BILATU

azaroa 28, 2022

GIZA BURMUINA


Oso gutxi ezagutzen da pertsonen burmuinaz, eta misterio izaten jarraitzen du, beraren gaineko ikerketetan gora gizadiaren sorreraraino igo gintezkeen arren. Burmuinaren esparrua, beraz, denetariko teoriatara dago zabalik eta horregatik askotan iritzi kontrajarriak ematen dira teoriazaleen artean. Eta ez da ezer gertatzen, noski, nork bere tesiari indarrez eusten dion bitartean, zientziak lizentzia ahalbidetzen baitie ikerlariei edozein emaitza publikatzeko.

Munduko biztanleriaren %15ari interesa lekiokeen ikerketa burutu da AEBeko George Washington Unibertsitatean, eta ondorioztatu dute adineko pertsona baten garuna ez dela gaztaroan bezain azkarra. Hala ere, malgutasunean irabazten du. Beraz, litekeena da adinean aurrera goazen neurrian erabaki zuzenagoak hartzea eta emozio negatiboen eraginpean ez egotea. Giza jarduera intelektualaren gailurra 70 urte inguruan gertatzen da, burmuina bere indar guztiarekin funtzionatzen denean. Interesgarria da, halaber, 60 urteren ondoren pertsona batek aldi berean garuneko bi hemisferio erabil ditzakeela. Horrek arazo konplexuagoak konpontzeko aukera ematen dio.

Hori guztia irakurrita, niri - 70tik gora egonda itxuraz buru ahalmenean beherantz noala- galdera bat datorkit: Putin, Biden eta abarren garunak kontuan izango al zituen Georges Washingtoneko Unibertsitateak ikerketarako? Ezezkotan nago.


azaroa 21, 2022

TXANTXARRA

 


Txantxar bat zuen nire bilobak; eta haginlariak bere lana egin du. Gure artean esango dizuet mutikoaren bidez ezagutu dudala betiko gure «caries»ek baduela euskarazko berezko hitza. Zorionekoa gure hizkuntza, datozen belaunaldiei esker.

Baina gaurkoa ez doa hortzen balizko osasunari buruz, beste gaixotasun larriagoaren inguruan baizik. Diodan aurretik ez daukadala sendagailurik osasun-arazo horrentzat, eta iruditzen zait ez dugula inongo vademecumetan aurkituko. Zein gaixotasunez ari naizen? Munduko futbol txapelketaz! Benetan, lotsagarritzat jotzen dut, duela hamabi urte ustelkeria-uholde baten erdiko esleipenaren bidez izango den Qatarko txapelketa. Hamabi urte denetariko salaketak mahai gaineratzen... baina alperrik. Egingo da eta kito.

Futboleko mundu usteldua deitoratzen dut. Hogetabost urte inguru izango dira nire denborako minutu bat ere eskaintzen ez diodala baloiaren espektakulu alienagarriari, eta nire jarrera horretan segituko dut. Horregatik, taberna-solasaldietan Qatareko zentzugabekeria kritikatu ondoren teleaparailuaren aurrean eseritako askoren hipokresia ezkutua salatzen dut, ez duela ezertarako balio dakidan arren.

Txantxar larri batek harrapatu du gure gizartea, eta nekez aurkituko da egoera korapilatsu horretatik aterako duen haginlaririk.

Argazkia: wikipedia

azaroa 14, 2022

EZ NAZATELA ATERA


Hitz ematen dut ez nukeela hain gai sentikorraz idatziko, bilobak ikastolan bildu baino lehen banku batean eseri nintzen egun batean, modu nabarian kabrearazi ninduten zirkunstantzia horietako batengatik izan ez balitz.

Beste jesarleku batean, nire aurrean, bikote bat zegoen, euren arteko interkomunikazio-mailak, horretarako neurgailurik balego, negatibo emango zukeena. Gaixorik zegoen pertsonak eta hura zaintzeko kontratatzen dutenak osatzen zuten bikotea. Lehenak, adindua, begirada infinitoan galduta, ez zuen keinu bat ere egiten. Ondoan baina gorputzak elkar ikutu gabe zegoen zaintzaileak ez zituen, euren aurrean egon nintzen hogei minututan bere telefono mugikorretik begiak altxatu, arreta auskalo non jarrita, baina inondik ere alboko lagunarengan.

Eta pentsatu nuen, buru ezgaitasunak harrapatzen nauenerako idatzita utzi behar dudala zeharo debekatuta geratzen dela ni etxetik ateratzea, ateratzeagatik. Haizeak eman diezadan nahi badute ireki dezatela leihoa, eguzki printzen aitzakian ni deskontsiderazioaren altzoan abandonatuta uztearen ordez. Hara, ohartu gabe idatzita utzi dut.


azaroa 07, 2022

EUSKAL GOTZAINAK ETA ELIZA


 Behingoagatik, euskal elizbarrutien eta euren egungo gotzainen egoerari buruzko nahiko erreportaje errealista irakurri dut; lehen aldiz diot, ez orokorrean, beste hedabide eta plataforma batzuek ukitutako gaia baita, euskal espektro mediatikoa menperatzen duen taldearen egunkarietan baizik. Eta pentsatu dut, ez dakit baikorregi, agian zerbait alda daitekeela euskal elizan.

Ez dut ezkutatzen progresiboki jaisten joan naizela, zero mailaraino iritsi arte, praktika erlijiosoarekiko nire fideltasunean. Fede zalantzagarriko sinesdun izatetik agnostizismo argi batera igaro nintzen, baina, bitxia bazen ere, praxi errituala guztiz alde batera utzi gabe. Duela hamar-hamabost urtera arte, hain zuzen ere jada batere erakartzen ez ninduen eliza baten martxari ematen ari zitzaion kutsu atzerakoiak goragaleak sorrarazten zizkidala ohartu nintzenean.

Oso zaila da, ardi galdutzat har luketen ni berriro eskortan ikustea, arrazoi sinple batengatik: ez dut gizarte artaldeetan sinesten. Baina, eta ez da kontraesana, artzainen jokaerak desberdinak izaten direnez artaldearekiko nire iritzi eta, zergatik ez, hurbilpena hobe daitezke, azken finean kristau kulturan hazi eta hezi baininduten, eta hori ez dut ahaztu.

Erlijioak gizakiok asmatu genituen, suposatu nahi dut giza multzoa makila humanoarekin zuzentzeko. Ordua da gure elizaren agintea iluminatuen eskuetatik erauztea, artaldeari argitasun humanitarioaren oparia eramateko.

Argazkia: JMVM