BILATU

martxoa 10, 2014

KRIMEA ETA ERREFERENDUMA



Arrazoiaren indarrak ezin du, epe laburrera bederen, ezertxo ere egin indarraren arrazoiaren aurrean. Historikoki hamaika aldiz frogatu ahal izan dena berriz gertatzen ari da Errusia-Ukraina gatazkan. Eta  AEB-Errusiaren arteko pultsu politiko sekularrean (Europari zer interesatzen zaion asmakizun dugu)  beste behin azaldu da Krimea auzia, ezten pozoitsuren gisa. 

Sebastopol
Putinen gobernuak ziztu bizian jarri du martxan erreferenduma, krimeatarren gogoa zein den garbi uzteko. Ez dakit zergatik baina hiritarrek zer erabakiko duten zalantzan izan balu Putinek kontsultarako deia ez zukeela babestuko iruditzen zait . Eta zuri?

Nazioarteko kritiken artean - espainiarra barne- ez dut bat ere ikusi, Krimearen etorkizuna ukrainatar guztiei dagokiela defendatuz. Baina zertan gaude? Berdin dit, Nikita Kruschevek hartutako erabakiarengatik Krimea Errusiatik Ukrainara 1954an – hortxe bertan oraindik-  pasatu izanak. Administratiboki egun ukrainatarra da Krimea. Beraz, ez al lukete Ukraina osoko hiritarrek parte hartu beharko krimeatarren "borondatea" zehazteko?
 
Ba, hori! Arrazoia eduki dezakegun arren...  indarra falta zaigula. Armek ahalbidetzen dutena.






Argazkiak:  wikipedia

martxoa 03, 2014

NEGOZIO ZALANTZAGARRIAK



Goizero bezala, kafe bat hartzen ari nintzen etxe ondoko kafetegi batean. Nire telefonotik eguneko prentsa irakurtzen niharduen. Telebista aparailuak zekarkidan giro musikaz  aparte ondoko mahai batean esertzera etorritako  lau lagunen elkarrizketa ere iristen ari zitzaidan, garden. Eta ezin izan nuen  mintzatzen ari zenaz jabetzea ekidin. Nire lantegirako arreta galduta, gehiago enteratzen ari nintzen solasaldi hartaz, prentsaren eguneko edukiaz baino. 

Lauetako batek – itxuraren arabera, gazteena- bere burua aurkeztu zuen, espainiar enpresa "inportante" (bere hitzetara) baten ordezkari bezala. Espainia eta Europarako negozioen arduradun nagusia zela adierazi zien mahaikideei eta gure herrian denda bat jarri nahi dutela gehitu zien. Beste hiruak ahalezko dendariak bide ziren. Horiek adi entzuten ari zitzaizkion “europar exekutiboari” Ez dakit, dena den, konbentzitu ote zituen.

Hasteko, proposatzen ari zitzaien negoziorako  3.000 euroko abala eskatu zien. Erosi beharko liokete, lehen eskarian, 2.500 euroko salgaia. Eta enpresak salduko lizkieke dendarako beharko lituzketen mahai, apal, armairuak... Jakina, lokalaren gastu guztiak hiru interesatuen bizkarrera joango lirateke.
 
Entzuten ari nintzen guztiaren haria oso ezaguna zitzaidan, beharrizanaren ildotik gizateria martxan jarri zenetik ugaldu baitira lagun hurkoa limurtzeko - engainatzeko- proposamenak. Denbora bezain zaharra da formula limurtzailea. Bakar bakarrik behar da, bere larridura arin liezaiokeen mezua entzuteko prest dagoen pertsona bat eta haren premiaren gainean negozio egin nahi duen beste bat. Istorioak errepikatu egiten dira, 

otsaila 24, 2014

SEFARDIERAZ



Ezina da zehazki ezagutzea zenbat judu sefardi bizi den munduan. Espainiatik 1492an erbesteratutako juduen ondorengoak ditugu sefardiak eta oraindik arbasoen hizkuntza erabiltzeko gai direla da euren zehazkizunetako bat, beharbada gehien bereizten dituena.

Dirudienez, PPren gobernua prest legoke milioiak izan daitezkeen gizon-emakume horiei espainiar nazionalitatea emateko. Ene ustez, erabaki egokia litzateke eta euren etxeetatik duela bost mende errege katoliko batzuek erauzita izandako giza norbanako haiekiko errekonozimendua burutuko lukete espainiarrek, modu ofizialean. 

Sefardiek bizirik iraunarazi duten hizkuntza ez bide da Espainian XV.ean hitz egiten zena, mintzaira bizi guztien arabera bilakaerak izan baititu, baina ideia bat eman dezake orduko gaztelaniari buruz. 

Nire bibliotekan badaukat 1978tik sefardieraz publikatutako “Aki Yerushalayim” aldizkariaren ale bat.  Lau hilabetekaria zen, eta nirea 1983ko urria-1984ko urtarrila aldiari zegokion. Bertatik kopiatu dut ondoko lerro-aldia: 

“Se puede konservar una lengua eskrita ma es imposivle de tener una idea de la manera en la kuala era prononsiada unos kuantos sienes de anyos atras. En el  kavzo del espanyol avlado en el siglo XV, la kestion es diferente, siendo ke los sefardis konstituyen asta oy una manera de disko de gramofono bivo de esta lengua, tal ke era avlada unos 500 anyos atras.
 
Las partikularidades fonetikas del djudeo-espanyol ya fueron examinadas i analizadas en los lavoros echos por diversos investigadores, algunos de los kualos ya fueron mensionados mas ariva. Sigun la opinion de munchos de estos espesialistos, la prononsiasion del djudeo-espanyol por los sefardis tiene muncho kon el katalan, el asturiano, el gayego, el portugez, el leonez i en fin, el kastiliano. 

El profesor Estrugo eskrive ke oyo kazalinos de Andalusia dizir “semos” “aiga” “por la salu de mi mare” etc. Exaktamente komo los djudios en la djuderia…”

Interesgarria. Nola ahoskatuko zen euskara duela bost mende?


Bigarren argazkia:yadbeyad.wordpress.com
 

otsaila 17, 2014

BERROGEI URTE EUSKAL IDAZKUNTZAN





Berrogei urte  bete berri ditut euskal idazkuntzari lotuta. Nork esango zuen 1974ko urtarrilaren iluntze hartan, Underwood idazmakina zaharraren aurrean jarri nintzenean, berrogei urte geroago une haiek errekreatuko nituela, non eta zer arraio izan zitekeen artean asmatzerik ere ez zegoen blog izeneko honetan. Zeruko Argiako lehen artikulu hari milaka kimu irten zitzaizkion urteekin. Polita. 

Aldatu zaizkigu baliabide teknikoak, komunikatzeko bitartekoak ... baina idazteko nire gogoak (premiak) berean segitzen du, indartsu, ezinbesteko bizi baldintza bilakatu baitzitzaidan ... ia-ia idazteari ekin aurretik. Berrogei urte bizitza oso bat da, plis-plas batean joanda, alperrik galtzen ibiltzeko. Baina orain atzera begira ari naizenean jardunak merezi izan duela ondorioztatzen dut, oroitzapen onak eta ez hain onak nire literatura-balantzan ipinita.

Ez dakit ostera jaioko banintz euskarazko literatura sortzeari helduko niokeen. Duela berrogei urteko baldintza soziologiko eta kulturalekin topo egingo banu, zalantzarik ez daukat baietz, egingo nukeela. Alde horretatik zorte handia izan dut, itsasbazter huts eta ilunetik hodeiertz berrien bila abiatu nintzenetik aldeko haizeak izan baititut gehienetan nirekin. Abenturarako erabakia hartu nuenean une egokia bide zen. Baina hori oraintxe dakit, berrogei urte igaro ondoren. Abiatzear nengoela, ordea, ezerk ez zidan etorkizuna iragartzen.

Itsasaldian segitzen dut eta haizerik ez denean arraunei helduko natzaie. Nabigatzea da xedea..

otsaila 10, 2014

LATROZINIOA ERREGE



Nola da posible erkidego oso bat bizi izatea aitorpenik gabeko ekonomiaren geruzapean? Nola arraio eraiki daiteke gizarte zerbitzu sarerik zergak ordaindu gabe? Non oinarritzen da lurralde horretako biztanleen biharko lan-sarien ardatza? Horiek nituen, iragan asteko arratsalde batean  lagun batzuek gonbidatuta, Valentziako txinatar merkatu erraldoia bisitatzera hurbildu ondoren bururatu zitzaizkidan galderak. 

Txundituta geratu nintzen bertako merkantzia trafikoarekin! Espainia guztiko bezeroen ilara luzeak ziren nonahi ikusten, furgoneta eta kamioiak kargatzeko iritsiak. Jakina, gehienek - denek ez idaztearren- BEZ ordaintzeari muzin egiten zioten. Hau da, existitzen ez den ekonomiaren pioiak genituen. Ekonomia beltzaren hedapena olio-tantaren antzera doa bere eragina zabaltzen eta ez da lur ertzean marea iruzurgilea geldiarazteko ahalmen ... eta gogorik antzematen.

BEZa aipatu dut baina PFEZ (IRPF) ere aipa nezake, segurantza soziala eta gizarte normalizatua osatu ahal izateko ezinbestekoak diren gainerako tributuekin batera. Latrozinioa nagusitzen ari  da gure ekonomian, eta ez bazaio behar bezalako neurririk ezartzen gureak egin du, lapurren erresuman  ez baitago itxaropenik lapurrentzat eurentzat ezik. 

Ezagutzen dut, oso ongi zihoan euskal enpresa baten kasua ... jabeak itxi behar izan duena. Ez al da kontraesana? Ongi joan eta itxi? Nola da posible? Arrazoi sinplea: enpresako bezeroak ez zeuden prest produktuak BEZaren "errekarguarekin" ordaintzeko! Eta enpresariak diru beltzean kobratzeari heldu dio. Beraz, enpresa desegin du eta ondorioz langileak segurantza sozialetik bajan eman ditu eta bere hornitzaileei mahai azpitik erosten die lehen gaia eta ... Labur bilduz: agur ekonomia arautua, agur langileen eskubideak eta agur lanaren balio sakratua. Horien ordez, oihan beltzeko lege gupidagabeak hartu du tokia, denon konplizitatearekin. Eta banaka batzuen onurarekin. Amildegirantz goaz.


Oharra: Urdangarin, bere emaztea eta besteen diruak lapurtzera ahalbidetu dieten guztiak, existitzen ez den ekonomiako adibiderik garbienak ditugu. Latrozinioaren errege-erreginak dira.