BILATU

urria 27, 2014

LURREKO PARIEKIN (bigarren aukera)



Ahots batek  irakurgaitik atera ninduen arte ez nintzen konturatu autobusak minutu batzuk zeramazkiela Arrasateko geltokian, hain justu nik jaitsi behar nuen tokian. Gasteiztik nentorren liburu baten gaiak zeharo harrapatuta, inoiz lehenago gertatu ez zaidan intentsitatearekin. "Bigarren aukera" du titulua.

Satur Garcia gasteiztarraren autobiografia laburbiltzen duen liburua ez da  literaturaren historiara pasatuko, ezta haren jaioterrian osa litekeenean ere. Baina erdiragarria gertatu zait, gordintasun itzelarekin aurkezten baitio egileak irakurleari bere bizitza latzeko nondik norakoa. 

Jaio  bezain laster arabar hiriburuko moja komentu bateko tornuan abandonatuta, Saturrek infernua ezagutu zuen txiki-txikitatik. Alkoholean busti zuen  gaztaroa, delirium tremenseko aluzinazio itzeletan behin eta berriz eroriz. Bere buruaz beste egiten saiatu zen gaztaroan eta gazte izateari utzita gero ere. Marjinazio krudela pairatu zuen hamarkadetan. Eta bere jatorri ezezagunaren gaineko nortasunik ezak torturatu zuen gupidagabe, oinaze fisikoari mentala gehitzen zitzaiola, ero etxeko ateak sarritan zeharkatzera eraman zuena. 

Hala ere, egun batean Satur Garcia jaiki egin zen eta argi bilakatu zitzaion iluna. Ordudanik gasteiztarrak  muturrean zokoratutako pertsonak ditu gogoan eta helburuan. Horiei atxiki zaie gau eta egun, indarrak ez dituenetik ere atereaz eta Gasteizko gizarte espektrorik txiroenean egundoko laguntza luzatuz.  Hori guztia,  bere ekintzak ozpin tanta batek ere busti gabe, burututako lanaren ordainez hitz mingots gehiago jaso dituen arren eskerronekoak baino. 


Saturrek garbi asko erakutsi digu, Bombay edo Calcutara joan barik ere, gure artean Vicente Ferrer edota Ama Teresaren gisako gizakumeak ari direla jo eta ke, beren herrikide askoren bizitza-duintasuna berreskuratzeko ahaleginetan.

urria 20, 2014

BLESA, RATO ETA ENPARAUAK


Blesa eta Rato barrez lehertzen ibiliko dira oraindik, epaileak ipinitako fidantza dela eta. Barrez, urtetan hiritarroi sartu diguten ziri txorizeroarengatik ere, eskuin zabalak - PPtik PSOEra- ahalbidetutako bitarteak inork baino hobeto erabiltzen jakin izan dutelako. Eta barrez lurretik zilipurdika, Kode Penalaren arabera, balizko delitu fiskal gehienak preskribitu egin zaizkielako, gainerako  beste iruzur, kalte eta abarrek makula bat ere uzten ez dien bitartean. Deputurrudefoa, aizu


Baina, lasai, lapurren soka ez da horiekin amaituko. Ustelkeria eta lotsagabekeria botere ukiezinean sartuta denean boteretsuek jainkotzat hartzen dute euren burua. Eta beraien arteko lotura-sarean kiratsa darien aintzazko koroiekin azaltzen zaizkigu, morroi burugabe lerdoek txalotzen dieten bitartean.  

Barcenas ahaztu bide dugu eta Urdangarin eta Gurtelekoak... Badirudi kaka batek aurrekoa estaltzen duela eta gizakion oroimena hain laburra den non hats haien pertzepzioa lurrundu egiten zaigun berehala. Agian oroimenaren ezgaitasun horri esker bizi gaitezke,  digestio okerraren ondorioz oka egite amaigabea saihesten baitugu, ito gabe, nahiz eta horrenbeste ustelkeriaren aurrean gorputz txarreko sentsazio oinazeztatuarekin geratzen garen.

Argazkiak: La Vanguardia

urria 13, 2014

AUKERA ONENA



Berrogei urteko berezko hezkuntza sistematik atera ondoren protagonista euskaldunok erdarara zein nolako erraztasunarekin jotzen dugun kezkatuta idazten zuen lehengoan kazetari gazte batek.  Errealitate gupidagabeak ipini du kazetaria egiaren ildoan: aukera onena ez denean, zertarako erabili hizkuntza barbaroa? 

Aukera onena zelako hautatu zuten erdaldun bat Donostia 2016rako. Eta lasai geratu ziren hori adierazi zutenak, euren hitzen karga ezkorrari bat ere erreparatu gabe. Baina gauza da, lasai egon zitezkeela euren adierazpenetan arrazoi osoa zutelako, japoniera edo swahili bakarrik lekikeen beste edozeinek ere egundoko arrakasta lor bailezake bi urte barruko esperimentu donostiarra burutzean. Azken finean, kudeaketa profesionalak hizkuntzan ez baizik emaitzetan neurtzen du bere helburua. 

Donostia 2016ko zuzendaria bezala, ni ere askoz hobeto moldatzen naiz gazteleraz euskaraz baino. Eta ziur asko, baita gure udal, diputazio eta jaurlaritzetan "elebitasunaren legea" betearazten diguten politiko eta funtzionarioak, erosoago sentitzen baitira espainieraz solasaldirik apaltxoenarekin ere. Eta ez esan ezetz,  hamaika froga jar bainitzake horretaz.   
 
Orduan, zertarako denbora alperrik galdu antzezpen antzuetan? Jo dezagun  inperioko mintzairara eta kito! Ez al litzateke aukera onena izango, batez ere murrizketa ekonomikoek gizarte baliabide minimoak arriskutan jartzen dituzten une hauetan?  

Zerbaitek esaten dit herri honek bere iparra galdu duela. Ala nik okertu nuen norabidea duela berrogeita piko urte, aukera onena galduz?

Argazkiak: Tere Anda

urria 06, 2014

AMETS EGITEKO KABIA


Erakusketaren ikusegi bat, hondoan Elgea mendizerra

Amesteak lorpen eder asko ahalbidetu dio gizadiari. Utopiaren hurrena izanik, ametsak infiniturako bidea markatzen du bere sorreratik eta ameslariak sorkuntzarako gaitasuna aldarrikatzen du ahaleginean amore eman gabe. 

Baldintza gabeko arrazoia dugu aurrekoa gizadiaren garapen etiko eta estetikoan barrena sendo irauteko. Eta egiaztapen horri amets egiteko kabi egokiaren aukera eskaintzen bazaio infinituaren mugak hurbilagoak azaltzen zaizkigu, eskuragarriagoak, zeruertzeko altueretatik gizon emakumeon neurrietaraino jaitsaraziz. 

Amets-kabi bat bisitatu dut lehengoan. Egia aitortzera, Arantzazuk beti erakarri ditu bere ingurura herri honetako seme-alabak. Bere magia irradiatu du etengabe euskal ibar eta zokoetan  zehar, espiritualitate eta naturaren arteko ezkontza hertsia sorraraziz. Baina bat egite horri edozein motatako ekarpen artistikoaren argia gehitzen zaionean zirrararen eztandak dimentsio erraldoia hartzen du eta giza norbanakoa bere txikitasunaren kontzientzian zutitzen da, azken garaipenaz konbentzituta. 

Amets-kabi izena eman diote Arantzazun arte erakusketa zirraragarri bati. Ederra testuinguruan, bikaina arte eskaintzan. Nork bere baitatik dastatzea merezi duten horietakoa.

Erakusketaren katalogoa
 Oharra: Amets-Kabi. Arte erakusketa. Ricardo Ugarte-Jose Ramon Anda-Jose Zugasti-Iñaki Ruiz de Egino-Iñigo Arregi-Iñaki Olazabal-Koldobika Jauregi-Guillermo Olmo.

Arantzazuko Gandiaga Topagunea. Urriak 19ra arte zabalik.

iraila 29, 2014

IRAILAK 26, DATA MAJIKOA



Duela hamabost urteko irailak 26ak bezala, aurtengoak ere oso astindu gozoa eragin du nire gogoan. Amak munduratu ninduen dataren bezpera  egun esanguratsua bilakatu da nire bizitzan, bizitzak berak lantzean behin eskaintzen dituen ustekabe ulergaitz horiengatik. 1999koan Aramaioko Seme Kuttuna eta aurtengoan Urrezko Zeledoia: bi errekonozimendu bikain, zinez eskertzen ditudanak, biak data berdinean eskuratuak, hamabost urteko tartearekin. 

Lehengo ostiralean Gasteizko Printzipal Antzokian esan nahi nuen eta esan nuenaren arteko eztarri-korapiloak eragotzi zidan ideiak garden transmititzea. Eta haietako funtsezkoena honako hauxe izan zen: berrogeita bi urteko kultura-ibilbide luzea bakarrik burutzea ezina gertatuko zitzaidan behar bezalako laguntzarik gabe, eta inorengandik baldintza gabeko sostengua jaso badut Edurne emaztearengandik izan da. Berari esker iritsi naiz Urrezko Zeledoiaren errekonozimendura. Horregatik berarekin eta aurten jaio zaizkigun bi bilobekin konpartitu nahi izan dut golardoa. Edurne alacantarra eta Urtzi arrasatearra dira gure txikitxoak eta ziur nago eurek ere maite izango dutela herri hau, euren aitonak egin duen bezalaxe.

Duela hamabost urteko izendapen hark lagundu zidan, itxuraz batzuek euren berrogeita hamarretan izaten duten sindromeari aurre egiten, zeharo bizigarria izan zitzaidala azpimarratuz, oso hamarkada emaritsua ahalbidetu baitzidan. Ziur nago oraingo honek ere, lan profesionaletarako erabateko etenarekin, irailak 27tik disfrutatzen ari naizen jubilazio osoko aroan bere eragin positiboa izango duela, eta bihotzeko lanarekin segituko dudala, auskalo noiz arte.



Argazkiak. Ekain

iraila 22, 2014

BALBINOREN ESKUTIK EGIARANTZ



Balbino aitona

Balbino Garcia de Albizu nafar ameskoetako donostiarra adiskidea dut bere etxeko ateak ireki zizkidanetik. Balbino kultura langile porrokatua da eta bere jatorriaren gaineko historiaz idatzi du zenbait liburutan. Baina Balbino, batez ere egiaren aldarrikapenaren aldeko saiakera sutsuarengatik da ezaguna. Buru belarri ari da aztertzen azken gerra garaiko zenbait erailketa.

Frankistek  Ameskoetan tiroz hildako norbanako askoren gorpuzkinak ikertu dituzte Aranzadi Zientzia Elkartekoek Balbinoren ekimenari esker. Honek Urbasa aldean burututako azterketa sakon eta zorrotzaren bidez jarri ziren aranzaditarrak lanean eta zenbait urteren buruko horien lana bere fruituak ematen ari da.

Argentinako Maiatzeko Plazaren  helburuari nolabaiteko norabide aldaketa eskainiz, eraile faxistek lurreko azaletik 1936an desagerraraziriko  gizon-emakume haien arrastoa segitzen ari da Balbino, biloba erantzulearen legez. Eta duela gutxi Maiatzeko Amonen presidenteak bere biloba aurkitu zuen moduan, Balbinok izen bereko bere aitonaren gorpuzkinekin egin berri du topo. Honatx iragan larunbatean igorri zidan mezua: 

Aranzadik arakatu duen leizea
“A finales de junio me tomaron una muestra para la identificación ADN de los restos humanos de la Sima del Raso de Urbasa (10 cadáveres en total) Me ha llamado por teléfono Lourdes Herrasti para confirmarme que han identificado el cadáver de mi abuelo. El que tenían etiquetado como número 10. El mayor en edad de los diez. De las fotografías que tengo de los restos y de las conversaciones mantenidas con el equipo forense, que dirige Paco Etxeberria, puedo decir lo siguiente: murió en el exterior de la sima y luego, ya cadáver, su cuerpo fue arrojado al interior. De un único disparo de arma corta, en el parietal, probablemente izquierdo. El disparo fue hecho a muy corta distancia y era una bala de calibre 9 mm corto" 

Balbino liburu bat prestatzen ari da sarraski haren gaineko informazio argigarriarekin. Ez dago baieztatzerik kriminal haien delitu osoa azalarazi ahal izango ote duen baina ziur nago Balbino bilobaren gisako pertsonekin askoz hurbilago gaudela egiatik.

Argazkiak: Balbino García de Albizu