BILATU

otsaila 27, 2023

METEOROLOGOAK

 


Telebistan meteorologoak ikusita, sarritan galdetzen diot nire buruari ea benetako gizakiak diren edo robot humanoide bertsio baten antzeko zerbait. Harritu egiten naute paperik gabeko beren erretorikarekin, lortzeko gai izango ez nintzatekeen modukoak. Isobaretatik tenperatura minimoetara, edo satelite-irudietatik marea-tauletara jauzi egiten dute izerdirik bota gabe, askotan ikusleari helarazi nahi zaion diskurtsoari jarraitzeko aukerarik eman gabe.

Gainera, Mariano Medinaren eguraldi-saio laburrak gogoratzen ditugunok egiazta genezakeen bezala, eguneko formatuen hamar-hamabost minutukoak amaiezinak iruditzen zaizkigu. Denetariko informazioa ematen zaigu, eta ia-ia iritsi gara errainu katodikoen bitartez gure auzoko txoko jakin batean dagoen tenperaturaren berri ezagutzera. Apartekoa iruditzen zait publikoak meteorologia bezalako gaien berri edukitzea. Hori hobe da, adibidez, edozein kirol-telenovela blaugrana-kolonbiarren irudietako arrosarioa baino.

Baina esan nahi nuena da, ezin ditudala buruan gorde komunikazioko munstro hauek egunero eskaintzen diguten informazioaren xehetasunak oro. Txapela kentzen dut,  ordea, gure bizitza apur bat jasangarriagoa egin nahi diguten profesional horien aurrean, gehienetan ezertarako balio ez digun datu-jarioarengatik. A! Eta gainera, euren iragarpenetan okertzen badira ere… biharamunean hantxe edukiko ditugu, zintzo-zintzo, gure bizitzaren espazio amankomunean. Eskertzekoa.

Argazkia: eitb

otsaila 21, 2023

EUGENIO OTSOA “GERRA”


Ez dakit non egongo zaren baina, ziur, iritsi zaren toki hori hankaz gora jarri nahi izango duzu, zurekin dauden guztion ongizatea haz dadin,  infinituraino. Ez zaitut beste moduan ezagutu. Bultzatzen, sortzen, diseinatzen, giza taldeak animatzen eta lorpenekin gozatzen. Horixe izan da zure goiburua beti, eta iragan mendeko lehen hirurogeita hamarretan elkarren berri izan genueneko uneetara heltzen naiz baieztapenarekin.

Ezin dut bururatu, bizitza honetan, zure gogoko Euskadi honetan zehar zure igarobidearen gain esan dezakedan ezer originalik.  Hain handia izan da txikitatik bereganatu zenituen ideal horiei egindako dedikazioa, non ezinezkoa zait zure ahalegina inbertitu zenituen ataletako bat bakarrik nabarmentzea. Borrokalari kolosala izan zara. Ez zenidan inoiz esan nondik ateratzen zenuen hainbeste kemen eta arnas, bata bestearen ondoren  etengabe aurkezten zitzaizkizun egitasmoetarako. Baina nik banekien: zure kontzientziarekiko konpromiso sakonean.

Hemen utzi dituzun milaka lagunetako bat besterik ez naiz, aurrerantzean zu gabe ezer ez dela berdina izango badakigunok. Edozein premia estaltzeko luzatutako esku hori galdu dugu. Zure ikasgaia geratzen zait, ezbeharrei aurre egiten jakitea - zein adibide eman diguzun fisikoki betiko banandu gaituen azken horrekin!- eta horri eutsiko diot borrokan jarraitzeko.

Eskerrik asko Gerra, bihotzeko adiskidea. Agur eta ohore!!!


Argazkia: Jose Felix Diaz de Tuesta

Bideoa: JMVM

otsaila 20, 2023

MEMORIA HISTORIKO DESBERDINAK

 


Kasualitate hutsez bi informazioa egun berean iritsi zaizkit. Eta hausnarketa ugarirako eman didate, nahiz eta nolabaiteko arrazonamendu ahalmenarekin bizitzara jauzi egin nuenetik nire barnean dauden pentsamendu berdinak diren. Esan nahi dut, duela hamarkada batzuetatik.

Polo biren ordez anitz dituen gizarte batean ibiltzen jarraitzen dugu. Hain da askotarikoa mugitzen garen giza masa, non era guztietako agerpenak aurki ditzakegu, horietako asko kontrako norabidetan hazita, eta ezer aldatuko ez den itxaropenik gabe, ia dena estaltzen duen denboraren joana markatzen duen erlojua izan ezik.

Adibidea jarri nahi dut: alde batetik, argazkiko plaka Espainiako eliza baten atartean. Espainiarrak gorrotoaren paroxismoraino eraman zituen gerra baten sortzaileak goratu eta ondratzen dituen agerbidea dugu,  denboraren joanak oraindik berarengandik arrastorik utzi ez duen testigantza deitoragarria.

Bestetik – ez nuen lerroalde berdinean idatzi nahi- eta kasuko izena jartzearren,  Jose Antonio Urionabarrenetxea Isasmendi arrasatearrarena. Fusilatua izan zen 1936an. Sendiak hamarkadak daramatza gizon haren exekuzioaren gaineko “arrazoien” bila. Honako hauxe da berriki Burgoseko Lurralde Militarraren 43. epaitegi militarretik jasotako idazkiak zioena:

"Nire esku dauden inbentario guztiak bilatu ditut, emandako informazioak ematen dituen aukera guztiak kontuan hartuta. Testuinguruari buruz gehiago jakiteko eskuragarri dagoen bibliografia ere kontsultatu dut. Guztiak adierazten du epaiketaz kanpoko exekuzio kasu bat dela eta, beraz, guk gordetzen ditugunak ez bezalako espediente judizial bat osatu zen”

Urionabarrenetxea Isasmendi – beste milaka kasuren antzera- ez zen existitu goiko argazkiaren plaka jarri zutenen moduko espainiarrentzat. Eta goikoen izenak harrizko xaflatan zizelkatu ziren bitartean, desagertutakoenek euren ondorengoen bihotzetan bakarrik irauten dute.

Argazkiak: JMVM

otsaila 13, 2023

BI PERTSONAIA EGILE BATEN BILA

Urte hasieran Abu Dabiko jauregi batean; telefonoa entzuten da.

- Bai, esan. Emeritoa naiz...

- Juanito! Mario nauzu, Vargas...

- Mariete! Aspaldiko! Zer moduz?... Esan didate Isabelekin hautsi duzula. Emakume hori maite dudanarekin...

- Ez hasi, Juanito, ikusten zaitudala...

- Lasai! Gazteagoak ditut atsegin, je-je... Baina, esaidazu, zer dela-eta zure deia?

- Parisera gonbidatu nahi zaitut, Frantziako Akademiako kide izendatu naute eta zeremonian nire ondoan eduki nahi zintuzket.

- Zenbat? Badakizu, ni ez naiz dietarik gabe mugitzen.

- Gai hori ez daramat nik, protokolokek baizik. Baina galdetuko dut eta eurek erantzungo dizute.

- Eta Akademiako hori zer da, ba?

- Espainiakoaren antzera...

- Ez aipatu niri Espainia! Ez naute maite...

- Banaka batzuek bai, Juanito, eta nik asko. Horrexegatik nahi zaitut nire alboan eserita. Eta, arren, agindu baietz, han egongo zarela. Dotore egongo naiz, soineko ikusgarria jantziaraziko didate, ezpata eta guzti...

- Nik eraman dezaket eskopeta,... je-je … elefanteetakoa.

- Zu zara, zu…!

 

Aste batzuk geroago Parisen.

- Oso gazte ikusten zaitut, Juanito.

- Zu ere ez zaude bat ere gaizki. Eta zer ordutan da hitzaldia? Badakizu... loak hartzen banau jo nazazu ukondoarekin, edo eztula egin. Gogoratzen al duzu Cervantes saria eman genizunean nola geratu nintzen? 

- Roke!

- Niri zezenak gustatzen zaizkit gehiago... eta ehiza... denetarikoa! Je-je... Hor ez naiz aspertzen, je-je...

- Bakarrik etorri al zara?

- Ai pillin! Dena jakin nahi duzu...! Rollo hau amaitutakoan ezustekotxo bat daukat zuretzat.

-  Ixo!… Patrizia ere etorri da-eta. Adiskidetu egin gara… Badakizu, Isabel ez zegoen prest... eta norbaitek zaindu behar nau zahartzaroan! Zuk ere Sofiarenganako zubia konpondu beharko zenuke…

- Kita, kita!… kutxa gotorraren giltza daukadan bitartean…

- Baina ez zara orain Parisen ostera gonen dantzan hasiko, ezta?

- Trankil Mariete…beste oparitxo bat da ekarri dizudana.

- Zer detaile!

- Ez hainbeste! Gure artean, prezioan sartu dut.

- A! Horrela bada...

- ,,,

otsaila 06, 2023

ERRIDIKULUA, RAMON, ERRIDIKULUA


Egun hauetan Ramon Tamamesen izenarekin batera komunikabideetara azaltzen ari diren gehienak ez bezala, ez nuen gaztaroan aipatu katedradunaren Espainiako Ekonomia-egitura deritzan liburua irakurri. Baina trantsizioko lehen une haietan Tamamesen nortasunak zertxobait erakarri ninduela aitortu behar dut. Ez ninduen harritu, ordea, Carrilloren zirkuluarekin hautsiz, EPKtik Suarezen CDSra igaro zenean, uste baitut pertsona guztiok bizitzaren alderdi guztietan definitzen dugula gure burua, ibilbideko etapa guztietan aurre egin ahala. Tamamesekiko nire 
arreta hain txikia izan da azken urteotan, zein politikoki zertan zebilen ere ez dudala jakin, oraintsu arte.

Eta gauza ez da Voxeko ordezkari izatea onartzeak goralerik sorrarazten didanik; lehen esan dudan bezala pertsonaren askatasun indibidualean sinesten dut, eta beraz katedradun ohiak berak nahi duena egin dezake bere buruarekin. Abascalen ad maiorem gloriam urkatu nahi dela? Aurrera!

Baina erridikuluaren kontzeptua aipatu nahi diot komunista ohiari, edozeinen duintasuna printzatu egin dezakeen faktorea. Horixe bakarrik. Edozelan, nahi duena egiteko librea da.

Argazkia: https://revistaregistradores.es/ramon-tamames/

urtarrila 30, 2023

EUSKARAZ IRAKURTZEN

Duela gutxiko mintzaldi batean euskal literaturaren ikerlari batek adierazi zuen azken berrogei urteotan izandako bilakaera aurreko historia osokoa baino askoz ere ikusgarriagoa dela. Hizlaria adineko pertsonei zuzentzen ari zitzaien, eta horietatik ehuneko oso txiki batek bakarrik esan zezakeen inoiz euskaraz zerbait irakurri zuela, Aita Gureaz aparte.

Ikerlari horren gisako baieztapenak topiko bilakatu dira gurean. Noski ekoizten dela nabarmen liburu gehiago inoiz baino; baina gakoa ez datza horretan, irakurleriaren erantzunean baino. Hezkuntza arautuko plangintzan ikasleak irakurtzera behartuta dauden tituluetatik at, zenbat irakurtzen da? Irakurri idatzi dut, eta ez erosi. Portzentualki, duela bost hamarkadatako eta oraingo irakurle euskaldunon artean kopururik handiena zein multzotan dagoen gustatuko litzaidake jakitea. Agian ustekabea eramango genuke.

Liburuekin ematen den joeraz bestaldekoa da, ordea, kazetaritzakoa. Argi markatzen du horrek goranzko norabidea. Arrazoi desberdinak ditugu bilakaera positiboan. Alde batetik kopurua, Zeruko Argia ia bakarretik ehunka aldizkari eta egunkaritara igaro baikara, paper eta digitalean. Bigarrenik hurbiltasuna, beti baita erakargarriagoa, demagun, auzokoaren gaineko albistea. Eta hirugarrenez - badira zio gehiago baina oraingoz aski da- erraztasuna, irudiaren kulturan sartuta gaudenez kazetaritzaren eskaintza liserigarriagoa baita. Eta bost minututan beste gauza batean gaude. Baietz, ezta?

Argazkia: Ekain


urtarrila 23, 2023

IOKIN ZAITEGI: ZUZI-IRAKASLEA


1973ko urtarrila. Duela berrogeita hamar urte gertatu zitzaidan euskalgintzaren ibilbidean nire kasuan oinarrizkotzat jo dezakedana: Iokin Zaitegi ezagutu nuen, euskal kixoterik handiena, ameslaririk erraldoiena, langilerik sutsuena. Hamaika aldiz oroitu dut ordudanik unetxo hura, gau eskolako nire betebeharretatik atera ondoren etxerako bidean topo egin nuenean, ordurako nire baitan erreferentzia bakanez itxura hartzen ari zen euskaltzalearekin. Eta huraxe izan zen bion arteko sei urte luzeko harreman joriaren abiapuntua.

Iokinek erakutsi zidan euskalgintza ez dela bat, anitza baizik. Behin euskararen zirrikituetatik barrena joanda hamaika bide malkartsu eta zailtasunez beteak aurkitzen direla, batzuk naturalak beste asko euskaldunon eskuek apropos sortuak. Denak ez dira ibili beharrekoak, inondik ere. Eta bat ere ez da besteak baino gailenagoa, konplikatuagoa gerta daitekeen arren. Gure mundu txikia da, beste edozein espaziotako fobia eta filia bertsuekin. Bakoitzari dagokio bere ibilbidea irekitzen joatea, besteak nora daraman kezkatu gabe.

Mende erdia eman dut Iokinen zuzi-ikasgai hura presente. Eta oraindik nirekin daramat, partikularitate batekin: amaiera bitarteko tartea zenbat eta laburragoa zaidan neurrian garbiagoa dagerkit ibilitakoa. 

Argazkia: JMVM