Ohituta gaude albiste txar eta
desmoralizanteak irakurri, entzun eta ikustera. Nik ere, txoko honetan, kantxa
zabala ematen diet soslai negatiboko berriei, zabalegia agian, eta batzuetan
damutu egin naiz, inguratzen gaituen munduak irribarrerako aukera gutxi
eskaintzen dituela ongi barneratua dudan arren.
Gauza jakina da osasunak ez duela espaziorik
saltzen medioetan. Tragediak eta iluntasunak askoz ongarrituagoak dituzte
albistegietako titularrak eta horiekin elikatzen zaigu etengabe, gero eta
desinformazio sakonagotik.
Baina arretaz begiratzen badiogu inguruari,
itxaropentsuak izateko arrazoiak badirela aitortu behar dugu. Gure gizartean
dena ez da kolore grisekoa eta errealitate koloretsua ere antzeman daiteke
zenbait perspektibatik begiratuta. Adibidez, gazte mordo bat bere etorkizuna
prestatzen badakiela erakusten ari zaigu eta horrek pentsarazten dit azken
berrogei urteotan ondo ere egin dugula zerbait.
Euskal gizartearen
konportamentu seinaleak intentsitate eta zentzu desberdinetakoak diren arren,
nik artilunetan argi gehiago ikusten dut eta aldeko sentsazio horrekin geratzen
naiz. Baikortasunetik bakarrik egin daiteke aurrera eta urrats sendoak emateko
gure herria inoizko plataformarik hoberenaren jabea da. Itxaropen osoa daukat
atzetik datozenengan.
Argazkiak: Tere Anda
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina