BILATU

martxoa 04, 2013

ZUZENDARITZA ETA SENTIKORTASUNA



Bete beharraren konpromiso etikoarekin dago zuzen erlazionatuta edozein kolektiboren gobernua. Pellokeria? Hala izan beharko luke, baina arreta pixka batekin auzia ikertuz gero berehala antzematen da gobernua -zuzendaritza- giza balorez biluzik agertzen zaigula maiz eta -beraz- kolektiboaren kudeaketak porrot egin dezakeela, formulari ezinbesteko osagaia falta baitzaio: gizakiarenganako sentimendu positiboa.

Zuzendaritza sistemak -edozein delarik ere- beti eduki behar du presente ezin duela pertsonekiko erantzukizunetik  ihes egin. Sistemarik diktatorialenak ere jakin badaki bere lan gaia pertsonak direla eta horiengan eragin beharra daukala gobernu sistema bezala iraungo badu. Zuzendaritzak, beraz, gizakiak ditu lan gaitzat. Eta zuzenduengana iristearen aldera sentikortasuna kudeatu beharko du, besteen emozio-premietarako sentikorra izatea nortasun positiboko adierazlea baita. Hau da, zuzendaritza eta sentsibilitatea elkarren ondoan doaz, kudeaketa zuzena izango bada.

 Badirudi zuzendari izatea ikasi egiten dela. Sentikortasuna, ordea, jaiotzarekin batera eman dakigukeen balorea dela esan ohi da. Baina bizitza oso arazo konplexua da eta eragile ezkor eta baikor ugariz dago beteta. Zuzendaritza egokiak horiek guztiok neurtzen, ordenatzen eta gestionatzen gai izan behar du. Eta lantegi horretarako laguntza eskaintzen ari dira duela urte batzuetatik Juan Luis  eta Nerea Urkola. Horiek badakite zuzendaritza eta sentikortasuna elkarren ondoko piezak direla giza kolektiboen gobernuan. Eta alde horretako euren eskarmentuaren lerrorik mamitsuenak liburu gisa eskaini dizkigute oraintsu aita-alabak.

Sentikortasuna dugu ezinbesteko katalizadorea giza harremanak modu positiboan funtziona daitezen. Edozein gizarte elkarte edo erakundetan -hildakoaren kiratsik eriongo ez badu- kideen elkarrenganako engranajea koipetzen duena elkarrekiko sentsibilitatea da. Baina ez da bat ere lantegi erreza aldagai ugariko funtzio horretan emaitza onik erdiestea. Zergatik? Sinpleki, gizon emakumeok garelako aldagai horien eragileak.

Juan Luis eta Nerea Urkolak klabeak eskaintzen dizkigute talde-gorabeheretan aritzeko. Azaltzen duten moduan, gure bizitza ikasten, irakasten, negoziatzen, zuzentzen, eragiten, onartzen, taldean lan egiten, disfrutatzen, erosten, sufritzen, saltzen ... eta beste funtzio mordo batean ematen dugu.  Ezinbestekoa zaigu, beraz, elkarrekiko sentikortasuna, besteengana iritsi ahal izateko eta besteengandik onura lekarkidakeena jasotzeko.

 Liburu ederra da "Direccion y sensibilidad", egileen ohiko estilo praktiko eta erakargarrian idatzia. Daukan azpitituluaren arabera, bizitza eta zuzendaritza pasio, bokazio eta zentzu arruntarekin babestu behar dira. Egileei falta ez zaiena, alajaina! Eskerrik asko, Juan Luis-Nerea, berriz ere.

otsaila 25, 2013

ELUR URTE EZKUR URTE



Gure arbasoen gizarte ia linealean bizi izan bagina aplikagarria izango zen adagioa, maila guztietan. Normalean bizimodua zerura begira ateratzera behartuta zeuden gure aurrekoek bazekiten elurrak -neurriz egindakoak, hori bai- onura ekarriko ziola beren ekonomia urriari. Gutxirekin konformatu beharra zeukaten eta egoki botatako elurrak ondu egiten zituen ortu, solo eta basoak. Eta kanpo aldea elur geruzak zurituta eta lanerako ez  gai zegoen bitartean, gure aitona-amonak su baxuaren arrimura biltzen ziren, inorako presarik gabe, zeruak ekarriko zien egun aproposaren zain.

Mendetako jakintzari arrazoi apur bat emanez,  aurten daramazkigun elurteek, ziur asko, eragina izango dute haritzen fruitu ekarpenean eta udazkenean ezkur ugari jaso ahal izango da. Ez dakidana da, egungo gure baserritarrek ezkurrak batzen ote dituzten, azienda ere murriztu baita haien etxeetan, neurri sinbolikoetaraino.  Baina horrek ez dio sinesgarritasunik kentzen esaera zaharrari.

Aplikagarritasuna da, ordea, egun esaerari falta zaiona. Ezen, eraiki dugun gizarte multilinealean elurrak on gutxi eta kalte ugari ekartzen dizkio gure bizimoduari. Baita, jakina, kalera begira bizi diren baserrietako lagunen kasuan ere. Konplexutasuna jakintza tradizionala zokoratzen ari da, egunetik egunera.

otsaila 18, 2013

ESPERANTZARAKO LEIHO IREKIA?



Apirilean gertatu zen, 2005ean.  Aldi-tarte luze bat neraman "deskonektatuta" mundutik, ez bainituen egunkaririk irakurtzen, irratirik entzuten eta telebistari ez nion begirada bat ere botatzen. Hilabete pare bat lehenago erabaki nuen nire buruari atsedena eskaintzea, nazkatuta bainengoen eguneroko albiste zaparrada irentsiezinarekin.

Eta albiste-barau hartan zeharo murgilduta nengoela gertatu zen Aita Santu berriaren hautaketa. Juan XXIII San Pedroren aulkira altxatu zutenetik -oraindik nire burmuinean entzuten ari naiz Arrasateko elizako kanpandorretik  irisarazi zizkiguten kanpai hotsak- gero izandako beste hiruren izendapenak ia-ia zuzenean bizi izan nituen komunikabideetatik baina laugarrenaren kasuan ez nuen berria zenbait egun igaro arte ezagutu, nire "ihesaldi mediatikotik" itzulita Joseph Ratzinger Benedicto XVI bilakatu zela jakin nuenean. 

Gaurko nire aitorpenarekin jarraituz, diodan oraingoa izan dela eliza katolikoaren buruan egon den bitartean Aita Santu bati kasurik gutxien egin diodana. Arrazoia, azken urteotan elizarenganako nigan bizi izan dudan erlaxatasun sakonean dago. Orain badoakigula iragarri du eta automatikoki galdera bat baino gehiago etorri zaizkit burura.

Bere deliberamenduarekin Jainkoaren ordezkaria baino lehenago gizona dela argi eta garbi adierazi digunez, Benedicto XVIren erabakia esperantzarako bide bat irekitzearren ote datorkigun da, labur bilduz, itaunen kezka. Vaticanoko buru berriaren bideak ekumenismoaren aldeko norabidea markatuko du? Pertsonen eta herrien duintasuna botere guztien aurrean fermuki aldarrikatu eta defendatzeko gai izango da? Ahaltsuekin lerrotu beharrean munduko pobreekiko komunioan egongo al da?  Hitz batean, zeruko aintza munduan ere ezartzeko adina ahalmen edukiko ote duen da galdegai nagusia. 

Beraz, 1958ean kanpai haiek iragarri ziguten Aita Santuak kristau guztiongan iziotu zituen ilusioa eta esperantza berpiztuko balira, Benedicto XVIren uko egitea txalogarri eta laudagarria litzateke. Etsipenean segituko bagenu, zertara etorri da agur esatea?



Argazkiak: www.biografiasyvida.com
 

otsaila 11, 2013

ETORKIZUNARI BETARTE BERRIA



Ehun eta berrogeita hamarreko marra gainditzearekin batera aurpegi aldaketa etorri da. Txoko honetara ehuneko bat eta erdi agerpen izan ondoren etorkizunaren irudi-adierazpenak beste dimentsio bat behar zuela iruditu zait. 

Duela bi urte pasatxo ekin nionean "iragana" izan nuen hizpide. Aurrera begirako iragana aldarrikatzen nuen eta zentzu horretan zuzendu nahi izan ditut nire ekarpentxoak. Iragana ez da ezer, etorkizunean proiektatzeko ez bada. Aspaldi zioten Rolling Stonesek bere Ruby Tuesday ospetsuan: atzokoak ez du balio, atzo soila bada. 

Eta gorago dimentsio hitza idatzi dut. Abiatu nintzenean ezin nuen espero txoko honek jaso dituen lagunen (1) erantzun, aholku, iradokizun, errieta eta txaloak hainbeste izango zirenik. Zinez eskertu dudana, sareak ezusteko ederrak eman baititzake, positibo edo negatiboak, eta horrek zorroztasun eta zintzotasunerako seinaleak beti erne edukitzera behartzen zaitu. Espero dut gaurtik aurrerako ibilaldian ere aukerak aurkeztuko zaizkigula, elkarkidetzan haz gaitezen.
Eskerrik asko, beraz, orain arte txoko honetara agertu zareten guztioi. Hor zaudetela jakiteak animatzen nau hitzorduarekin puntual izatera. Etorkizuna lantzen segituko dugu.


(1) Adibidez, sarrera-argazki berria Fernando Martinez de Ereditak utzi dit. Gaurtik aurrera horixe izango da denentzako ongietorriaren erakuslea.