Ohiturak mende askotakoak direnean gauza
serio batez hitz egiten ari gara. Bizi garen gizarte superarinean ekimenen bat
bizpahiru aldiz errepikatzen denean ohitura bilakatzen dela esan ohi zuen nire
adiskide batek. Eta hirutik aurrera emanez gero tradizioa bihurtzen dela,
automatikoki. Abiadura kontrolaezinaren ondorioak dira horiek, aldakuntza
sistematikoaren apoteosia.
Gaurko koordenada horietatik nola deitu
beharko genioke seiehun eta hirurogeita hiru urteko ekintza bati? Auskalo!
Horrenbeste urte dirauen edozein elementuri errekonozimenduzko aitorpenak egin
beharko litzaizkioke edozein tokitatik begiratuta, iraupenak berak elementuak
zerbait on baduela adierazten baitu.
Arrasateko Santamas feriak 1351an ditu
erroak ongi sustraituta eta oraindik ere bere gerizpea eskaintzen du,
hastapenetako hiru egunetatik gaurkoa bakarrik geratu zaion arren. Aldatu egin
da testuingurua, aldatu zaigu gizarte konportamendua, bilakaera sakona erakutsi
du giza mosaikoak ... Baina berezko bere nolakotasunetan aurrera segitzen du
feriak, azken finean hiritarron kolektiboak aingura animikoari eusteko premia
baitu, beste kontsiderazio askoren artean.
Arrasateko kaleak jendez beteko dira gaur,
auskalo zeren bila eta zeinen deira. Izango al du zerikusirik fenomeno horrek
oroimen katartikoarekin? Jatorrira itzultzeak buru, emozio eta izpiritu
garbiketa suposatzen du eta gutxienez urtean behin horren erritoan murgiltzen
gara.
Argazkiak: JMVM
SANTAMAS JAIEI BURUZ ZERTXOBAIT GEHIAGO
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina