta garbi gogoratzen dut 1987ko egun hura, Moskuko makro-liburudenda batera sartu nintzela, eta apaletako titulu ugarien artean, gehienak zirilikoan egoteagatik ezer esaten ez zidatenak, paperez, planoz eta eskemaz betetako karpeta bat aurkitu nuen, nire arreta erakarri eta besterik gabe erosi nuena. Ez nuen batere argi zertarako, baina egunen batean literatur abenturaren baterako erabiliko nituela susmatzen nuen. Eta hala izan zen, laurogeita hamarreko hamarkadan argitaratutako eleberri-trilogiaren muinean Kosme Zubia nire espioia haietaz baliatu baitzen bere planak asmatzeko.

Mollitiam izeneko enpresaren harira dator aurrekoa, munduko edozein espioi txiki utziko lukeen elkartearen istorioak - ezagutzen ez ditudan munduko beste hainbatek bezalatsu- espioitza kolektibo masibo erraldoi izkinaguztietara zabaldu baitu bere jarduna, zein kolorekoak diren berdin dion gobernuak bezero zerrendan ageri direlarik.

Mollitiamen kapitalean Easo Ventures donostiarra dugu, bere proiektuetarako Eusko Jaurlaritzaren diru-funtsak erdiesten dituena. Datu hori ematen dut informazioa betetzeagatik, eta ez beste ezergatik, negozioetako munduan nork bere trebetasuna libre erakuts baitezake nahi duen txoko eta sektoreetan. Deigarria egin zait, ordea, Easo Venturesen euskal enpresen zerrenda: Ingevital, Vifit Training, Herko, Dantz Home, Miru Studio, Aglaya Events, Darwin Biomedical, Dryfing, eta abar…

Inoiz ostera espioitzako istorioetara hurbilduko banintz, ez nuke dokumentazioaren bila Moskuraino jo beharko. Euskal eremutik atera gabe ere “breefing”en (horrela esaten da?) bat edo beste aurki nitzake, Zuatzu, Zamudio edota Miñaoko zaborrontzietan. Begiratuko dut, bada ezpada ere.

otsaila 27, 2023

METEOROLOGOAK

 


Telebistan meteorologoak ikusita, sarritan galdetzen diot nire buruari ea benetako gizakiak diren edo robot humanoide bertsio baten antzeko zerbait. Harritu egiten naute paperik gabeko beren erretorikarekin, lortzeko gai izango ez nintzatekeen modukoak. Isobaretatik tenperatura minimoetara, edo satelite-irudietatik marea-tauletara jauzi egiten dute izerdirik bota gabe, askotan ikusleari helarazi nahi zaion diskurtsoari jarraitzeko aukerarik eman gabe.

Gainera, Mariano Medinaren eguraldi-saio laburrak gogoratzen ditugunok egiazta genezakeen bezala, eguneko formatuen hamar-hamabost minutukoak amaiezinak iruditzen zaizkigu. Denetariko informazioa ematen zaigu, eta ia-ia iritsi gara errainu katodikoen bitartez gure auzoko txoko jakin batean dagoen tenperaturaren berri ezagutzera. Apartekoa iruditzen zait publikoak meteorologia bezalako gaien berri edukitzea. Hori hobe da, adibidez, edozein kirol-telenovela blaugrana-kolonbiarren irudietako arrosarioa baino.

Baina esan nahi nuena da, ezin ditudala buruan gorde komunikazioko munstro hauek egunero eskaintzen diguten informazioaren xehetasunak oro. Txapela kentzen dut,  ordea, gure bizitza apur bat jasangarriagoa egin nahi diguten profesional horien aurrean, gehienetan ezertarako balio ez digun datu-jarioarengatik. A! Eta gainera, euren iragarpenetan okertzen badira ere… biharamunean hantxe edukiko ditugu, zintzo-zintzo, gure bizitzaren espazio amankomunean. Eskertzekoa.

Argazkia: eitb

otsaila 21, 2023

EUGENIO OTSOA “GERRA”


Ez dakit non egongo zaren baina, ziur, iritsi zaren toki hori hankaz gora jarri nahi izango duzu, zurekin dauden guztion ongizatea haz dadin,  infinituraino. Ez zaitut beste moduan ezagutu. Bultzatzen, sortzen, diseinatzen, giza taldeak animatzen eta lorpenekin gozatzen. Horixe izan da zure goiburua beti, eta iragan mendeko lehen hirurogeita hamarretan elkarren berri izan genueneko uneetara heltzen naiz baieztapenarekin.

Ezin dut bururatu, bizitza honetan, zure gogoko Euskadi honetan zehar zure igarobidearen gain esan dezakedan ezer originalik.  Hain handia izan da txikitatik bereganatu zenituen ideal horiei egindako dedikazioa, non ezinezkoa zait zure ahalegina inbertitu zenituen ataletako bat bakarrik nabarmentzea. Borrokalari kolosala izan zara. Ez zenidan inoiz esan nondik ateratzen zenuen hainbeste kemen eta arnas, bata bestearen ondoren  etengabe aurkezten zitzaizkizun egitasmoetarako. Baina nik banekien: zure kontzientziarekiko konpromiso sakonean.

Hemen utzi dituzun milaka lagunetako bat besterik ez naiz, aurrerantzean zu gabe ezer ez dela berdina izango badakigunok. Edozein premia estaltzeko luzatutako esku hori galdu dugu. Zure ikasgaia geratzen zait, ezbeharrei aurre egiten jakitea - zein adibide eman diguzun fisikoki betiko banandu gaituen azken horrekin!- eta horri eutsiko diot borrokan jarraitzeko.

Eskerrik asko Gerra, bihotzeko adiskidea. Agur eta ohore!!!


Argazkia: Jose Felix Diaz de Tuesta

Bideoa: JMVM

otsaila 20, 2023

MEMORIA HISTORIKO DESBERDINAK

 


Kasualitate hutsez bi informazioa egun berean iritsi zaizkit. Eta hausnarketa ugarirako eman didate, nahiz eta nolabaiteko arrazonamendu ahalmenarekin bizitzara jauzi egin nuenetik nire barnean dauden pentsamendu berdinak diren. Esan nahi dut, duela hamarkada batzuetatik.

Polo biren ordez anitz dituen gizarte batean ibiltzen jarraitzen dugu. Hain da askotarikoa mugitzen garen giza masa, non era guztietako agerpenak aurki ditzakegu, horietako asko kontrako norabidetan hazita, eta ezer aldatuko ez den itxaropenik gabe, ia dena estaltzen duen denboraren joana markatzen duen erlojua izan ezik.

Adibidea jarri nahi dut: alde batetik, argazkiko plaka Espainiako eliza baten atartean. Espainiarrak gorrotoaren paroxismoraino eraman zituen gerra baten sortzaileak goratu eta ondratzen dituen agerbidea dugu,  denboraren joanak oraindik berarengandik arrastorik utzi ez duen testigantza deitoragarria.

Bestetik – ez nuen lerroalde berdinean idatzi nahi- eta kasuko izena jartzearren,  Jose Antonio Urionabarrenetxea Isasmendi arrasatearrarena. Fusilatua izan zen 1936an. Sendiak hamarkadak daramatza gizon haren exekuzioaren gaineko “arrazoien” bila. Honako hauxe da berriki Burgoseko Lurralde Militarraren 43. epaitegi militarretik jasotako idazkiak zioena:

"Nire esku dauden inbentario guztiak bilatu ditut, emandako informazioak ematen dituen aukera guztiak kontuan hartuta. Testuinguruari buruz gehiago jakiteko eskuragarri dagoen bibliografia ere kontsultatu dut. Guztiak adierazten du epaiketaz kanpoko exekuzio kasu bat dela eta, beraz, guk gordetzen ditugunak ez bezalako espediente judizial bat osatu zen”

Urionabarrenetxea Isasmendi – beste milaka kasuren antzera- ez zen existitu goiko argazkiaren plaka jarri zutenen moduko espainiarrentzat. Eta goikoen izenak harrizko xaflatan zizelkatu ziren bitartean, desagertutakoenek euren ondorengoen bihotzetan bakarrik irauten dute.

Argazkiak: JMVM