BILATU

abuztua 10, 2015

OBAMA ETA KLIMA ALDAKETA



Politikoki ezegokia izateko arriskutan nagoen arren,  egunsentiko sargoriak atzoko hotz dardaragarriaren oroitzapena ekarri didanean AEBren lehendakariaren irudia berpiztu dut nire baitan, eta txalo isil bat eskaini diot, nire ekintza horrek ez duela ezertarako balio izango ongi barneratua badaukat ere. 

XIX.aren bukaera aldetik munduko punturik adierazgarrienetako hotz-beroen gorabeherak kontrolatzen ari dira eta datu guztien arabera gure planetaren beroketa errealitate frogagarria da. Horren egiaztapenari zalantzak jartzea eguneko argia bera ukatzearen hurrengoa da. Hala ere, aste honetan bertan jakin ahal izan dugu, munduko biztanleria nagusiaren %40ak ez duela inoiz kilima aldaketaz ezertxo ere entzun.

Obama lepora lekioke orain arte ezer gutxi aurreratzea negutegi-eragina murrizteko, baina ausart samarra izan da bere plan berria aurkeztean, egurats-kutsaduraren kontrako neurriak ezartzeak ez baitio AEBren ekonomiari epe laburreko abantailarik ekarriko, alderantziz baizik. Eta garbi dago nork duen beti edozein estaturen ibilbideko legeria jartzeko ahalmena: kapitala. Obamak kapitalari ipini dio balazta bere plangintzaren bitartez eta orain eskuineko errepublikazaleen bitartez ikatz-industriaren aldeko eraso bortitzari egin beharko dio aurre . 

Aurreneko aldiz AEBetako lehendakari batek energia-lantegien isurtzeari heldu dio gogotsu, eta neurria ez da gau erdiko ahuntzaren eztula, iparramerikar estatua Txinaren atzetik baitoa egurats kutsaketaren ranking partikularrean. Horrek ideia bat eman dezake Obamari eta bere ondorengoei itxaroten dien lan mardularen gain. Obamak "betekizun moral"tzat hartu du berak bultzatutako ingurugiro- politika. Ez dago gaizki. Horregatik, Barack eta atzetik etorriko direnei arautegia aurrera eramateko gogo, adore eta frankotiratzaileen kontrako zorte on handia opa behar zaie. Batez ere zorte on, kutsatzaileek ez baitute esku-oihala botako.

Argazkiak: washington post.com 

2 iruzkin: