Mondragonés, sasoi onean |
Gaur, San Juan egunean,
122 urte beteko zituen “Mondragones” pilotari erraldoiak. Eta bideotxo bat prestatu dut, bere irudi batzuekin eta - Olaizola-Azkarate sendiari eta
Sancho el Sabio Fundazioari esker- eskuratu ahal izan dudan partitura
baten kalejiraren musikak girotuta. Ehun eta hogeita bi (100 + 22) urte;
Juan Bautista handiak beste partidu bat irabazi izan balu bezala.
Artean ume bat
nintzela “Mondragonés” ezagutu nuenean nire aurrean irudi mitikoa neukala
ohartu nintzen. Gaixorik zegoen arren, gizon hark indar berezia transmititzen
zuen eta inguruan zituen lagunek begirune osoz begiratzen zioten, beren atzean
arrasto ezabaezina utzi duten pertsonaia horietakoei eskaintzen zaien antzera.
Juan Bautista Azkarate Egaña horixe genuen, Euskal Herriak emandako kirolaririk
esanguratsuenetakoa, bai kirol marka handiengatik eta baita txapeldun zintzo
eta apal izateagatik ere.
Omenaldia Mondragonesi: 1939-06-11, Donostian |
“Mondragonés”ek
hamarkada beteko historia egin zuen pilota munduan, 1917-1927 bitartean jaun
eta jabe izan baitzen kantxa guztietan. Arrasateko izena eraman zuen ohore osoz
kirol praktikan zein bizitza arruntean ere. Bere jaioterriak omenezko keinu bat
izan zuen berarentzat 1934an eta oraindik Zaldibarko frontoian ikus daitekeen
plaka eskaini zion:
“Azkarate ta Egaña tar Jon B (Mondragones) pilotaririk
aundien, gogorren eta gogotsuenari, bere jayoterriak. MCMXXXIV Urtean”
“Mondragones”
1965eko apirilaren 11an hil zen, bere jaioterrian.
Partituraren aurrealdea |
Bideoa alaitzen
duen musikaren partitura Bergarako
Gonzalez anaiek sinatuta dago, 1933ko irailaren 17an. Garai hartan Bergarako
Udal Musika Bandako zuzendaria Ignazio Gonzalez Escala zen. Eta horren seme Jose
Mariak (1908) eta Migelek (1920) (Gonzalez Bastida) musika munduan izen handia egin zuten. Izango al ziren bi anaia horiek
“Mondragones” kalejiraren egileak? Baietz esango nuke nik, Jose Maria
1933rako Hernaniko Musika Bandako zuzendaria baitzen. Eta urte horretarako
Migel Bergarako Bandako kidea genuen. Beraz, posible oso da bi anaiak egileak
izatea. Partituraren aurrealdean irakurtzen da: “Al pundonoroso pelotari J.B.Azcarate. Mondragonés.
Pasacalle vasco para piano a 2 manos. Por los Hermanos Gonzalez”
Kalejiraren
aitatasuna zalantzan egon daitekeen arren, bideoan entzuten den doinua Eugenio
Etxebeste adiskideak ahalbidetu dit, partiturako notak digitalizatuz. Esker
mila.
Bideoa
...zorionak ba !
ErantzunEzabatuaste on !
Baita zuri ere!!!
Ezabatu