BILATU

urria 21, 2019

KOMETAREKIN BUELTAKA


Hastapenetara itzultzea edo bizi arteko errutina. Horrela muga genezake malko ibar honetan zeharreko gizakion ibilaldia. Unetxo batez atzera begira jarriko bagina hainbat eta hainbat bizipen biderkatu egin direla egiaztatuko genuke. Tamaina handi zein txikikoak izan, zikloak nabarmenak izan daitezke, jazotzen ari zaigun eta ukitzen ari garenari erreparatuz gero.

Ohitura zaharrak, ahanzturaren arasetan galdutako zaletasunak, bizio ezkutuak... ezer gutxi gertatzen zaigu berri adinaren eskaileratik gora goazen neurrian. Dena daukagu inbentatua. Ezerk ez gaitu ezustean harrapatzen. Baina urteen poderioz erreakziorako ahalmena kamustu egiten da, herdoildu. Hori ere frogatuta daukat.

Umea nintzela kometaren jolasa nuen atsegin. Tarte luzexka batean gordeta egon ondoren ostera berpiztu zen asti-ematea nire seme alaben ondoan. Eta antzerako beste ziklo baten ostean hementxe naukazue biloba eta euren lagunekin jolasteko nire burua prestatzen ari. Barruan zerbaitek diost  trebetasuna galdu dudala, baina gogotsu ekin diot erronka berriari.

Argazkia: Zuriñe 

urria 14, 2019

ZEIN JUSTIZIA MOTA APLIKATU ZAIE?


Ez naiz originala izango baina nik ere txanda eskatzen dut Altsasuko gazteen kontrako epaia salatzeko eta espainiar justiziak despistatuta naukala adierazteko. Aurrekoarekin nahikoa liteke twitterreko kultura buru kamustailean ohituta daudenentzat baina niri gorputzak gehiago eskatzen dit eta ez naiz isilduko. 

Justiziaren mekanismoek beste norabait begiratzen dutela, Tejero terroristari omenezko bazkarirekin oparitzen zaion uneetan; zenbait alderdi politikotako kide miserableek -demokraziak (?) ahalbidetutako aukerari esker- diktadore sarraskilariari askatasun osoz kantu higuingarriak eskaintzen dizkioten egunetan; diktadore horren oinordeko batek guardia zibilen kontra erasotzeagatik kartzelatik libratzen den orduetan; ... datorrela Jainkoa eta esan diezagula zein justizia mota aplikatu zaien altsasutarrei.

Badakit ez naizela bat ere orijinala izan. Barkatu.

Argazkia: mesecosicas.blogspot.com





urria 07, 2019

CURRO NIRE HIZKUNTZA-AKUILULARIA


Patxi esaten diote azken hirurogeita bost urteotan baina, berak adierazi ez didan arren, ziur nago Curro jaio zela, andaluziarra baitugu, Alhama de Granadakoa, eta mukizu nintzela ezagutu nuen. Berak ez badaki ere, sekulako akuilua izan nuen neure burua euskalduntzeko bidean. 


Uribarri Ganboan gertatu zen, gizarte inguru erdal hutsean. Goiz batean, nire kanaberarekin urtegiko bazterrean amuarrantzan nengoela, gizakume gazte bat hurreratu zitzaidan eta euskaraz egin zidan. Gazteleraz erantzun behar izan nion. Gero etxean nire aitarekin komentatu nuen jazotakoa eta aitak ihardetsi zidan: zer pentsatuko zenuke andaluziarra dela esango banizu? 

Shock bat bezala izan zen niretzat. Andaluziarra? Eta ni Aramaioko arrasatear erdaldun hutsa! Aitortu behar dut pertsona harekiko lehen kontaktu hark zeharo irauli zuela euskararekiko nire jarrera biguna. Granadako gizaseme haren ereduak sustraiak bota zituen nigan, eta esango nuke egun hartan bertan hartu nuela vasco-tik euskaldunera igarotzeko erabaki sendoa. 

Hirurogei urte geroago, ustekabean, gizon harekin egin dut topo, ia-ia lehen buruz-buruko urruti hartako toki berdinean. Ikusi bezain laster ezagutu dut eta anekdota hura azaltzeko eta eman zidan eredua eskertzeko hurbildu natzaio. Patxi, ez dakizu zuk ondo zer nolako oparia egin zenidan, gura gabe, egun hartan! esan diot emozioz beteta.

Argazkia: JMVM