Demokraziara 1977n salto egin zuten gainerako
guztiak bezain zaharra nauzue, politika partizipatiboan. Urte hartako ekainean zintzotasun
osoarekin hurbildu ginen hautestontzietara, gure botoarekin egoera politikoari
bestelako eite, ibilbide eta margoa emango geniolakoan. Ilusioa antzematen
genuen alderdietan. Berrogei urteren - bi belaunaldiren- buruan gauzak
desberdinak dira.
Enpresa munduan negozio asko desagertzen da
bi belaunalditako tartean. Ilusioz beteriko aitzindari ekintzailearen
ondorengoek pikutara bidal dezakete lantegia, utzikeria eta bizioz
jositako kudeaketa negargarria tarteko. Zanganoek langile-erleen dinamika bizia
gelditzen dute, erreserbetatik geratzen dena ahituz, eta enpresak ateak itxi
behar ditu. Bi belaunalditan gai ditugu negozioari requiescat in pace jartzeko.
Ez dira gauza egoera kalamitosoari buelta emateko eta langileen artean itxaropen
eta ilusiozko hazia lehortu egiten da.
Politikaren munduan antzerako prozesua ematen
delakoan nago. Zanganoek eragotzi egiten dute berrikuntza, euren ezintasunaren
erantzukizuna auzokoari leporatzen dioten bitartean. Ez dira konturatzen
beraiek direla arazoa. Berrikuntzarik gabe ez dago aurrera
egiterik. Eta horren ondorioz hautesleok - hiritar arruntok- gara kaltetuenak, geu baikara katearen begirik ahulena. Euren sistemetan,
metodologietan, produktuetan eta - azkenean- langileen ontasunean inbertitzen
ez duten enpresak ixtera daude kondenatuta. Berdin-berdina alderdiekin: buru-esklerosiak hondamendirik ikaragarriena zabal dezake bi belaunalditan. Eta orduan alderdiak ateak
itxi egin beharko lituzke.
popatik hartzera.....denak
ErantzunEzabatu