Nafarroan
ikasgaitxo bat eman digute oraingoan. Aste honetan eztabaidatuko da Nafarroako Parlamentuan Lurraldeko
Memoria Historikoaren lege proposamena eta hori aurrerapauso interesgarria da
gizarte-normalizazioko bidean. Badakit Nafarroan gauza asko normaldu behar
direla hiritar guztien eskubideak maila berdintsura iristeko, baina bidea – inoiz
burutuko bada- urratsez urrats egin behar da.
Azken gerra zibilak memoriaren desoreka erabatekoa ekarri zuen Euskal Herrira eta gerrako irabazleek euren
arauak ezarri zituzten 1939tik, alde batekoak aintzatuz bestekoak fusilatu
edota bizirik azpiratzen zituzten bitartean. Diktadurak gau ikaragarri luzea
ekarri zuen hainbat eta hainbat jenderentzat. Eta gaur egun ere irabazle haien
ondorengo askok ukatu egiten dute errealitatea. Arma hilgarrien bitartezko
garaileek oztopatu egiten diete garaituei oroimenezko keinu kontsolagarriaren
aukera ere.
Nafarroako Parlamentuan onartuko den legearen arabera, besteak beste,
Nafarroako Gobernuak ikur eta sinbologia frankista osoa ezabatu beharko du, eta
administrazio publikoek – Gobernua (lehengo Diputazioa) eta udalak- erregimen
frankistaren babespeko izendapen, ohorezko titulu eta gainerakoak indargabetu
beharko dituzte. Ez da gutxi, alajaina, nafar lurraldeko hainbat erakunde eta
giza norbanakoren ideologia kontuan izanda.
Legearen testuak biltzen dituen aldarrikapen eta betebeharren artean bada xedapen
bat, 1936ko gerra zibilean eraildako Foru Diputazioko langile guztien izenak
jasoko dituen plakari dagokiona, euskaraz eta gazteleraz idatzita Nafarroako
Gobernuaren egungo eraikinean jarriko dena. Bertan, legalitate
errepublikarraren defentsan langile haien lana goraipatu beharko da.
Legea onartzen bada, itxura guztien arabera espainiar eskuineko alderdien
kontrako botoarekin egingo da, hain justu, nafar Gobernuaren lema daramatenen
oposizioarekin. Nonbaitetik betearaziko beharko zaie, beraz, legearen edukia
upenekoei. Osterantzean, iseka izango litzateke nafar gizartearentzat.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina