BILATU

otsaila 17, 2014

BERROGEI URTE EUSKAL IDAZKUNTZAN





Berrogei urte  bete berri ditut euskal idazkuntzari lotuta. Nork esango zuen 1974ko urtarrilaren iluntze hartan, Underwood idazmakina zaharraren aurrean jarri nintzenean, berrogei urte geroago une haiek errekreatuko nituela, non eta zer arraio izan zitekeen artean asmatzerik ere ez zegoen blog izeneko honetan. Zeruko Argiako lehen artikulu hari milaka kimu irten zitzaizkion urteekin. Polita. 

Aldatu zaizkigu baliabide teknikoak, komunikatzeko bitartekoak ... baina idazteko nire gogoak (premiak) berean segitzen du, indartsu, ezinbesteko bizi baldintza bilakatu baitzitzaidan ... ia-ia idazteari ekin aurretik. Berrogei urte bizitza oso bat da, plis-plas batean joanda, alperrik galtzen ibiltzeko. Baina orain atzera begira ari naizenean jardunak merezi izan duela ondorioztatzen dut, oroitzapen onak eta ez hain onak nire literatura-balantzan ipinita.

Ez dakit ostera jaioko banintz euskarazko literatura sortzeari helduko niokeen. Duela berrogei urteko baldintza soziologiko eta kulturalekin topo egingo banu, zalantzarik ez daukat baietz, egingo nukeela. Alde horretatik zorte handia izan dut, itsasbazter huts eta ilunetik hodeiertz berrien bila abiatu nintzenetik aldeko haizeak izan baititut gehienetan nirekin. Abenturarako erabakia hartu nuenean une egokia bide zen. Baina hori oraintxe dakit, berrogei urte igaro ondoren. Abiatzear nengoela, ordea, ezerk ez zidan etorkizuna iragartzen.

Itsasaldian segitzen dut eta haizerik ez denean arraunei helduko natzaie. Nabigatzea da xedea..

2 iruzkin: