BILATU

abendua 22, 2014

SANTAMASAK, FERIA BAT BAINO GEHIAGO



Ohiturak mende askotakoak direnean gauza serio batez hitz egiten ari gara. Bizi garen gizarte superarinean ekimenen bat bizpahiru aldiz errepikatzen denean ohitura bilakatzen dela esan ohi zuen nire adiskide batek. Eta hirutik aurrera emanez gero tradizioa bihurtzen dela, automatikoki. Abiadura kontrolaezinaren ondorioak dira horiek, aldakuntza sistematikoaren apoteosia. 

Gaurko koordenada horietatik nola deitu beharko genioke seiehun eta hirurogeita hiru urteko ekintza bati? Auskalo! Horrenbeste urte dirauen edozein elementuri errekonozimenduzko aitorpenak egin beharko litzaizkioke edozein tokitatik begiratuta, iraupenak berak elementuak zerbait on baduela adierazten baitu.

Arrasateko Santamas feriak 1351an ditu erroak ongi sustraituta eta oraindik ere bere gerizpea eskaintzen du, hastapenetako hiru egunetatik gaurkoa bakarrik geratu zaion arren. Aldatu egin da testuingurua, aldatu zaigu gizarte konportamendua, bilakaera sakona erakutsi du giza mosaikoak ... Baina berezko bere nolakotasunetan aurrera segitzen du feriak, azken finean hiritarron kolektiboak aingura animikoari eusteko premia baitu, beste kontsiderazio askoren artean. 

Arrasateko kaleak jendez beteko dira gaur, auskalo zeren bila eta zeinen deira. Izango al du zerikusirik fenomeno horrek oroimen katartikoarekin? Jatorrira itzultzeak buru, emozio eta izpiritu garbiketa suposatzen du eta gutxienez urtean behin horren erritoan murgiltzen gara.

Argazkiak: JMVM 

SANTAMAS JAIEI BURUZ ZERTXOBAIT GEHIAGO


 







 

abendua 15, 2014

MAITASUNAREN AMA BIRJINA, MELILLAN



Maitasunaren Ama Birjina, Malagan

Ondoko lerroak kristau jarreratik daude idatzita. Kultura horretan jaio eta hezi ninduten eta sinesmen horretatik bideratu ditut nire urratsak orain arte. Eta zahartxo samarra naiz aldaketekin hasteko. Argibide horren ostean, noan harira. 

Irakurri nuen lehengo astean espainiar Barne Ministerioan ahaleginak eta bost egiten ari direla, Malagako Maitasunaren Ama Birjinari polizia-merituzko domina emateko. Denboran urtebete inguru atzera egin beharko genuke dominari buruzko notizia horrekin topo egiteko. Niri dagokidanez, albisteak asaldatu egin ninduen orduan, pertsona normal bat halako ergelkeriak sortzeko gai ote den ikaratuta. Eta nire buruari itaundu nion Barne Ministerioa subnormalen esku ote zegoen.

Melillako hesia
Dena den, eguneroko berri jario aluzinantearen zurrunbiloan harrapatuta, aitortu behar dut Ama Birjina eta polizia-merituzko zorioneko domina lotzen zituena zeharo ahaztu nuela. Baina berriz ekarri didate gogora, jakin dudanean Ministeriotik jo eta ke ari direla zenbait instantzia zibiletik istorio ulergaitz horri ezarritako errekurtsoa ezereztatu nahian. Eta egiaztatu dut, baietz, ergel sakona izan behar dela helburu zentzugabe horri eusteko. 

Jesusek burua jasoko balu, zazpi isatsetako zigor batekin kenduko lieke giza espezimen lerdo horiei kristautasunarekin jolasteko gogoa. Edo, agian, kotoizko froga jarriko lieke: gai izango al da Maitasunaren Ama Birjina, bere dominaz eta guzti, Melillako irudi itzelak ekiditeko?


Argazkiak: eldiario.es ; elpais.es

abendua 08, 2014

BILAKUNTZAN ETSITU GABE



Yosef Garfinkel arkeologo israeldarrari entzun nion lehengoan Itun Kutxaren bilakuntza etengabeari eustea derrigorrezko ariketa dutela judutarrek, nahiz eta - berak zioen moduan- zorioneko Kutxa bera giza irudimenaren ondorio hutsa izan daitekeen. Ezen- azpimarratzen zuen Jerusalengo Hebrear Unibertsitateko irakasleak- Kutxari balioa ematen dion elementua muga gabeko bilatze hori da eta ez beste ezer. 

Garfinkelen aburukidea naiz, erabat, animalia mugatuak garen gizakioi bideko harriak behin eta berriz zapaltzea baitagokigu, norabide onetik goazen ez jakin arren eta inora helduko ote garen zeharo ezezaguna bazaigu ere.

Ahaleginean erre behar ditugu esperantzen ertzak eta horrexen beroari eskaini behar dizkiogu indarrak oro, inoiz gure baitan itxaropenaren fruitua onduko ote zalantza gorrian jartzen dugun batera. Barne dardara nekagarrian datza bilakuntzaren balizko konpentsazio bakarra. Askatasuna, maitasuna, justizia, zerua, zoriontasuna ... eta gainerako xede ukiezin bezain ulergaitzak atsedenik gabeko bilakuntzaren bitartez bakarrik erdietsiko ditugu, amaierarik ez duen saiakeran etsitu gabe irauteak eskainiko baitigu bila ari garen saria.

Argazkia: Tere Anda

abendua 01, 2014

ONDO ERE EGIN DUGU ZERBAIT



Ohituta gaude albiste txar eta desmoralizanteak irakurri, entzun eta ikustera. Nik ere, txoko honetan, kantxa zabala ematen diet soslai negatiboko berriei, zabalegia agian, eta batzuetan damutu egin naiz, inguratzen gaituen munduak irribarrerako aukera gutxi eskaintzen dituela ongi barneratua dudan arren. 

 Gauza jakina da osasunak ez duela espaziorik saltzen medioetan. Tragediak eta iluntasunak askoz ongarrituagoak dituzte albistegietako titularrak eta horiekin elikatzen zaigu etengabe, gero eta desinformazio sakonagotik.  

Baina arretaz begiratzen badiogu inguruari, itxaropentsuak izateko arrazoiak badirela aitortu behar dugu. Gure gizartean dena ez da kolore grisekoa eta errealitate koloretsua ere antzeman daiteke zenbait perspektibatik begiratuta. Adibidez, gazte mordo bat bere etorkizuna prestatzen badakiela erakusten ari zaigu eta horrek pentsarazten dit azken berrogei urteotan ondo ere egin dugula zerbait.

Euskal gizartearen konportamentu seinaleak intentsitate eta zentzu desberdinetakoak diren arren, nik artilunetan argi gehiago ikusten dut eta aldeko sentsazio horrekin geratzen naiz. Baikortasunetik bakarrik egin daiteke aurrera eta urrats sendoak emateko gure herria inoizko plataformarik hoberenaren jabea da. Itxaropen osoa daukat atzetik datozenengan.

Argazkiak: Tere Anda