BILATU

martxoa 18, 2013

EUSKONEWS IRAKURLEEI DEIKA


Interneteko euskal aldizkari beteranora ere heldu da krisi ekonomikoa eta ondorioak sufritu ditu. Euskonewsi nagokio, noski, duela hamabost urte lehen agerpena egin  eta ordudanik euskal kulturaren lagunengana astero iritsi dena.  Aurrerantzean, hamabostekaria izango da. 

Ez da bideko istripua izan, ez. Kultura mundua jipoitzen ari den uhin birrintzaileak eszenategi berri baten aurrean jarri gaitu eta nork bere eskaintzarekin segituko badu  neurri bereziak eratu beharko ditu bere inguruan.  Euskonewsek ere aurre egin behar izan dio erronkari. 

Eusko Ikaskuntzaren agerkari digital aitzindariak ibilbide malkartsua izan du, eragozpenez betea, kudeaketa, berez, oso zaila duen espazio birtualean. Azkenik, lehia da konstantea agente desberdinen artean eta hemen ez dago  ezer oparitzerik. Normala, merkatal espektrua, gehien bat, diru publikoetako deialdi eta gainerako iturrietan dagoenean. Edozein merkaturen ekintza-arauak gogorrak badira ere, euskalgintzaren itsasoan biderkatu egiten dira,  bertako eragile batzuek kolore desberdina hartzen baitute uneko zirkunstantzien arabera. Kameleoiaren trebetasuna hutsaren hurrena bilakatzen dute euskal marrazoek. 

Baina Euskonewsk  ez du iparra galdu eta, alboetara begiratzeari utzi gabe, trinko eutsi nahi dio orain arteko bere ibilbideari. Lokarri  dogmatiko baldintzagarrietatik aske, bere helburuari zintzo segitzea dagokio, eta erronka berrien artean, besteak beste, bere irakurle eta lagunen konplizitate ekonomikoa erdietsi nahi du. 

Egitura apal bezain malgua da Euskonewsena eta hamabostean behin argitaratzera pasatu den arren gainerako konstanteei -kalitatea, irekitasuna, zorroztasuna- fermuki eutsiko die.   Aldizkariaren milaka eta milaka irakurleek arreta eta begirune osoa merezi dute-eta.





martxoa 11, 2013

ZIGOITIAKO AZKEN EUSKALDUN ZAHARRA




Joxe Beobide zestafearrarekin eman nuen iragan larunbat arratsaldea. Murgiako erresidentzia batean bizi da, laurogeita hamahiru urterekin; bizitza luzea,  behintzat zati handi batean txori libreen antzera eman ondoren. Errepublikaren kontra 1936an matxinatutakoei aurre egiteko alistatu egin zen euskal abertzaleekin, baina bere herria  Legutioko frontetik hurbil eta babesgabe zegoenez atxilotu egin zuten eta, beste hainbat euskaldun bezala, "langile batailoi" haietako batera kondenatu zuten, espainiar zenbait lurraldetatik ibili behar izan zuelarik frankisten morroi gisa. Hamasei urte zituen.

Kontatzen duenez, Urbasatik Teruelgo frontea bitartean kolore diferentetako balek eta metrailak botatako ehunka gorpu ehortzi behar izan zituzten berak eta batailoi kideek, edozein gerrak protagonista aktibo zein pasiboengan eragindako izuak gainerako sentsazioak ahaztuta. Makinen antzera aritu ziren, goitik zetozkien aginduei "zergatik" txikiena ere jarri gabe. Beobideren baitan bizirik diraute giza-kataklismo haren irudiek, nahiz eta hirurogeita hamabost urte eman diren ordudanik.


Honaino, irakurle, ezer berririk gerraren zehazkizun, gordintasun eta bizipenei dagokienez.  Hainbat euskaldunek idatz zezaketen antzerako biografia.

 Beobiderengana eraman ninduen arrazoirik nagusiena, berriz, Joxe Gopegiko Zestafeko  azken "euskaldun zaharra" izatea da. "San Pedro auzokua,  eta bizitza osua ardiekaz ibili nok Gorbeian" esan zidan ongi etorri gisa. Inoiz ez dio euskaraz hitz egiteari utzi eta bizitzako sufrimendurik latzena euskaldun izateagatik jaso zuela adierazten dio, aditu nahi dionari.

Gehiago ezagutu izan ditudan arren, egun Joxe da Zigoitiako azken euskaldun zaharra. Zorionez, arabar lurralde horretan ere euskaldunak ugaldu egin dira azken urteotan eta belaunaldi berriak itxaropenerako hazia erein du. Oxala oraingo euskaldun gazteak Joxe bezain zintzoak balira euskararekiko!




martxoa 04, 2013

ZUZENDARITZA ETA SENTIKORTASUNA



Bete beharraren konpromiso etikoarekin dago zuzen erlazionatuta edozein kolektiboren gobernua. Pellokeria? Hala izan beharko luke, baina arreta pixka batekin auzia ikertuz gero berehala antzematen da gobernua -zuzendaritza- giza balorez biluzik agertzen zaigula maiz eta -beraz- kolektiboaren kudeaketak porrot egin dezakeela, formulari ezinbesteko osagaia falta baitzaio: gizakiarenganako sentimendu positiboa.

Zuzendaritza sistemak -edozein delarik ere- beti eduki behar du presente ezin duela pertsonekiko erantzukizunetik  ihes egin. Sistemarik diktatorialenak ere jakin badaki bere lan gaia pertsonak direla eta horiengan eragin beharra daukala gobernu sistema bezala iraungo badu. Zuzendaritzak, beraz, gizakiak ditu lan gaitzat. Eta zuzenduengana iristearen aldera sentikortasuna kudeatu beharko du, besteen emozio-premietarako sentikorra izatea nortasun positiboko adierazlea baita. Hau da, zuzendaritza eta sentsibilitatea elkarren ondoan doaz, kudeaketa zuzena izango bada.

 Badirudi zuzendari izatea ikasi egiten dela. Sentikortasuna, ordea, jaiotzarekin batera eman dakigukeen balorea dela esan ohi da. Baina bizitza oso arazo konplexua da eta eragile ezkor eta baikor ugariz dago beteta. Zuzendaritza egokiak horiek guztiok neurtzen, ordenatzen eta gestionatzen gai izan behar du. Eta lantegi horretarako laguntza eskaintzen ari dira duela urte batzuetatik Juan Luis  eta Nerea Urkola. Horiek badakite zuzendaritza eta sentikortasuna elkarren ondoko piezak direla giza kolektiboen gobernuan. Eta alde horretako euren eskarmentuaren lerrorik mamitsuenak liburu gisa eskaini dizkigute oraintsu aita-alabak.

Sentikortasuna dugu ezinbesteko katalizadorea giza harremanak modu positiboan funtziona daitezen. Edozein gizarte elkarte edo erakundetan -hildakoaren kiratsik eriongo ez badu- kideen elkarrenganako engranajea koipetzen duena elkarrekiko sentsibilitatea da. Baina ez da bat ere lantegi erreza aldagai ugariko funtzio horretan emaitza onik erdiestea. Zergatik? Sinpleki, gizon emakumeok garelako aldagai horien eragileak.

Juan Luis eta Nerea Urkolak klabeak eskaintzen dizkigute talde-gorabeheretan aritzeko. Azaltzen duten moduan, gure bizitza ikasten, irakasten, negoziatzen, zuzentzen, eragiten, onartzen, taldean lan egiten, disfrutatzen, erosten, sufritzen, saltzen ... eta beste funtzio mordo batean ematen dugu.  Ezinbestekoa zaigu, beraz, elkarrekiko sentikortasuna, besteengana iritsi ahal izateko eta besteengandik onura lekarkidakeena jasotzeko.

 Liburu ederra da "Direccion y sensibilidad", egileen ohiko estilo praktiko eta erakargarrian idatzia. Daukan azpitituluaren arabera, bizitza eta zuzendaritza pasio, bokazio eta zentzu arruntarekin babestu behar dira. Egileei falta ez zaiena, alajaina! Eskerrik asko, Juan Luis-Nerea, berriz ere.