
Hitzekin deskriba ezin daitekeen sentsazio
dultzeak espazio erraldoitik garraiatzen nau eta nire txikitasun nanoaz
jabetzen naiz. Ahaleginak egiten ditut izarrik txikiena antzemateko eta segundo
batean milioika kilometrotako bidaia burutzen dut, itaunak bata bestearen
ondoan datozkidan bitartean. Argitxo
hura zer arraio den, zer distantziara dagoen eta zergatik ikusten dudan
galdetzen diot, besteak beste, nire buruari. Eta naizen begiraleren saiakera
horretako azken galderak hotzikara puntu bat jartzen dit bizkar hezurrean: izango
al da izar urrun hartan nire moduko besteren bat lur planetari
buruzko
antzerako zalantzak dituena? Bertigoa.

Gizon-emakumeok lur azalera agertu ginenetik
egon gara izarrez liluratuta. Eta berezko gure ezgaitasunaren ondorioz, galdera
berdinei erantzun diferenterekin ihardetsi diegu. Egiatasun ilun horrek, ordea,
ez nau kezkatzen, ihardespenik gabeko galderak gizakion ezinbesteko
gogo-eusletzat baititut, zorabio animikoak sorraraz ditzaketen arren. Nahiago
dut ezezagunaren aurreko bertigoa isiltasun alienatzailearen zarata baino.
Argazkiak: wikipedia, wallpaper.net