Amaitu genuen urte arraroa, hiritarron egonezina pilpildu egin zuen kalendarioa. Egun kopuru bera, bata bestearen atzetik bidera atera zitzaizkigun sorpresak adina, hurrengo pausoa behar moduan emango ote genuen une oro zalantzan jarriz.
Txoko honetan idatzi dut beste noizbait, bizitzaren ibaiak etengabeko bihurguneak oparitzen dizkigula, ondoren azalduko zaiguna ezkutatzen digutenak. Erabakiak etenik gabe hartzea da bizitza. Eta ur zurrunbilo bakoitzean, baimendutako kontrol-elementu bakarra diren arraunekin nola aritu behar dugun da ariketarik konplikatuena, ahaleginean hondoratuko ez bagara. Hamabi hilabete igaro dira albiste ezkorrek inguratuta, ohitu egin gara etengabeko “bizitzarik gabe” batera, eta erresistentziarako gaitasuna galtzear dugula esan genezake, higatu egin garela dirudi. Eta hori ez dela horrela dioenak gezurra dio.
Baina ibaian aurrera jarraitzen dugu, ur lohiak jaitsi arren, eta ez dugu hurrengo bihurgunez haratago ikusten. Arraunak askatuko ditugu, ordea? Ezta pentsatu ere! Geratzen zaizkigun indar apurrekin banku finkora eserita egongo gara, estroboak toletetan finkatuta, helmugara iritsiko garela ziur.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina