BILATU

otsaila 10, 2014

LATROZINIOA ERREGE



Nola da posible erkidego oso bat bizi izatea aitorpenik gabeko ekonomiaren geruzapean? Nola arraio eraiki daiteke gizarte zerbitzu sarerik zergak ordaindu gabe? Non oinarritzen da lurralde horretako biztanleen biharko lan-sarien ardatza? Horiek nituen, iragan asteko arratsalde batean  lagun batzuek gonbidatuta, Valentziako txinatar merkatu erraldoia bisitatzera hurbildu ondoren bururatu zitzaizkidan galderak. 

Txundituta geratu nintzen bertako merkantzia trafikoarekin! Espainia guztiko bezeroen ilara luzeak ziren nonahi ikusten, furgoneta eta kamioiak kargatzeko iritsiak. Jakina, gehienek - denek ez idaztearren- BEZ ordaintzeari muzin egiten zioten. Hau da, existitzen ez den ekonomiaren pioiak genituen. Ekonomia beltzaren hedapena olio-tantaren antzera doa bere eragina zabaltzen eta ez da lur ertzean marea iruzurgilea geldiarazteko ahalmen ... eta gogorik antzematen.

BEZa aipatu dut baina PFEZ (IRPF) ere aipa nezake, segurantza soziala eta gizarte normalizatua osatu ahal izateko ezinbestekoak diren gainerako tributuekin batera. Latrozinioa nagusitzen ari  da gure ekonomian, eta ez bazaio behar bezalako neurririk ezartzen gureak egin du, lapurren erresuman  ez baitago itxaropenik lapurrentzat eurentzat ezik. 

Ezagutzen dut, oso ongi zihoan euskal enpresa baten kasua ... jabeak itxi behar izan duena. Ez al da kontraesana? Ongi joan eta itxi? Nola da posible? Arrazoi sinplea: enpresako bezeroak ez zeuden prest produktuak BEZaren "errekarguarekin" ordaintzeko! Eta enpresariak diru beltzean kobratzeari heldu dio. Beraz, enpresa desegin du eta ondorioz langileak segurantza sozialetik bajan eman ditu eta bere hornitzaileei mahai azpitik erosten die lehen gaia eta ... Labur bilduz: agur ekonomia arautua, agur langileen eskubideak eta agur lanaren balio sakratua. Horien ordez, oihan beltzeko lege gupidagabeak hartu du tokia, denon konplizitatearekin. Eta banaka batzuen onurarekin. Amildegirantz goaz.


Oharra: Urdangarin, bere emaztea eta besteen diruak lapurtzera ahalbidetu dieten guztiak, existitzen ez den ekonomiako adibiderik garbienak ditugu. Latrozinioaren errege-erreginak dira.

otsaila 03, 2014

ESPAINIAR ATZERRI LEGIOA GUREAN



Ez doaz, ez. Espainiako tropek gure lurraldeak zapaltzen segituko dute eta horrela samurrago igoko ahal izango dira noizik behin Gorbeiako tontorreraino, "Hemen gaude" argi eta ozenki adieraztera. Gure artean geratzeko asmo hori komunikatu berri digute espainiar Defentsako Estatu Nagusitik, esperantza faltsurik egin ez dezagun, eta Araka, Loiola eta Mungiako kuarteletan atzerri legioak bere indar erakuspenak egiten jarraitu ahal izango du, ad maiorem Hispania gloriam, piper potea lau haizeetara kulunka dabilen bitartean. 

Eskuin muturreko FAES  elkartearen azken txostenaren edozein ertzetik begiratuta, Euskal Herriko separatismoak gizarte haustura ekarri  du eta horrek zigor bat behar du. Hortik ari dira Aznar, Mayor Oreja, San Gil eta enparauak ordena apur bat ipini guran guk sortutako nahasi arriskutsuan eta horretarako bikain etorriko zaie espainiar tropen laguntza (1) Euskal sezesionismoari indarren arrazoiarekin egingo zaio aurre beste behin. Egoskorrak bide gara euskaldunok eta, FAESeko adiskideen iritziz, behar bezala ikas dezagun egur apur bat ez zaigu gaizki etorriko.

 (1) Oharra: PSOErekin ez litzaiguke hobeto joango.

urtarrila 27, 2014

GU EZ GARA DESBERDINAK



Zenbat eta gorago goazela zabalagoa bilakatzen zaigu ikusmira, xehetasunetan galtzen bada ere. Froga berri bat eskaini diot nire buruari aurreko baieztapenaz, zeren bitartez eta Santiago Carrilloren "Juez y parte. 15 retratos españoles" liburuarekin. Asteburu euritsuko irakurgaia izan dut, liburutegitik berreskuratua, duela hamasei urte irakurri bainuen lehen aldiz. 

Nire talaia partikularra urteen poderioz gorago kokatu zaidan neurrian panorama osoagoa dastatu ahal izan dut eta Carrilloren idazki mamitsuan lehen irakurketa hartan antzeman ez nuen erretratu argiagoa ageri zait. Gil-Robles, Azaña, Prieto, Primo de Rivera, Franco, Largo Caballero eta gerra zibilaren aurreko beste zenbait pertsonaiaren gorabeheretan, orduan nabaritu ez nuen konplizitatea - nork bere interesatuetara alderatua- igarri dut orain. 

Carrilloren liburuko galdera nagusia da -nahiz eta ezkutuan egon- 1936ko gerra ekiditerik izan ote zen. Eta PCEko buruzagiaren erantzuna, liburuaren tituluko epaile eta partea denez gero, airean geratzen da, ziur asko inori interesatzen ez zitzaiolako, Carrillo bera barne, gainera zetorkien sarraskia geraraztea. Espainiar politiko eta militarrek, interesen dantza makabroan itsututa, konfrontazio armatuan zuten amets egiten, arerioa guztiz zanpatzeko.

Ez zitzaien bakea interesatzen, herri xeheak pairatuko baitzuen gerra, eta liskar odoltsurik gabeko eszenategian ez zuten  beraientzat onurarik igartzen. Komunistak, faxistak, sozialistak, monarkiko eta errepublikazaleak, den-denak izan ziren errudunak gerra aurreko lehergailu potentzialaren metxari su emateko orduan.

Oraindik ere, bakoitzak bere txokotxo partikularra zaintzen duela, korapilo etsigarrietan endredatzen dira, balizko oinarrizko konponbideari bizkarra emanez. Eta zipriztin birrintzaile kutsagarriak guganaino iristen dira. Baina ez dezagun pentsa gu diferenteak garenik. Bai zera!

urtarrila 20, 2014

EUSKAL GAMONALAK




Vox-etik hasiko naiz, PPri eskuin aldean atera zaion garun zornetsu berritik, alegia. Abascal/Ortega Lara bikote harrigarriak bitarte zabala ireki diezaioke Raxoyren entramatuari eta honek ohiko bere jarrera atzerakoia areagotu beharko du hurrengo hauteskundeetan eskuin muturreko hautesleria galduko ez badu. Espainiako gehiengoak  garbi markatu du eskuinerako joera, Francoren garaietatik antzematen ez zen indar pilaketa izugarriarekin. Barre egiten dut horietako norbaitek bere buruari " liberal" etiketa jartzen dionean. Hain justu, eskuin kirastuaren erreakzio trogloditikoak ezkutatzeko erabiltzen den izenorde engainagarria.

Baina gaur derrigorrez dagokit Castilla Leongo Gamonal izeneko "galiar auzo"   ausartaren istoriora jotzea, oraindik ere itxaropenerako izpitxoren bat gera lekigukeela nire buruari adierazteko. Zin egiten dut ez nuela oraintsu arte Burgosko Asterix-en berri, baina astebeteko erreboltaren magia gai izan da ustelkeriaren ispilua eta ustelen ipurdia agerian uzteko. Ondorioak berebizikoak izan dira. Eta nota hartu dute beste latitudetan, gurpila geldi ez dadin.

Gure esparru naturalari helduz, zenbat euskal gamonal bizi izan ditugu orain arte eta zenbatetan atera gara garaile? Hori baino garrantzitsuagoa, ordea, gainditzeko geratzen zaizkigunak ez ahaztea da. Frakak bete lan daukagu-eta!

Argazkiak: www.eldiario.es 

urtarrila 13, 2014

ALPERRIK GALDUTAKO DENBORAREN BILA?



"ETAk Euskal Herria hitza erabiltzen du bere aldarrikapenetan. Josemari Velez de Mendizabalek Euskal Herrikotzat dauka bere burua. Ergo, Josemari ETAko militantea da. “Barbara, celarent, darii, ferio” lehen figura silogistikarekin antz gutxi duen horrelako burutazio kaskarra bota lezake espainiar barne ministroak lasai asko... "

Horixe idatzia neukan nire esku-telefonoko blockean lehengo ostiral goizean, kafea hartzera Mariasun laguna agertu zenean. Geroko utzi nuen silogismoaren  amaiera.

Eta ez nuen bukatu. Arratsaldeko gertaerak oso  azkar joan ziren eta notiziak beste eszenategi batean zeuden. ETBko Azpimarra telesaiora jo nuen azken informazioaren bila. Eta Carlton hoteleko prentsaurrekoaren ostean, Jose Luis Lizundiari entzun nion inflexio puntu bat ematen ari zela euskal indar politiko eta sozialen jarrera ikusita. Nik ez dut uste horrenbesterakoa denik: kausa-efektu sakon baten erantzun logikoa bai, baina askoz gehiagorik ez. 

Gero etorri zen larunbatekoa eta amak behin ohartarazi zidana gogoratu nuen: eskutik helduta joateak ez du  luzerako ibilbide bateratua bermatzen. Eraikuntzarako materialetako saltzaileren edo tele aurkezleren izena daukan Jorge Fernandez kabernako ministroari ipurdian ostikada berri bat eman diote Bilbotik. Baina hori gutxietsi gabe hobe genuke larunbateko agerraldiaren  lorratza aprobetxatuz apustu garaiagoetarako adorea erakutsiko bagenu batzuek eta besteok. Hamarkadatan alperrik galdutako denbora berreskuratzen has gintezke. Horrek nire ama zenaren baieztapena baliogabetzea ekar lezakeen arren…

=============..============

urtarrila 06, 2014

FILOSOFIA? ZERTARAKO?



"Baina zer dakite filosofoek bizitzari buruz? Beti filosofatzen ari dira-eta..." Horixe  aurpegiratzen dio "Galderak" deritzan antzezlanaren protagonistak bere buruari, filosofiaren ontasunak zalantzan jarririk. Gutxi gora behera, PPko zenbait politiko burutsuk egin bide dutenaren antzera, filosofia ikasgaia ikasketa plangintzetatik erauzi baitute, pultsuan batere ikararik nabarmendu gabe.

Filosofiak galderak planteatzera gonbidatzen gaitu. Aberastu egiten du  berezko gure izaera zalantza eta kezken bitartez. Eta erantzunik ez duten itaunak behin eta berriz formulatzeak buru-atrofiari bizkar ematea ahalbidetzen du, hainbeste zabor eta merkantilismo itogarriaren zurrunbiloan erdi galduta gabiltzan bitartean.

Giza izpiritua desagerrarazten ari den miseria neoliberalak helburu garbia du: gizartearen kontzientzia askea ezabatzea. Eta horretarako, jakina, arriskutsutzat dituzte pentsatzen laguntzen diguten lanabesak oro. Gure pobretasun kulturalean gero eta pariagoak segi dezagun ahalegin guztiak gutxi dira politiko oro zanpatzaile horientzat. Pobre eta otzanak nahi gaituzte, erreakziorako gaitasunik gabeko panpina tristeak. Eta euren gurutzada partikularrean eskolatik hasteak  bidea errazten die kultura borrero horiei.

Kontzientzia kritiko apur bat geratzen zaigun bitartean, ordea, geuri ere dagokigu kontrako saiakuntzari eragitea. Gizartearen garapena ez datza bakarrik zorioneko I+G+B hirukotean. Makina hutsak izango ez bagara, noski.

Argazkia: Tere Anda