BILATU

iraila 25, 2016

ALEA, BAI. ZER EGIN LASTOAREKIN?

Igaro da dena eta ez da ezer pasatu. Ala bai?  Beti bezala, irabazleak irabazi du eta ez dute galtzaileek egin. Inork ez du bere kasillerora berdinketaren zeinua eraman. Gainera ez zuen ezertarako balioko.

Eta orain, nola geratzen da sailkapena? Nork lideratzen du norgehiagoketa? Nori dagokio nagusitasuna jarduera-zelaian erakustea? Joko arauei buruz ba al dakigu gehiago atzo genekienaz gain? Arbelean digituak ageri dira, irudi desberdinak marraztuz, balizko konbinazioen arabera.

Lastoa eta alearen gaineko alegia entzun nion lehengoan
irabazleari, bikaina iruditu zitzaidan hitzaldian. Azalpen metaforatsua txalotzen nion bitartean, ordea, garia izango bada lastoa derrigorrezkoa dugula gogoratu nuen, bata eta bestea elkarren ondoan garatzera baitaude behartuta.  Eta buru argiek etekina ateratzen diote lastoari. Oraingoan ere, ziur baietz.

Argazkiak: EITB, Wikipedia

iraila 19, 2016

SANTA RITA, RITA, RITA...



Norbaitek gaizki ulertu zuen esaera zaharra eta "emandakoa ez dela kendu behar" baieztapena bestelako itxura batekin jokatu nahi izan zuen. Norbait hura Rita  (ez santua, baizik valentziarra) sostengatu duen alderdia  da eta  emakume horren ibilbide politiko kirastuan zikindu diren guztiak orain bide bazterrean utzi ditu alkate ohiak, berari inork ez diola adarra jotzen gehituz. 

Bere patrika gizentzen lagundu dion alderdiari agur esan dio  - besteak beste, “espainiarrenganako begirunearengatik” (hori bai narrusendotasuna!) eta bere patrikan eskua sartzen inori ez diola aukerarik emango azpimarratu dio oraintsu arte bere txotxongilo izandako Raxoi presidente gezurtiari. “Ez al zenidaten kargua nire zerbitzuak ordaintzearren eman? Santa Rita, rita…” 

Total, "labienpagá" folklorikoak eztena sartu diela jokaldi zakar eta esperpentikoak  txalotu zizkiotenei, eta muturreko galanta jo die, santa rita bat bakarra dela eta berarekin ezingo dutela argi utziz. “Tori "caloret"!  Rita valentziarra garbi mintzatu da: nork inondik jasotakoa ezin dio beste inork erreklamatu. "Bestela... dantzan jarriko dut mingaina, eta ikusiko duzue zertan amaitzen den pasodoble hau"

Argazkia: el mundo.com

iraila 12, 2016

GEZURRETAN MUNDUKO TXAPELDUNAK



Ezagun egiten al zaizu, irakurle maitea, Dana Reizniece-Ozola izena? Niri, egia esanda, zeharo arrotza zitzaidan, nazioarteko prentsara jauzi egin zuen arte. Ministroa da, ekonomiakoa, bere estatuan - Letonian, eta ospe ikaragarria lortu du, xakeko munduko txapeldunari irabazi diolako. Ekonomian ez ezik - diotenez, gainera, politiko ona da- xakean ere goi mailako prestakuntza erakutsi du. Hou Yifan txapeldun txinatarra irabazteko gai izan da ministroa , Azerbaijaneko hiriburuan egin diren norgehiagoketan.

Gure ministro batzuk ere gai lirateke munduko txapelketaren bat irabazteko, aurkeztuko balira. Areago, nahi gabe ere titulua eskura lezakete euren alderdi politikoaren kideek orain arte eskaini dieten sostengua ematen jarraituko balute.

Baina, kontuz,  ez litzateke xakean izango - ez doakie  joko zerebrala- baizik eta engainurako abilezia erakusteko aukera lukeen espezialitateren batean. Demagun, gezurtien txapelketan.

Raxoigandik hasita eta azken ministro/ministro orde/estatu idazkari/ zuzendariraino munduko txapelketa irabazteko harrobi ikaragarri zabala dago espainiar gobernuan. Iruzurti (eta ebasleak) akaberakoak ditugu, berez, eta horiexek dira osagai printzipalak tituluarekin geratzeko. Ez al duzu ikusi, nire irakurle estimatua, zein  begitartea jartzen zaion Raxoiri Barcenas/Rato/Soria/eta enparauri buruzko defentsak egin dituenean? Gezurra igartzen zaio begietan, argi-argi.



Argazkiak: chess.com; el confidencial

iraila 05, 2016

USAINEKIN OROITUZ

Iragan uztailean zendu zen Karlos Goenaren oroimenez.


Usainek oroitzapenak piztuarazten dituztela irakatsi zitzaigun aspaldi, hain justu Karlos Goena psikiatra jesuitarekin psikologiaren oinarrizko kontzeptuetan barrena egin genuenean.  Adibide praktikoak jartzen zizkigun seguratarrak klasean eta nork bere sentsazioen deskribapena aurkeztu behar zuen gainerako ikaskideen aurrean, iraganeko bizipen bati xehetasunak ipiniz. Horrela jakin genuen usaimenak ikusmenak baino oroitzapen gehiago finkatzen dituela.

 Denoi gertatu zaigu usainen bidez jauzi luzea egitea inoiz gure oroimenean eta batzuetan barne biltze suspergarriarekin saritzen diogu gogoari.  

Lorategiko lore mota desberdinen artean tajeteak dira modu berezian zaintzen ditudanak, batez ere ekaina-iraila  hiletan. Oso lore apaltxoak dira, merkatuko merkeenak agian, baina niretzat adierazpen espeziala daukate: euren usain gozoak nire haurtzaroko udetara garraiatzen naute, hain zuzen ere Arrasateko igeritokira. Bertako ur aska ederraren inguruan tajeteak genituen nagusi eta esku trebe batek goizeko lehen orduan ureztatu ondoren sekulako usain-agur zoragarriarekin errezibitzen gintuen piszina hark egunero. Haurtzaroko udak izan ziren.


Karlos Goena

Tajeteen usain ahaztuezina dela medio urtero errepikatzen ditut une haiek mende erdi luze bat geroago. Eta adierazi behar dut plazera dela berpiztea, unetxo batez bada ere, emozioak eta, zergatik ez!, betiko joan zitzaizkigun adiskideen gaineko sentsazioak.