BILATU

ekaina 16, 2014

ARGAZKIEKIN GOZATUZ


                                                         

Txinparta koloretsuak pizteko gai den liburuak miraria jaioarazten du. Jakina, biren gauza da liburuetako ondorio miraritsua eta irakurlearen aldeko jarrerak osagarria izan behar du, efektua gauzatuko bada. Ez dago erreakzio magikorik bi elementuen arteko bat egiterik gabe.

Zaila da liburua eta irakurlea emoziozko katea oso baten bitartez lotzea. Are zailagoa sentsazio etengabea gauzatzea. Horregatik  emozioak erresorte ezkutuak behin eta berriz mugiarazten dituenean,  une sinestezinak bizi dira.

Astean nire baitan miraria sortu da:  irudimenezko ildoetatik bidaiatzea ahalbidetu dit liburu batek iraganeko irudi errealen bitartez. "Mondragoe beirazko plaketan" dio tituluak eta argazki zaharretako bilduma ikaragarri ederra aurkezten digu AZE-k editutako liburuak. Herriko Mendia sendiaren XIX. mendeko altxor ezkutua atera dute "azetarrek" argitara eta gainean ditugun sanjuanetan erreko diren su artifizialek ez dute gaindituko argazki bilduma honek nigan behintzat  piztutako kolore sentsazio deskribaezina. 

Esker mila Mendia sendiari,  argazkiak egiteagatik; Antxon eta Mariri, hamarkadetan zehar euren etxean gordetzeagatik; Eusebiori tarteko lanarengatik; eta AZEko lagunei ... bilduma denon eskuetara iritsarazteagatik. 

ekaina 09, 2014

EL JUEVES ERE BURU MAKUR



Oasi txiki bat genuen El Jueves. Eguneroko albisteen atzealdeko aurpegia antzeman genezakeen asteazkenetan publikatzen den aldizkari satiriko eztengarrian. Baina iragan asteko zenbakia beranduago kaleratu zen, aldizkariaren jabea den RBA argitaldariak azken unean portada aldatzea erabaki zuen-eta. Zergatik? 

Zarzuelako jauregiko maizterren borondateak maneiatzen dituztenei ez bide zitzaien gustatu portadan ikus zitekeena: semearen burura koroi kirastua igarotzen ari zen aita. Eta zuzeneko bidea hartu zuten monarkiaren defendatzaile sutsuek: RBA mehatxatu, auskalo nola eta zerekin. Ondorioa: kaleratzear zegoen edizioa erretiratzea. Hau da, adierazpen askatasunari beste ostikada  bat ematea erabaki zuen enpresak.

Zarzuelako koroia ez ezik gortinak, altzari eta tronuko gelaren tximinia bera ere ustelkeriaren ukituaz apainduta daudela errealitate borobila denean, egia ezkutatzea al da bidea? Gertatuko al da, Franco jeneralarekin bezala, laster historiako liburuetan borboia demokraziaren paladintzat hartuko dutela? Astean komunikabide "serioetan" azaldu denari erreparatuz horretara eta gehiagotara ere prestatu beharko ginateke. 

Baina itzul gaitezen El Jueves-era. RBAren  deliberamenduak  aldizkariaren orain arteko  independentzia-izpia amatatu du. Mehatxupeko erabakia izan den arren, askatasunezko errainu duin bakarrenetakoaren amaiera iritsi delakoan nago.  Eta aurrerantzean informazioko desertuan oasi gutxiago izango dugu, hots, askatasunaren egarria asetzeko iturri egoki gutxiago.

ekaina 02, 2014

BILDERBERG? EZ, ESKERRIK ASKO



Posible al da ekonomia-garapenerako modelo berri bat? Ezinbesteko galdera, bai jauna, gabiltzan zurrunbilo zoro eta zorabiagarritik bizirik atera ahal izateko. Horregatik da erantzuna merezi duen galdera. 

 Han eta hemen, ipar eta hegoaldean, alarma eta ardura piztu ditu globalizazio orojaleak jaioaraziko lurrikarak. Enpresa eta korporazio multinazionalek politiko eta gobernuen borondatea erosi dute prezio merkean eta zeharo libre ari dira euren estrategia esklabistak ezartzen, kontzientzia sozial pixka bat duen edozeinen harridura-ahalmena gainezkaraziz (Ikusi al duzu zertan amaitu den Felipe "Isidoro" konpañeroa?) 

Haztearren hazteak ez du  aurrerapenik sortzen. Hiritarron ongizatearekin batera joan behar du hazkundeak. Eta horrek behartzen gaitu ekonomia-modeloa pertsonarenganantz zuzentzera. Non dagoen formula? Izan bada. Baina nola lortu hartaraino heltzea? Nor bere jokaeran erantzule izatearekin, ziur. Ustelak politikatik erauzteko  bideak presta genitzakeela erakutsi berri den bezalaxe,  ekonomian ere argia ikus genezakeelakoan nago. 

Munduko oligarkia – Bilderberg deritzan kluba- Kopenhagen bildu da iragan asteburuan, beraiei komeni zaien ekonomiak zein nolako bide errekorritu behar duen aztertzeko. Oligarkia horrek ematen dio egun aire demokrazia deitzen dutenari eta emaitza begi bistakoa dugu. Bada, hain justu muntaia horren kontrako formulatik bakarrik  etor liteke benetako aurrerapen iraunkorra. Azken hogeita bost urteotan itoarazi gaituen modelo espekulagarria hankaz gora jarri behar da, planeta honek etorkizunik izango badu. Ahal dugu, bai!

maiatza 26, 2014

ESPERANZAK ZERBAIT DAKI



Zerbait daki Esperanza Aguirre peperoak nahiz eta ez duen pista handirik eskaini. Zerbait dakiela diot, terrorista bailitzan tratatu dutela aitortu berri baitu "auskalo nork finantzatu dituen" hauteskunde sarao horietako batean. 
Bere hitzek traizionatu dute -ai, isilik baleude!- terroristei komisaldegi eta espetxeetan zein nolako tratamendu ematen dieten badakiela argi utzi baitu, berari eskainitakoa antzerakoa izan dela haizatzean. 

Beraz, Esperanzari airera egindako tiroak, jipoia, hirurogeita hamabi ordutako inkomunikazioa, bainuontzia eta abar aplikatu dizkiotela ondorioztatu beharko genuke bere hitzetatik. Hala deritzait bederen niri. Beraz, horrela bada, ez da harrigarria ministro, presidente eta senatore ohiak bere borreroetatik beldurrez ihes egitea, egin zuen bezala. Nik berdina egingo nuen. 

Baina ezezkotan nago, ez dut uste Aguirre andre txit gorenak bere gorputz eta gogoan ustezko terrorismoari egokitu ohi zaizkion metodoak pairatu dituenik. Ezta urrik ere!  Eta gogora dezagun metodo horien kontra ez duela kondesa dirdiratsuak inoiz bere ahotsa altxatu, beste norbaiti aplikatu zaizkiola frogatu denean. Ezta nazioarteko erakundeek praktika salatu dutenean ere. 

Ba al dakizu zein den terrorista, Aguirre andrea?  Gizartea beldurrarazteko bitarteko deitoragarriak erabiltzen dituen pertsonaia, hain justu. Gezurra barne, jakina. Eta zure moduko gizakiengandik ez dut espero, ponteko izenak eskaintzen ez dizun itxaropen izpi txikiena ere, gezurti eta tranpari borobila baitzara. Higuingarria. Terrorista.

Argazkiak: www.madrid.org; alertadigital.com

maiatza 19, 2014

EL PAIS ERE BAI…




Eskuma alderako El Paisen deriba kezkagarria ez ezik argigarria ere gertatu da. Aspalditik zetorren editorial iritzi-moldearen norabidezko aldaketa eta azken hilabeteotan zeharo definitu du bere enfokea, erabakiak har ditzakeen klase politikoa eskumako teoriarekin (eta praktikarekin) lerrotu dela jabetuta. 

Sintoma garbia, beraz, inoiz ezkerraren erreferente izandako medioak etorkizuna non dagoen ikusi duenaz. Europa - bozkatzera joatea eskatzen ari zaigun Europa politikoa- eskumaren besoetara bota da, eta mamutzar administratibo horren sostenguan ezinbesteko pieza pasiboak bilakarazi gaituzten hiritarrok ergel aurpegiarekin segitzen diegu jokoa politiko lotsabakoei, gero eta jipoituagoak garen arren. 

El Paisek - editoriala merkatal iragarpenekin egokitzen duen enpresak- barometro balitz bezala zerbitzatu digu Europaren geroa: ez da zerumugan ezker planteamenduetarako aukerarik igartzen. Presta gaitezen, beraz, ibilaldi luze, neketsu eta garestirako. Gizarte iraultza ez da egingo El Paisen orrietatik. Egia esan, egunkari horren xedeetan ez da inoiz beste asmorik izan, aldeko haizeen eraginez patrika gizentzea baino. Urtetan balizko aukeraren balantzan kulunkatu da, maisuki. Eta orain, itxura denez, jatorri bakar batetik datoz haizeak, epe ertainean aldaketarik sumatzen ez delarik.

A! Igandean europar hauteskundeak ditugu. Nori eman botoa? Zuk aukeratu (nik egin dudan bezalaxe)