BILATU

maiatza 11, 2015

OFIZIOA: AITONA (AMONA)



Diotenez, portzentaje txikia ei da beren lanarekin ados eta gustura daudenena. Nik badakit ez naizela berrogeita bost urte luzetan beti atseginez aritu eguneroko beharrean. Bizitzaren arlo guztietan bezala, gora beherak izaten dira lanarekiko erlazio animikoan, inguruko zirkunstantziak izan ohi baititugu gehien bat aldeko ala txarreko norabidea markatzen dutenak. Niri dagokidanez, esaterako, egiterik balitz nire lan-satisfazioaren balantzea zeinu positibokoa izango litzatekeelakoan nago, baina artilunak azalduko lirateke, han hemen. 

Orain, ordea, aitona daukat ofizioa eta bata bestearen ondoren etortzen dira gogobetetzeak, zirkunstantziek ere oso modu zuzenean eragin dezaketen arren. Oso ofizio gutxitan emango da hain poztasun handirik aitona/amonaren kasuan baino.

Aitortu behar dut, titulua eskuratu arte ez niola antzik ere hartzen ofizioaren praktikak duen aberastasunari. Inoren umeekin asko disfruta daitekeen arren - eta zorte handia izan dut alde horretatik- nork bere bilobenganako zubi afektibo sendoa eraiki bitartean ezin da gogobetetasuna bere osotasunean ulertu. 

Aitona/amona ofizioak bere epea du. Ez da betiko. Horregatik aprobetxatu behar da unean uneko sentsazioa, aitona/amona ofizioa inbentatu den ederrena baita. Aitonaren hitza!
 
http://www.fentmuntanyaiformacio.es
  
Argazkiak: www.que.es




2 iruzkin: