BILATU

urtarrila 11, 2016

EL CHAPO, ESTATU EZKUTUA ETA MAS

Estatuaren seguritateko indarrek El Chapo gaizkilea atzeman zuten lehengoan Mexikoko Durango herrialdean, pelikula autobiografikoa  errodatzeko ahaleginetan ari zela. Kartzelatik pelikulako ihesa burutu zuen gizonak hankaz gora jarri zuen estatuaren sinesgarritasuna eta  Peña Nieto presidentearentzat lehentasuna bilakatu zen iheslaria harrapatzea. 

Ameriketako Estatu Batuetan Deep State edo Estatu Ezkutua deitu diote, munduko estaturik boteretsuenaren egiazko politika eragiten duen gobernu ikusezinari. Hau da, Obama eta enparauaren gainetik iparramerikar gizartearen nondik norakoa markatzen duen indarra Pentagonoaren sukurtsalek gehi Googleren gisako enpresek gehi Wall Streetek gehi zenbait epaitegik osatzen dute. Eurak dira barne eta kanpo politikaren benetako eragileak,  oihal atzetik
eta zigorgabetasunetik eszenatokiko panpinak mugitzen dituztenak. 

Zer nolako pelikula nahi zuen errodatu El Chapok? Mexikoko Estatu Ezkutua erretratatzen zuena? Horrela balitz ausart samarra, ezta? Mexikar"stablishment"eko oinarri ukituezinek droga-munduko dirutzatik onura ateratzen duten bitartean El Chapok negozioan segituko du, hori bai, ezkutuko estatuaren beste kideen aurpegi ilunak pantailaratzen ibili gabe. Osterantzean, bala anonimo batek isilduko du betiko, Estatu Ezkutuak ez baitie traidoreei ordaintzen. 

Eta zertan ibiliko da espainiar Estatu Ezkutua Masen larunbateko maisu-jokaldia ikusita? Honez gero, Rajoyk mahai gainean edukiko ditu instrukzioak.

Argazkiak: wikipedia





 

urtarrila 04, 2016

ESKARMENTUAN HAZIZ



Urte zaharreko ajeak sutzar oniriko handi batean erre nahi izan ditugu inoiz askok,  bizitza-ibilbidean barreneko martxa samurragoa izango zelakoan. Baina errealitate gordina da urte berriari atzean utzitakoaren angelu bertsutik begiratu behar zaiola, oinetan pilatutako bizipenen talaiatik. 

Hamabi hilabetetako gaizki joanak, alperreko saiakerak eta zorigaiztoko ustekabeak behin betiko ezereztatu eta etapa berriari indar eraberrituekin ekiterik balitz, arinago joan litekeela pentsa genezake baina badakigu praktikan motxila eskarmentuzko zamarekin goazela egunez egun betetzen eta, beraz, behartuta gaude datorrenari bizkar konkortutik begiztatzera, horrek dituen abantaila eta akats guztiekin. 

Bizitza-sutzar hipotetikoak ez luke bidea leunduko. Galdetu, bestela, Delfin adiskideari, argazkian ardo erreaz gure aldeko topa egiten ari dela, azken urte zaharreko  ospakizunean. Berak laurogeita hemeretzi errepuierre daramatza sorbalda gainean eta itxaropenez beterik piztu du sua denetan, hori bai,  eskarmentuzko konkorra urtero erori-jaiki gehiagorekin aberastuta.

Argazkia: JMVM

abendua 28, 2015

HAUTESKUNDE BERRIAK: INUXENTEKERIA



Ez direla gai ados jartzeko? Ba... saiakeran jarrai dezatela, hauteskunde berrien mehatxua ezgai ergelen lanabesa baita. Inuxentekeria galantetzat hartu beharrean,  zirkulu interesatu batzuengandik agertzen ari zaigun proposamen ziniko, ustel eta lotsagarriaren errealitatea dugu abisu zitala. 

Hauteskunde berriak, noiz arte? Ibex eta Cia.ren gogo oro birrintzailea bete lezakeen koadro politikoa gauzatu arte? Mesedez! Horretarako, diot, ez al litzateke merkeagoa (eta gorputzerako eramangarriagoa) hiritarron borondatea armez konkistatzea (eta zanpatzea)?   Hain zuzen, Ibex eta Cia.koek sinatuko luketen bidea seinalatzen ari naiz, botere hondatzaileari berdin baitio bitartekoak baldin eta boterean egonkortzea ahalbidetzen badio. 

Aurreko batean nioen demokrazia dela herrentasun gutxien
darakutsan sistema, eta botoa ematen da alderdiek hiritarraren onerako erabil dezaten eta ez, jakina, euren interesetara aplikatzeko, Ibex-ek kontrakoa agin diezaiekeen arren. Gertatzen da sistema kristalizatu sentikortasun gabean hiritarrok panpinatzat hartzen gaituztela goiko instantzietan betierekotzea helburu dutenek eta irtenbidea kristala apurtzean datza, eraikin ez osasuntsua hamaika zatitan eror dadin. 

Bien bitartean geratzen zaigu, gaurko moduko egunetan ume ginela abestu genuenaren bertsio berria interpretatzea: 

Inuxente babalora
hiritarron gogoa gora.






abendua 21, 2015

EGUNEKO KRONIKA LABURRA (SARE)



8:30. Ohiko kafea hartu dut etxe ondoko kafetegiko mahai batera eserita. Telebista aparailuak marmara ekartzen zidan, betebehar zibikoak gaur ginderaman hitzorduari buruz.

Bitartean, giza eskubideen urraketa betierekotzearen kontrako Sare mugimenduaren azken deiarekin bat egin dudanez gero igorri didaten txosten txiki bat irakurri dut. Logikaren barruko aldarrikapenek betetzen dute idazkiñoa, atxilotutakoen oinarrizko eskubideak behin eta berriz astintzen dituen labirinto judiziala desmuntatzea eskatzen duena. Immobilismoaren kontrako alegatu hutsa.

9:30. Botoa eman dut.

21:00. Emaitzek itxaropen izpi bat ekarri dute. Hautesleen jokaera desberdinek mapa politikoa aldatu dute gutxiengoen planteamenduei begira. Sareren helburua orain arte mirariaren hurrena genuen. Demokrazian - herrentasun gutxien duen sistema- minoriek ez dute zer eginik, handienei ongi datorkien mesederako bat etorri ezik (paktuak) Eta badirudi egoera berriak itunak beharko dituela.

Sare mugimenduak ahaleginean jarraitu beharko du, bere lan onaren itxaropenean. Eta agian mirarietan sinesten has gintezke.

abendua 14, 2015

IZAN AL ZEN INOIZ NERON?


Teoria zientifiko guztiak, zorroztasunik zorrotzenaz bedeinkatuta egon daitezkeen arren, erlatiboak  direla frogatzen zaigu egunero, amaierarik gabeko soka barregarri bezain ulergaitzean. Intelektual ukituezin saridunen tesi unibertsalak une batetik bestera ezerezta daitezkeela ikusten ari gara, ez dakit nondik iritsitako beste "behin betiko egia zalantzagabe zientifikoak"  zokoratuta.

Irakurtzen genuen iragan astean,  Neron enperadoreari  egotzitako kristauen kontrako jazarpena anakronismo hutsa izan daitekeela eta erromatarren buruzagi guztiz ahaltsuari kristauek bost axola ziotela, zergatik eta gutxi zirelako. Hura irakurri eta nire barruan halako hutsune iluna igarri nuen. Orduan, galdetu nion nire buruari, non geratzen zaizkigu milaka hildakoak? Non San Pedro eta San Pabloren heriotza krudelak? Non Coliseoko jai espektakularrak?

Ba, hori - ihardetsi nuen nire kolkorako- 
istorioek historia betetzen dutela eta egia sakrosanta ezinaren urrena dela, bata bestearen ondoren pilatzen baitira milurtetan zehar nori unean gehien interesa dakizkiokeen deskribapen faltsuak. Nork ziurtatzen digu Neron ere ez denik Tazito edo beste zientzialariren baten inbentoa? Hoa orain antzematera non jar daitekeen errealitatea itxuragabetzeko abiapuntua! Baina, ondo pentsatuta, ezertarako balioko al luke hori jakiteak? Egia berdaderoa izango al litzateke? Quo Vadis Domine?

Argazkiak: wikipedia