BILATU

ekaina 22, 2015

UDAN GAZ



Udako atartea zeharkatu genuen atzo. Bagaude udatiar bilakatuta kronos gupidagabearen lizentziarekin. Udaren eragina igarriko ote dugun beste gauza bat da, soinekoak ez baitu sekula soina sortu, gehienez jota jantzi, baizik. 

"Udan gaz" bota zidan lagun batek atzo goizean paseatzera atera nintzela eta segituan urtearen abiadura dardaragarriaren gaineko solasaldiari lotu gintzaizkion. Ni bezala, laguna jubilatua dago. Eta beti pentsatu bide du urteko sasoiak zuzen erlazionatuta daudela gizakion hazkunde fisiko eta psikikoarekin.

Lagunarentzat udaberriak gure haurtzaroa adierazten du. Udazkena heldu aroa da. Neguak zahartzaroa dakarkio gogora. "Eta uda?" -galdetu zidan- "zure zer bizitza-etaparekin lotuko zenuke?" aurreko bere iritziekin ados ote nengoen itaundu gabe. 

Erantzun nion, gertatzen ari zaidanari erreparatuz, udak gizakion iragarpen gehienen konkrezioa markatzen duela, "izan nahi dut" proiekzioaren abiapuntua dela, alegia. Garbi dago probetxuzko xede eta jomuga baliotsuak ditugula uda sasoi emozionalari dagozkionak. Eta nerabezaroa eta gaztaroaren inpultsu indartsuei begira, aldi tarte hori da estuen datorrena udako bizipen emankorrekin. Azpimarratu nion nire uda propioa bizi ari naizela ere, urte osoan zehar, egutegiari begira egon gabe. Hori bai, ezer prometitu barik, adinduek ez baitugu promesik egin behar.

Argazkiak: Tere Anda, JMVM 

http://www.fentmuntanyaiformacio.es
 

ekaina 15, 2015

TXULETAK



Txuleta zalea izan nintzen. Ez naiz harategian eros daitezkeen horietaz ari, era guztietako azterketetarako betidanik erabili izan diren paper txikiei buruz baizik. Ekaina azterketa hila dugu eta ziurrenik ikasle asko fidatuko da ezkutuko "laguntxo" horretaz, ikasitakoak heltzen ez duen datua irisaraz diezaion. 

Aitortu behar dut txuletek une larri ugari ekidin dizkidatela. Eurei esker desertuko ordu luzeak saihestu nituen ikaslea nintzela eta oraindik ere amesgaizto askotan txuletaz inguratuta ikusten dut nire burua, estualdietako salba ohola ukatzen didatela izututa. 

Unibertsitaterako hautaprobak izan berri dira eta ikasgeletako zaintzaileen ardura handienetakoa zen, ikasleek euren gainean tramankulu elektronikoren bat izango ote zuten. Kopiatzeko sofistikazioa ikaragarri hazi da, eta gero eta bitarteko irudiezinagoak antzematen dira azterketetan. 

Ene ustez, ordea, ohiko txuletek abantaila zeukaten egungo sistemekin alderatuta: oharkabez, txuletan idaztearekin kopiatzaileak zertxobait ikasten zuen. Eta zertxobaitetan lagunduko zidatelakoan nago.

Argazkiak: Internet





http://www.fentmuntanyaiformacio.es
 

ekaina 08, 2015

IRAGANERA ITZULIZ. GALARRA



Hamar bat lagun sartu ginen leizera. Eskuko linternaren bat eta karburoko kriseiluekin argitzen genuen espazio malkartsu, zabal eta legendaz beterikoa. Tupust egiten eta labainkadaren bat baino gehiagorekin zulatu genuen iluntasun irensgarria. Garrasi batean jaitsi ginen ezkutuaren sabelera. Hamabi-hamalau urte bitartekoak ginen, burrundara zaleak. Duela berrogeita hamahiru urte jazo zen abentura hura. 

Iragan ostiral goizean ostera itzuli nintzen Galarra(ga)ko kobara. Alvaro eta biok bakarrik. Orduan bezainbeste zailtasun, eragozpen, zola labainkor eta legenda. Baina oraingoan isiltasunak lagundu zigun harpeko ibilbide osoan. Isilpeko jaitsiera erakargarriak gidatu zituen gure urratsak eta bekokiko linternena izan genuen orduko bitarteko zaharretatik bereizten gintuen aurrerapen teknologiko bakarra. Gozada bat izan zen, leizearen sabaiko zirrikituetatik iragazitako ur tantek osatzen zutelarik erritmo konpasatuaren kadentzia.

Merezi izan zuen. Batzuek atzera pausu ilogikotzat har lezaketen arren, konbentzituta nago itzultzeak bizitzari aurrerako bultzadatxoa ematea adieraz dezakeela. Duela berrogeita hamahiru urte nire barnean iltzatu ezin izan nuen sentipen bizigarriak gainezkatu ninduen oraingoan koba zulo ilunean. Eta berrindartuta atera nintzen goiz ederreko argira.
Argazkiak: JMVM
http://www.fentmuntanyaiformacio.es