Horixe da askok planteatzen dugun galdera eta aitortu
behar dut ikaratu egiten naizela balizko erantzunaren oihartzunarekin.
Indar suntsitzaileen baitan erdi galduta, euskal gizarteak ez du bere
iparra aurkitzen. Eta atzera-aurrera etengabeetan ez dugu argi ikusten
bidea zein den, urratsak norantz zuzendu behar ditugun eta noizko eduki
genezakeen eskuragai esperantzaren izpia.
Zorioneko gure herri honek ez du, gauden eszenategi
labainkorretik atera gintzakeen liderrik. Politikoki hamaika katramilatan
zatituta gaudenez gero ez da proiektu amankomunik inondik antzematen. Eta
atzera begira jarriko bagina, inork ezingo luke defendatu duela hogeita hamar
urte baino hobeto gaudenik. Aitzitik, nik uste dut atzera egin dugula,
nabarmen.
Politikoki karramarroen antzera bide gabiltzalarik,
gizarte-liderrei begira ere ez daukagu zer eginik. Eremu lehor eta
antzuetan erein ei dugu aurreko urteetan. Ez dago inor gure gizartearen baitan
ilusio pittin bat ere piztu dezakeenik. Gristasun tristean bizi gara, artifizialkerian
eraikitzen ditugularik hondarrezko mundu irrazionalak.
Irakurtzen nuen lehengoan, politiko eta
sindikalisteengan federik ez dugulako futbolera jotzen dugula gero eta modu
zoroagoan, etsipenetik ihes egin guran, nonbait. Eta jakin badakigu, ongi frogatua ere, zein nolako maila alienagarriraino heldu den futbolaren eskaintza. Franco? Txiki utzi dute oraingoek! Teoria horren arabera, beraz, alienazioaren iturburuan kasta politiko eta sindikala ditugu. Ez da arraroa, batean eta bestean ditugun
pertsonaiei erreparatuz.
Lider sozialen premian gaude, egitura kristalizatuetan
babestu eta gaztelutu gabe gizartearenganaino mezu eraginkorrak helarazteko gai
litezkeen liderrak, alegia. Era guztietako mobilizazio barik, gure utzikeria boluntarioan itotzeko arriskuan gaude. Begira diezaiogun gure inguruari ...
Argazkia: Tere Anda
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina