BILATU

urria 26, 2020

BIZITZAREN ALDEKO LANTEGIA


Badirudi gauzak serio jarraitzen duela. Eta egoerak berriro pentsarazten dit  ez garela kontziente izan izurritearen garroen indarraz eta ostera aiene erraldoi berri batean gaude sartuta. Ziur nago idazten ari naizen uneko zirkunstantziak ekarpentxo hau irakurri orduko larriagotu egin direla. Joerak begitarte iluna darakuskigu eta ez gaude jaietarako, inolaz ere.

Nora garamatza osasun krisi honek? Begira, ez al dugu beti predikatu osasuna izanez gero gainerako guztia berez emango zaigula? Ez al dugu ohean gaixo gaudenean promes ugari egin behin suspertuz gerorako? Krisi guztiek, txikitxoena izanik ere, aurpegi zurbila daukate, gorputz eta izpirituan beldurra sartzen digutena. Osasun krisiak aukerak ematen ditu sendabiderako... baina horretarako bide horren bila atera behar da. Krisi denik ukatzen bada edo bizkarra ematen badiogu, amaraunean preso segituko dugu, eta gehienez jota txiripaz aurkituko da bidea. Ordurako kasurik gehienetan jantzi urratuak eta zizta pozointsuak jasango ditu pertsonalak bere gorputz eta izpirituan... Ondorioz bizimodu arrunterako plataforma zizko eginda egongo da, sozial eta ekonomikoki.

Sendabidea bilatu nahi izanez gero, beti izango dugu susperraldirako indarra. Bizitzaren aldeko lantegian gabiltza eta.

 

Argazkia: Ekain

 

urria 19, 2020

ZIGORRADAK MEREZI DITUGU


Denok ordainduko genuke zoritxarreko izurrite honi amaiera noiz emango zaion jakiteagatik. Ez naiz epidemologoa eta banintz ere ez nindukezue salbuespena izango, osasungintzaren munduko profesionalei bezala, neuri ere ihes egingo bailidake erantzunak. Farmazia-industria berebiziko dirutza inbertitzen ari da sendabidearen bila, txerto baten esperantza eskandalagarrian, eta helmugara lehenen agertzen denak milurteko irabaziak erdietsiko ditu, ad maioren korporazioaren gloriam.

Neurri berriak indarrean, lehengo beldurrak airean; eta hiritargoak egoeraren gaineko gutxieneko ideiarik egin gabe segitzen du, ahalmenak eta ezinak nola koka ditzakegun asmatu barik. Erdi Aroko pandemien aurrean erlijio-kofradiak ugaldu ziren gurean, batzuek San Roke besteek San Alejo edota Santa Katalina zituztelarik ezinen aldeztaileak. Horretara ailegatuko al gara?

Irudi arkaiko horrek itaunarazten dit zerbait ikasi ote dugun gizalditan zehar. Bekatu berdinen lakioan erori al gara? Betiko itsukeria eta hertsikerian jarraitzen al dugu? Nire ikuspuntutik, ez dut uste gu bekatariok infernuko zigorrarekin kondenatuko gaituzten ... baina norbaitek zigorrada eredugarriak eman beharko lizkiguke, gizadi osoa arriskuan jartzeagatik. Ezetz?

Argazkia: JMVM

urria 12, 2020

HORRELA MINTZO ZEN ZARATUSTRA

Roberto Calvo Izagirre Facebookeko lagunak gogoratzen zuen lehengoan Gabriel Aresti zenaren idazkiño bat, 1961ean Joxe Azurmendi filosofo eta pentsalari euskaldunari igorria. Besteak beste zioen bilbotarrak: “Ni gauza guztien gainetik euskaldun abertzalea naiz...Lastima da aberrietan sinesten ez dudana”

Hirurogeietako hastapenetan ni ere abertzalea nintzen -hori bai, etxez barrurako jokaera ezkutuan- baina ez euskaldun. Horixe falta zitzaidan Arestiren maila identifikagarri bertsuan jartzeko. Aberrianotzat har ninduketen, beraz, ziurrenik garaiko giro politiko kulturaleko fruitu arrunta. Aresti rara avis handia zen. Gero “Honela mintzo zen Zaratustra” irakurri nuen eta grabatuta geratu zitzaizkidan Nietzscheren lan eder horretako lehen esaeraren hitzak: “Eta hogeita hamar urterekin abandonatu zuen bere aberria eta bere aberriko aintzira, eta mendietara alde egin zuen”

Ni ere poliki-poliki abertzalearen janzkera dirdiratsua ahazten joan nintzen, eta euskaldunen mendietara jo nuen arropa berriaren bila. Ez nuen gauza dotorerik behar, negu gordinetako hotzetik babesteko balioko zidanaz gain. Zaratustra baino goiztiarrago ibili nintzen ni, hogeita bi urterekin alde egin bainuen euskararen malda neketsuetara, baina inportanteena ez da hori, baizik eta Nietzschek supergizontzat aurkeztutako Zaratustra ez bezala, ni euskaldun arrunta naizela, euskara aberrian. Ia-ia Aresti bezala.

urria 05, 2020

ZUZENBIDEA EZ DA BIDE ZUZENA

Torra gaitasungabetua, justiziaren erabaki ulergaitzarengatik; ulertzeko zailtasuna legea idatzi eta interpretatu zutenei egotzi behar zaie, noski, eta ez legeak epaitzen duen objektuari. Rodrigo Rato ebazle narru sendoa aske geratu da, justiziaren arabera deliturik egin ez zuelako, nahiz eta legeak epaitzen zuen objektuaren bidez politiko ohia modu zikinean aberastu zen. Altsasuko gazteak, Gurtel, Villarejo, ... Eta abar.

Legeek ez dute giza kolektibo osoaren eskubidea babesten. Hori axiomatzat har daiteke zuzenbidearen sorkuntza teoriko eta aplikazio praktikoa inbentatu zenetik. Nolako politiko halako legea, besterik gabe. Soziologikoki, justiziak jokoa egingo dio gobernuaren kirtena darabilen giza taldeari, politikoak izan ala ez, gobernuaren atzetik denetariko presio-jarioak izan ohi baitira, ekonomiko, militar, erlijioso eta abar.

Hiritargoa defendatzea helburu izan beharko lukeen gobernuarentzat legeak instrumentu bat dira, eta ordenari euren eitea emateko erabiltzen dituzte gobernariek, bidean zenbat hilotz geratuko diren bost axola dielarik. Aequalitas ante legem? Bai zera! Beraz, ba al da zer egiterik sortzez zikina den zuzenbideko estatuaren baitan? Nik ez daukat erantzuna.

iraila 28, 2020

MALDAN GORA KANTARI


Iraila aurrera doa, patxadaz niretzat, lan saritu batek goza dezakeen lasaitasunean abandonatua. Eguzkia beranduago jaiki eta mendi tontorretatik haratago oheratzerakoan lehenago agurtzen digula birfrogatzen dugu sasoi honetan, ziklo berri bat hastear dagoela ohartuz. Eta betiko hamaika irudi helezin agertzen dira gogora, mugatasun eta muga gabeko infinitasunaren arteko marra ikusezina seinalatzen dutenak. 

Eta goizeko ihintzak botak bustitzen dizkidala, zelaitik gora Nana Mouskouri datorkit laguntzan, “Try to remember” ederra xuxurlatzen didala, eta hegan egiten dut hamaika mugarritan pausatuz. Bazter berdinetako argazkiak ageri zaizkit supituki, nire hamarretan, hogeietan, berrogeietan,... hirurogeitamaikatan. Eta jabetzen naiz jauzi egin dudala bizitza ametsak bata bestearen gainean nire burukoan pilatzetik eguneko errealitateari fermuki heltzera. Urrutiko irailetako zuhaixka berdeak horiz tindatu dira eta orduko bide zabalak estutu egin zaizkit.

Baina aurtengo iraila ere ederra delako maldan gorako ahaleginari eutsi diot, bidexka berriren bat aurkituko dudalakoan, Nanarekin kantari.
 
"Try to remember"
 

Argazkia: Tere Anda

iraila 21, 2020

BANANA-MONARKIAK DIRELA ETA


“El rey, la concubina y un país perplejo” titulatzen zuen lehengoan bere kontraportadan Gipuzkoan gehien saltzen den egunkariak. Beste bat! esan nuen nirekiko, borboiari buruz ariko zelakoan. Baina erreportajearekin zekarren argazkiak ez zuen zerikusirik espainiarrei ihes dabilkien pertsonaiarekin eta, beraz, idazki haren irakurketari lotu nintzaion, munduko beste banana-monarka hura zein zitekeen jakin min.

Tailandiaz zihoan gauza, sexu-turismoarengatik ospetsu dugun lurralde bitxi hartaz. Eta kazetariak tailandiarren errege patetikoa erretratatzen zuen bere ekarpenean, munduko gauzarik harrigarriena balitz bezala. Tituluak adierazten zuen moduan, tailandiarren erregea bere sexu-lizentzia eta gastuetarako esku okerrarengatik nabarmendu da tronua aitarengandik errezibitu zuenetik, bat ere axola ez diolarik bere mendekoen egoera negargarriak. 

Irakurtzen amaitu nueneko hausnarketatxoak bi ondorio aurkeztu zizkidan: zer erreza zaigun urrutiko bekatuaz jardutea, hurbilekoak ahazten ditugun bitartean, alde batetik; eta bestetik, Espainiakoaz gain banana-monarkia gehiago ere badirela, Jainkoaren graziarengatik.


iraila 14, 2020

AMA BIRJINA ENTZUNGOR?


Itxura guztien arabera, Ama Birjinak ez dizkio babak eltzetik ateratzen Gorkari. Eta horrek - Marianoren aginduetara, antza- bide ezkutuetara jo behar izan zuen, berezkoa duten giro kakaztu eta zikinetik. Gorra al da Oinazetako Ama Birjina ala Gorkak ez du harengan fede nahikorik jarri? 

Jorge Fernandez Diaz, Mariano Rajoy, Luis Barcenas, Avilako diputatu xehea eta euren sokako asko eta asko ustelkeriaren besoetara bota ziren egun batean eta kakak gainezkatu zituen. Gero kaosa izan zen euren artean eta izutu egin ziren. Bibliak, ordea, beste modura dio, lehen-lehenik kaosa izan zela eta Jainkoak ordena ipini zuela unibertsoan. Beraz, ez da harrigarria Oinazetakoak entzungorrarena egitea peperoen paper salagarri arriskutsuak aurki zitzan irisarazi zioten erreguari, nahiz eta Gorkak dominarekin engainatu nahi izan zuen. Ama Birjinaren begietara popularrak ez bide zebiltzan zuzen.

Eta Ama Birjinak konpondu nahi izan ez zuena, Villarejoren esku utzi zuten eskuineko ustelek. Ba hori, kaosa.