BILATU

martxoa 04, 2024

ERRUKIA ETA LETRAK


Goizeko ibilaldietan erakartzen nauten motiboak erretratatzen ditut sarri. Denbora laburrerako etorri naiz argazkietarako erakargarritasun ugari eskaintzen dituen hiri batera eta gaur lerro hauekin doan argazkiko muralak arreta irabazi zidan atzo. “Errukia eta letrak” zioen eskola baten sarrerako zeramika bikainak. Hezkuntza zentroa zuzentzen duen ordena erlijiosoaren leloa izan behar du, antza denez.

Leloak pentsarazi ninduen, eta zalantzak nagusitu zitzaizkidan. Ez dakit halako mezu baten sortzaileak errukiaren kontzeptua ala letrena presenteago izan zuen bere sentimendua adierazteko orduan. Eta ez nago ziur, eskolara joango ziren ikasleei zuzenduta, bere etorkizuna zuzentzeko bidea literaturatik ikusten duen gizagaixoari aipatu bertute hori aplikatu nahi izan ote zion, eskola-umeei xuabe-xuabe ohartaraziz balizko arriskuaz, idazle lanbidea edo antzekoa bereganatuz gero.

Zalantzarekin baina ezpainetako irribarrearekin urrundu nintzen ikastetxe hartatik. Eta irekita aurkitu nuen lehen tabernan txokolatea eta txurroak eskatu nituen.

Argazkia: JMVM

otsaila 26, 2024

SORTZEA GOZATZEA DA


Autobusa irten zenean euria ari zuen eta erdibidean elurra. Barruko giro beroak musika entzutera animatzen zuen. Irratia piztu eta RNE Radio Clásicara konektatu nintzen. Beethovenen zazpigarren sinfoniaren bigarren mugimenduko notek, hau da, Allegretto famatuak, inguratu ninduten. Eta denbora batez konpositorearen bizitza garatzen den inguruneetara -1812- eraman nuen nire burua, obra hau sortzeko garaian, bainuetxe batean konfinatuta,  jada hazten ari zitzaion gortasuna arindu nahian ziharduela.

Eta ezin izan nuen neure baitan erreproduzitu besterik egin, nahi zuen bezala entzun ezin zuen melodia bat sortzeak Beethovenentzat suposatu behar izan zuen drama, nahiz eta ziur nagoen bere frustrazioan gozatzera iritsi zela, haren mamia igarri zuelako, edo, beste era batera esanda, musika bere baitan eszenifikatu zuelako.

Sortzea gozatzea da, zentzumen guztiekin egin ezin baduzu ere. Zerbait desberdina gauzatzeko gai zarela egiaztatzeak zorionera garraiatzen zaitu, nahiz eta barrenean zorigaiztoak hunkituta sentitu, madarikazioaren jomuga zarela uste izan arren. Iruditzen zait ez dagoela ezer baliotsuagorik helburu berri baten etengabeko bilakuntzan aritzea baino, atzean utzitako bide bertsutik segitu ala ez, baina, beti-beti- ezezaguna mendera dezakezula pentsatuz.

Argazkia: Zuriñe

otsaila 19, 2024

BESTE PLANETA BATEKOEN ESPERIMENTU TXARRA AL GARA?

 


Azken astean, bi gertakari izan dira, berriro ere mahai gainean betiko galdera jarri dutenak, ideologikoki eta psikologikoki orekatuta dagoen gizarte batean benetan bizi garen ala ez. Lehenik, bazkideen irabaziak helburu bakarrarekin zenbait politikari ohik sortutako eta osatutako aholkularitza enpresa batean Garzon ministro ohiaren sartu-irteteaz ari naiz. Bigarren gertakaria, Hitlerren ondoko gizona eta milioika judutarren erailketaren erantzule zuzena izan zen 
Heinrich Himmleren antzeko adierazpenak egin dituen autonomia erkidego bateko presidentearentzako bere koloreko talde politikoaren Parlamentuko txaloak dira.

Beren “lorpenengatik” kobratzen dutenen parte izateko nahia justifikatzeko Garzonen arrazoibidea goragale hutsa iruditu zait. Lekuz kanpokotzat ez ezik, batez ere duintasunik gabetzat jotzen dut, gizon horren orain arteko argazki positiboa bapatean negatibo iluna bihurtu izan balitzaigu bezala. Bestalde, bere presidenteari txaloak eman dizkion taldeari buruz, eta hemen ez da ezer gertatu!, gogorarazten dit lagun min batek esan ohi duena, gizateria beste planeta bateko adimen gorenen esperimentua garela; eta edozein egunetan itzuliko direla eta denok likidatuko gaituztela, gugandik izaki adimentsuak sortzeko nahian izan duten porrota dela-eta.

Argazkia: Ekain

otsaila 12, 2024

TRAKTORE GEHIAGO BEHAR DIRA


Traktorezaleen oldarrak ezer garbi utzi badu, politikoen hauskortasuna izan da.

Ez dut baloratu nahi matxinada indar erreakzionarioek edo nekazariak defendatzen dituzten sindikatuek eragin duten. Elementu mobilizatzaileari buruzko eztabaida lekuz kanpokoa iruditzen zait, garrantzitsua emaitza baita. Eta uste dut traktoreek lortu dutela, lehenik eta behin, zeharo alienatuta den gizartea bere lozorroan apurtxo bat deseroso sentiaraztea eta, bestetik, bere arau "globalizatuekin" mundua zurruntzea erabaki duen kasta politikoa izutzea. Itzalpean zirkuko hariak tiratzen dituzten planetaren jabeen morroiek beldur handia diote edozein mobilizazio antolatu kolektiboari.

Protestak sistema ekonomikoaren puntu ahulak ukitzen dituenean, gertaeren bilakaera, berehalakoa izateaz gain, aldaketa baten azeleratzailea izan daiteke, iraultzailea ez bada ere, eta eragin positiboa izan dezake protestaren eragileengan. Hau da, antolatutako protestaren aurrean status quo-ak dar-dar egiten du. Beti gertatu izan da horrela eta XX.mendea diodanaren erakusleiho izan zen, maila guztietan.

Gertatutakoa ikusita, munduko gizartea animatuko nuke traktore gidariak kontratatzera aldian behin kalera atera daitezen, munduan gosetea desagertzearen alde, bakearen alde, herri guztien garapen ekonomiko eta giza garapenaren alde, eta abar luzearen alde borrokatzeko.

Argazkia: EFE


otsaila 05, 2024

EZ DAGO IRTENBIDERIK

 


Susto handia hartu nuen herenegun, nahiz eta, ongi pentsatuta, topatuko nuela suposatu beharko nuen zerbait izan zen. Madrilgo auzo dotorean nengoen eta itxurakeriagatik arreta irabazi zidan eliza hark, batez bestekoa baino bizi-maila altuagoa zirudien hainbat auzokideren berotasunaz gozatzen zuen. Bi sexuetako kaietanoak tenplutik sartzen eta irteten ari ziren, bizitza mesedegarria izan zaiela zerakutsan ziurtasuna aurpegietan marraztua, gainerako hilkorrok ibiltzen garen aldeetara begiratu beharrik gabe.

Ez ninduen harritu aldarean zegoen bandera ori-gorriak, ezta —are gutxiago— une hartan eliztarrei zuzentzen ari zitzaien apaizaren hitzaldi zaharkituak. Bisitan nengoen, eta ez nuen ezer esaterik haren hitzei. Sartu izan ez banintz saihestuko nituzkeen berba pozoitsuak eta nire haserrea.

Baina nire harridura handia izan zen, Roucoren 2014ko erabakiaren arabera gaur egun basilika den tenplu hartatik atera nintzenean. Elizaurreko horma nagusian, eliztarrek arazorik gabe irakurtzeko moduan jarrita, plaka zegoen: “Jose Antonio Primo de Rivera, presente” 36ko gerran garaileen bandoan hildako zenbait kideri eskainitako bigarren plaka batekin. Eta ia-ia K.O utzi ninduena izan zen, izen haien arteko lehena Marcelino Oreja Elosegirena zela irakurtzeak.

Jaun andreok, ez dago irtenbiderik. Ez dago.

urtarrila 29, 2024

HERIOTZA DEITORAGARRIAK


Inork ezin du ziur esan, heriotza zigorraren betearazpena Kenneth Eugene Smithentzat heriotza-korridoreko egonaldiak 1989az geroztik suposatu dion tortura baino mingarriagoa izan den. Horri gehituta, erabilitako metodologia akatsa izan zela eta 2022an presoaren heriotza ezin izan zela eragin, egia da sentsibilitate apur bat duenak okagarritzat hartzen duela, Estatu Batuetako Auzitegi Gorenak, exekuzioa bertan behera uzteko eskaera baztertuz, hartutako erabakia.

Pertsona ororen heriotza bortitzak zigortua izan behar du; Inork ez du besteen bizitzari erasotzeko eskubiderik. Eta egiten duenak bere gain hartu behar ditu ondorioak... baina errudunaren heriotza eskatzea ere bizitzarako oinarrizko eskubidearen aurkako erasoa da. Hiltzeagatik hiltzea da. Eta exekuzio biek ez dute euren ekintza aldarrikatzeko gutxieneko duintasunik. Areago, justizia aplikatzearen ondoriozko heriotza, prozesuaren kausa gisa sortutakoa bera baino deitoragarriagoa dela iruditzen zait.

Hil baino minutu batzuk lehenago, Smithek esan zuen gau hartan Alabaman gizateria atzerapauso bat ematen ari zela. Presoa hiltzaile izan zela ahaztu gabe, berarekin nago bere adierazpenean.

Argazkia: New York Times

urtarrila 22, 2024

MUNDU ZORIONTSURIK EZ

 


Aldous Huxleyk 1932an “ Mundu zoriontsu bat” idatzi zuenetik samurragoa da gizakiaren gaineko azterketa kritikoa egitea. Etorkizunari buruzko metafora ilun gisa aurkezten den eleberri-bilbea iraganeko edozein garaitako pertsonari buruzko definizio egokitzat ere jo liteke.

Hautaketarako askatasunaren alde borrokatzen gara eta giza harremanetan independentziarekin amets egiten dugu, baina -Huxleyk azpimarratzen zuenez- independentzia, askatasuna ez dira propietate naturalak, baizik eta egoera onirikoak, eskuraezinak. Gizon edo emakume izatea inperfekzio multzo bat da, eta horietaz -paradoxak!- jabetu egiten gara, baina, hala ere, horiek gainditzen saiatzen gara... etengabeko eta betiko desengainu batean eroriz.

Mundu zoriontsurik ez dago, gizadia ez baita gai izan bere ibilbide historiko osoan askatasuna eta independentzia sortzeko. Gizabanakoek euren duintasuna - ametsetan sinesten duenaren kualitatea- baztertu dute ezer ezen truke. Eta Huxleyk jolastu egin zuen gu guztiokin, antropologikoki gugandik ezin dela miraririk espero baitzekien. Arrisku ekologikoa barneratu samarra dugun bitartean, egin al da inoiz galdera gizadiaren balizko porrotaz? Zein giza-kolektibotan lehenesten da pertsonaren erreskatea? Ez al da izango erantzuna ezagutzen dugulako?