BILATU

ekaina 15, 2020

GREGARISMOA


Zalantzan nago gizon emakumeok sozialak garen ala ez. Batzuetan pentsatzen dut ezetz, agian gregarioak izateraino heltzen garela, hortik pasatu gabe. Soziala izateak konpromiso batzuk exijitzen ditu eta besteenganako begirunea, errespetua, giza kohesioa behar bezala sortuko bada. Elkarrekiko lotura materialak soilik gizakion nolakotasun gregarioa adierazten du, beste ezer ez. Ardiak eta erleak gregarioak ditugu.

Bistan da osasun-krisiak gizarte keinu positibo ugari azalerazi dituela, eta denboran iraunaraziko ote zaizkigun ikusteke dagoen arren, ni eszeptiko samarra naiz, ohiko insolidaritaterako joera naturala gailenduko delakoan bainago. Esfortzu handia egin behar da ibilkera zuzenari eusteko, erosoagoa -naturalagoa- urrats trakets eta estropozuz betetako martxa baita.

Itxialdi behartutik pixka bat askatu eta, errealitatea da gogorarazi behar izan zaigula gizarteko norbanakoak garela, besteenganako kontsiderazioa gure espazio askearen mugan amaitzen dela, gure izenordea, noski, plurala dela berriz ere azpimarratuz. Gure singularrean jokatuz gero gregario hutsak bilakatzen gara, ardiak eta erleak bezala, abere-senak mugiarazten dituena.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina