BILATU

iraila 08, 2019

ALFONSO GORROÑOGOITIA


Alfonso hil da eta berarekin itxi da Arrasateko kooperatibismoaren sortzaileak zirenen bizitza zirkulua. Gorroñogoitiarekin desagertzen da ekintzaile kasta ausart hartako azken kidea, eta, ziurrenik, berarekin ere industria-mugimendu apurtzailearen zenbait ezkutu joan dira betiko. 


Ez naiz inoiz kooperatibista izan baina kooperatibismoaren izpiek inguratu naute beti, Arrasateko Laxarte ondoko eraikin batean lehen SCI agertu zenetik, iragan mendeko seigarren hamarkadaren amaieran. Eta Alfonsorekin ongarritu nuen adiskidantza bien arteko distantzia intelektualetik izan zela aitortu behar dut. Nolanahi ere, askoz ugariagoak genituen lotuneak dibergentziarako koxkak baino.

Gorroñogoitia joan zaigu duela hilabete bat Ormaetxea betiko galdu genuen bezala. Lehenago Usatorre eta Larrañaga hil ziren. Eta niri zalantza bat geratzen zait, aspalditik bueltaka ibili zaidana: egin al zaie neurriko ezagutza euren bizitzaren tarterik luzeena gizarte garapenaren alde eman zuten enpresa gizon erraldoi horiei? Dena sakrifikatu zuten kooperatibismoaren Arrasateko modeloa aurrera eramateko. Alfonso eta Jose Marik, gainera, modeloaren pitzadura gordinki pairatu zuten azken urteotan, euren indar guztiekin jaso eta fede osoz bultzatu zutena erortzen ari zela ikustean. 

Fisikoki denak desagertu direnean aurrera begiratzen dut nire talaia apaletik eta horien gisako enpresa kapitainik birsortzea ezinaren hurrena izango dela baieztatzen dut, konbentzituta.

Argazkia: euskonews

Alfonso Gorroñogoitiari buruz gehiago:

 
 

iraila 02, 2019

PUBLIZITATE NAHASTAILEA


Publizitatearen mundua ezinbestekoa zaigu. Eta hori ez diot, bakarrik, futbol ligaren gora behera zalapartatsuengatik. Politikoak, enpresariak, klerigoak, aktore eta idazleak... den-denok behar dugu publizitatea, areago hain konplikatua bihurtu dugun bizitzan barreneko ibilbidean irauteari, nekez bada ere, eusteko. Eta publizitateko profesionalek ahalegin handia egin behar dute mezua hiritarrengana arrakastarekin irisarazteko. Batzuek, zortearekin, asmatu egiten dute. Beste askok, berriz,... 

Argazkiko iragarkiak berez mezu zalantzagarri nahastailea luzatzen duela iruditu zitzaidan. Jostailuak saltzen dituen enpresa batek kaleratu du. Gasteizko semaforo batean geldirik nengoela ikusi nuen eta argazki bat ateratzeko tartetxoa izan nuen berde ipintzen zitzaidan bitartean eta hona hemen. 

Non dagoen iragarkiaren zalantza? Gero eta inkomunikazio sakonagora ohitzen ari garen uneotan, bi ume ordenagailu banarekin eserita, biok elkarri bizkar emanda, inkomunikaziorako gonbitea egiten ari zaigula esan liteke. Batzuen ustez,  inkomunikazioaren gaineko adibiderik gordinena izango litzateke. Eta aitortu behar dut horren bidetik jo nuela nik lehen begiradan. Baina, azterketa lasaiago batean, jostailuek komunikaziorako tresnarik garbienetakoa dela kontuan izanda, jostailu komunikatzaileen aldeko kanta bat liteke iragarkia, garbi asko.  Gizakiok jostailuetako adinetik gortasun ilunerako bidea saihestera seinalatzen duela esan liteke.  Eta bigarren irakurketaren ondorioz, zentzu hori eman nahi diot iragarkiari, zalantzarako zirrikitua irekita eduki dezakeela azpimarratuz. Agian, sortzaileak lortu nahi izan duena. Hori gura bazuen, helburua erdietsi du, dudarik gabe

Argazkia: JMVM

abuztua 26, 2019

AURRERA JOZ


Aurre egingo diot erauntsiari, kontrako haizeari, jakinda, noski, tartetxoak irabazten joan behar natzaiola, engainatzen banenbilkio bezala, indarrak uneoro neurtuz. Bizitza maite dudalako zuhurtasunez aritzea dagokit, zalapartarik gabe, urratsez urratseko erritmo konpasatuan. Baina amore eman gabe. 

Adiskideek naramate eskutik eta bat dagite eurek nirekin, elkarbizitza duin eta eragingarrian barrena segi dezagun. Ez naiz ezer horiek gabe eta, elkarkidetza perfektua emango bada, sostengu baliotsua natzaie, borobiltasunean. Horixe besterik ez da gogo betetasuna. Formula horretan datza zoriontasunaren gaineko sentsazioa. Eta itxaropenean bizi naiz, etenik gabeko ahaleginean.

Zeru izartsuak harrapatu nau abuztuaren hondarretako gau epel honetan eta hilean gure artetik joandako lagunen gomutak puntu iluna jarri dio edertasunari. Gero eta zirkulu txikiagoan dut harreman sarea ehuntzen, baina korapilo bakarra geratzen zaidan bitartean saiakeran iraungo dut, zutik.

Argazkia: Tere Anda

abuztua 19, 2019

ELIZA KATOLIKOAREN KRISI BIZIA


Gaiaren gain idaztera jartzeak esan nahi du, horrela uste dut behintzat, kuestioa interesatzen zaidala, hurbildik ikutzen nauela. Irakurtzen nuen lehengoan, espainiar estatuak katoliko izateari utzi diola, ateo eta agnostikoak heren bat izatera iritsi diren bitartean. Horri gehitzen badiogu beste erlijioetakoak, ostiko galanta eman zaio katolikotasunaren eraikin monolitiko ohiari. 

Bitxia da, dena den, bere burua katolikotzat hartzen dutenen kopurua, gehiengoa baita, erlijio praktikanteak multzo horretako %22 bakarrik badira ere. Ni ez nau inkestak ustekabean harrapatu, gizarte errealitatea islatzen duelakoan bainago, inguruari begiratzea besterik ez baita egin behar, gertatzen ari denaz jabetzeko. Gure artean duela mende erdi bat printzatzen hasi zen «guztion etxea»k itxura kaskarra erakusten du gaur. Eta berreraiketarako esperantza gutxi duela esango nuke, pioi gutxi, igeltsero ezgai eta lan-maisu zalantzagarriarekin. Aldi hobeak bizi izan ditu eliza katolikoak... azken bi mila urteotan!!

Argazkia: Ekain