Aitortzen dut gaztea nintzela autolaguntzarako
liburu bat erosi eta irakurri nuela. Bai, badakit hori ez dela bekatu baina
egungo perspektibatik begiratuta, arina den arren hustzat daukat bizipen
hura nire kontzientzian.
Hasi beharko nuen adierazten liburu
guztiak irakurlearen laguntzarako daudela eginda, modu batean edo bestean
energia ematen baitute, zeinu eta intentsitate desberdinekoa bada ere. Baina,
behintzat niri iruditzen zait, autolaguntzarako autodefinitzen diren liburuak
jatorrizko bekatuarekin jaiotzen zaizkigu, sortzeko unean bertan markatuta.
Nik hamazortzi urterekin erosi eta
irakurri nuena Dale Carnegie amerikarraren "Cómo hacer amigos e influir en
la gente" izan zen. Ordurako metodoaren asmatzaile dolarretan milioiduna
betiereko deskantsuan zetzan, lur planetan utzitako hilkorrok adiskide eta
adiskidetasuna hitzekin jolasten ginen bitartean.
Urteen eskarmentuak diostanez, ordea, adiskide eta adiskidetasuna ezin da buruarekin
mugatu. Askoz gehiago da. Gaurko koordenadetara eramanda, adibidez, Facebookeko lagun
guztiak ezin daitezke adiskide izan. Eta hiru ehun orrialdetan adiskideak
nola egin sartzerik balego pikutara joango litzateke pertsonaren nortasun
erakuslerik bikainena: bihotzaren deiari segitu ahal izatea. Eta adiskideak bihotzekoak dira, ala ez dira adiskide izango.
Argazkia: JMVM
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina