BILATU

ekaina 26, 2023

PIPER ETA TIPULAK

Ezkerrekoa "Actto para la Noche Buena" (2006)
Eskuinekoa "Hemen ez du inork ordaintzen" (2023)

"Orgia" izeneko opera bat estreinatu da Bilboko Arriaga antzokian. Pier Paolo Pasoliniren ekarpenetan oinarritutako antzezpen operistikoa prestatu dute eta, edozein espektakulutan lez, publikoarengandik denetariko iritziak iritsi zaizkigu, musikaren konposagileak ausart samar jokatu baitu. Kalixto Bieito eszena-zuzendariaren egokitzapena ere ez ohikoa gertatu da.

Eta, hain zuzen ere, gai horrek eragin dit irribarrea, ez Bieitoren alde edo kontra ezer dudalako, baizik eta operarako koreografiari eta, itxuraz, dekoratu jasangarria osatu guran Arriagan aurreko ekoizpenetan erabilitako zenbait elementuren erabilerari ETBk eskainitako erreportaje batengatik. “Kontxo! -nioen nirekiko- geurekin ere ger lezakete beste erreportaje bat!” azken hogei urteetako Doke Antzerki Taldearen obretan modu batean ala bestean eszenategietara eraman ditugun atrezzoko pieza batzuk gogoratuz. Argazkiko piper eta tipulak, adibidez.

Bieitok jasangarritasuna aipatzen zuen elementuak erabiltzeko arrazoi nagusitzat; hala izango da, ez noa eztabaidatzera. Gure kasuan, jasan bai, baina ekonomikoki jasan behar izan dugunarengatik. Eta apur bat pentsatzera jarriz gero, jasangarritasuna gehiegikeriarik ezean oinarritzen dela ikusten da garbi, errekurtsoak buruarekin erabiltzean.

Argazkia: JMVM

ekaina 19, 2023

NEREA ETA MAIDER GUZTIEI


Bukatzear dago nire bizitzaren fase bat, azken zortzi urteetan poz eta tarte ahaztezin izugarriak eman dizkidana. Nire bilobak ikastolara laguntzeari utziko diot, ez dut berriro gure arteko elkarrizketa sotil eta zirraragarriez gozatuko, beren bizilekua eta haurtzaroko lehen zati goxoa gainditzen lagundu dien ikastola bereizten dituen bidea zeharkatzen ari ginen bitartean. Hemendik aurrera, txikienari “bide lagun” bat esleituko zaio, bere adinarekin eta pentsamoldearekin hobeto egokitzen den arduraduna.

Une triste eta saihestezin hauetan, gogoan ditut azken zortzi urteotan ezagutu ditudan andereño eta maisuak, gure etorkizuna diren haur horien prestakuntzan bokazio miresgarriz eragin duten irakasle gidariak. Aurkikuntza pozgarria izan da, eta egiaztatu didate zerbait on lortu dela gure hezkuntza-sisteman.

Mila esker Nerea, Maider, Marije, Miren, Marta... guztiei, egunero gure biloben lehen hezkuntzako osasunaren alde gogoz ahalegintzen ari zaretelako. Bihotzez.

ekaina 12, 2023

SEXUAREN INGURUAN


Albistea arraro eta logikaz kanpokotzat zerbitzatu zitzaigun, baina, egia esan, haren zabalkundea ikuspegi liberal zaharkitu batetik egin zen. Izan ere, zaharkitutzat hartu behar ei da askatasunaren oinarrizko printzipioak berrikusten eta hankaz gora jartzen ez dituena, oinezko sufrituon lepoa estutzeko, jakina.

AEBko Utah estatuko zenbait eskolatan Biblia debekatu dutela komunikatzen zigun albisteak eta ozeanoz hemengo aldeko batzuek barre egin dute. Pornografiatzat hartu ditu justiziak liburuko hainbat pasarte, eta “honaino heldu gara” esan bide du epaile zuhurrak. Amerikar horiek! komentatuko zuen gutariko batek baino gehiagok. Baina inkisizio modernoaren uhin buru kamustaile zabal baten atarian egon gintezke, Utahko seme/alabak ugaltzen ari baitira bazterretan.

Denboran bat eginik beste albiste bat ailegatu da: Suedian munduko txapelketa berri bati ireki dizkiote ateak. Hori ez zen albiste izango txapelketaren gaia zeharo bitxia izan ez balitz: sexu norgehiagoketa! Ez dut txapelketaren arautegia irakurri ahal izan, baina edozein modutan zaharregi harrapatu nau deialdiak.

Baina horrek ez nau kezkatzen eta jakin mina asetu nahian gau mahaiko liburuei Biblia gehituko diet, ingelesezko bertsioan, ia zer topatzen dudan. Utahko guztien gainetik.


ekaina 05, 2023

ORDAINTZEAREN BEHARRA


Kitatutako zorraren sentsazioak lasaitasunez betetzen du bere betebeharrarekin kunplitu duena. Beno, hori harreman sozialak orain arte gidatu dituzten gutxieneko bizikidetza zibilizatuaren koordenatuen barruan. Hartzekodunak konfiantza jartzen du bere zordunarengan, eta horrek bi alderdien arteko oreka berrezarri behar du, aurrez bien artean ezarritako baldintzetan. Horraino moralaren logika.

Eta aurreko hori guztia, esateko ez nagoela ados estreinatu berri dugun antzezlanaren izenburuarekin, Dario Fo Nobel saridunak idatzita, eta Doke antzerki taldearentzat euskarara itzultzeko ohorea egokitu zaidana.

Zordunekin bakarrik osatutako kolektibo bat irudikatzea ezinezkoa izateaz gain, niretzat argi dago oreka eta justizia soziala soilik lortuko dela baldin eta zorretan dagoenak konpromisoari izerdirik gabe erantzuteko baliabide nahikoak baditu edo sortzeko gai bada.

Nolanahi ere, injustiziaren kontrako salaketa irekia delako Dario Foren antzezlan ederrari barkatu egiten zaio tituluaren intentzioa, zordun-hartzekodunen arteko orekarik ezak hainbat eta hainbaten zoritxar latz sorrarazten duen egungo aroari aplika baitakioke.


Argazkia: JMVM

maiatza 29, 2023

YOUKALI (Hauteskunde-emaitzen harira)

 

Gurea - dagokigula adieraz badaiteke, behintzat- nahiko ikusia zegoen, salbuespen banaka batzuekin. Santi de Pablok eta Edgar Meesek EAJri aplikatu zioten pendulu kontzeptuak, gaur egun EH Bilduren aukera bozkatzen duen taldera zabalduz, ia beti aurreikus daitezkeen emaitzak eskaintzen ditu. Sentimendu baten adierazpena da, abertzalea izan ala ez baina gure herri txiki honek bere politika subiranistekin konprometituta dagoela baieztatzea ahalbidetzen duena. Gainerakoak hor daude, besterik gabe.

Estatu mailan, ordea, hauteskunde kanpaina deitoragarri baten ostean eta emaitzak ikusita, Youkali berri bat jaioarazi behar delakoan nago, gizartea larriki gaixo baitago, eta terapia birsortzailea behar du... agian existitzen ez dena. Luze eta sakon bilatu beharko dugu nonbait zentzu onaren mehatzik dagoen ikusteko.

Gehiegi eskatzea izan daiteke, ez gaudela gure inguruan interes txikiena ere pizteko moduan, eta egin genezakeen edozein saiakera porrot itzel batean amaitzen dela. Baina, nire ustez, Youkali bat behar dugu, Kurt Weillek Alemania naziaren harira irudikatu zuen eta Alemaniako okupazioaren aurkako frantziar erresistentziaren oihu bihurtu zen irudimenezko irla hura.

Hodei ilunak zintzilik daude gehiengoarentzat ia existitzen ez diren itxaropenen gainean. Zerumuga hobea izateko ilusioa, esnatze hobeago baterakoa galdu egin da. Eta alferkeriak eta ergelkeriak gure borreroak etxe atarteraino hurbildu dizkigu, aizkora gure lepoetan eskrupulurik gabe erabiltzeko prest daudenak.

Bizitza ematen duen irlaren utopia behar dugu... existitzen ez bada ere. Ezinbestekoa zaigu.

Argazkia: Wikipedia

maiatza 22, 2023

KLIMA-ALDAKETARI ERAGIN NAHIAN

 


Klima-aldaketan, lurreko ardatza okertuago egoteak beste edozein faktorek, gizakiak sortu edo naturala, baino zerikusi handiagoa duela pentsatzearen aldekoagoa naiz. Irakurtzen dudanean zenbait herrialdetan ari direla eguraldiaren bilakaeran nola edo hala eragin nahian, ez naiz batere harritzen. Garai guztietako zientzialari, nekazari xume eta gobernarien burutik igaro da zerua eta haren ondorio atmosferikoak menderatzeko ideia. Ideia kilikagarria.

Baina uste dut, basamortuko hondar ale bat bagina bezala espazioaren handitasunean galdurik, gizakiaren eskuak ezer gutxi egin dezakeela gure planetari itxura eman dion klimari erabateko kontrola ahalbidetzeko. Milaka milioi urtetan naturak bere nahierara agindu du, eta naturaren aginduz aletxo honetan bizitza behartura gaudenok ikusle hutsak izan gara, menperatu ezinezko indar esplikaezinen aurrean.

Eta hobe horrela. Natura gizakien adimena baino gorago dabilen bitartean gure sen akabatzaile eta oro suntsitzailetik aske egongo da, eta - iruditzen zait- hondar aleak basamortu infinituan segituko du beti, gurekin ala gu gabe.

Argazkia: wikipedia

maiatza 15, 2023

NEKAZARIRIK GABEKO SAN ISIDRO


Gizarteak bere aisialdi atsegingarrirako nahia adierazteko duen indarraren isla dira jai herrikoiak. Tradizio bihur daitezke, eta beteranotasun horrek bere alde edo kontra joka dezake, giza kolektiboaren malgutasunaren arabera, bere baitan etengabe gertatzen den aldaketara egokitzeagatik.

Denok ezagutzen ditugu beren zentzua galdu duten jaiak, eta, hiritarrek gorde nahi dituzten arren, tradizioaren arimatzat har genezakeen zerbait falta zaie. Ez dut bat ere aipatu behar, oso gertu ditugulako. Badaude artifizialki sortzen direnak ere, sustrai-zentzurik gabeak, ibilbide labur bat iragar dakiekeenak.

Jaien zurrunbilo horretan deigarria egiten zait - zilegi bekit aipatzea, hurbilekoak ditudalako- herriko San Isidrokoak. Izpiritu nekazari huts hutsetik duela ehun urte jaiotakoak eraldatzen joan dira etengabe eta egun osasuna darie, hitzaren zentzu zabalean, noski. Auzoan ez dugu nekazari bat ere aurkituko baina ospakizuneko ardatz nagusian iragan baserritarra islatzen da, ez - jakina- antolatzaileek joandako garaiak hobeak izan zirela pentsatzen dutelako, baizik eta gorantz eta kementsu hazteko sustraiak ezinbestekoak direla konbentzituta daudelako.