BILATU

otsaila 08, 2011

SOR JUANA INES DE LA CRUZ, 360 URTE



Aurten 360 urte betetzen dira, Mexikon Juana de Asbaje jaio zela. Horrela esanda, ez dakit zenbatek gogoratuko duen izen horrekin sortu zela, espainierazko literaturak emandako pertsonaiarik inportanteenetakoa. Sor Juana Ines de la Cruz-i nagokio, literatura erlijioso eta mundutarrean goi mailara iritsitako emakumea. Eta jatorriz euskalduna, bergararra.

Efemeride txiki hori 2011an dugula ezagutzeak mugitu beharko gintuzke moja horren pertsonalitatea pixka bat gehiago ezagutzera. Efemerideak, normalean, horretarako izan baitaitezke baliagarriak. Eta batez ere – duela 300 urte inguru!- generoaren literaturari abia ipini ziola kontuan edukitzen badugu, uste dut badirela arrazoiak emakume honen inguruko zerbait gehiago jakin dezagun.

Juana de Asbaje jaio zenak Bergarakoa izan bide zuen aita –Pedro de Asbaje- oraindik jaiotagiria aurkitzeke badago ere. Egunera arteko ikerketek ez dute fruiturik izan eta Sor Juana Ines de la Cruzen aitaren aldeko sorlekua zulo beltz bat bezala agertzen da mojaren biografian. Hori bai, euskalduna zela garbi dago, Sor Juana Inesek berak aitortzen baitu bere jatorria bere obren bigarren tomoan eta, gainera, zenbait poematan euskarazko esaldiak agertzeak euskal nortasuna ematen diote poetisaren obra erraldoiari.

Sor Juana Inesen obraren garrantziaz jabe gaitezen, gogora dezadan Octavio Paz Nobel Saridunak bere ikerketa lanik garrantzitsuenetakoa eskaini ziola 1982an, “Sor Juana Ines de la Cruz o Las trampas de la fe deritzana. Pazek poetisari buruzko ehun urte luzeko ikerketak biltzen ditu liburuan, modu horretan Mexikoko historia, literatura hispanikoa eta emakumearen aldeko aldarrikapenaren historia aberastuz.

Aurtengo azaroan beteko dira, beraz, 360 urteak eta ondo legoke bigarren belaunaldiko bergarar honen gaineko errebindikazioa egitea, nola edo hala. Ziur nago, Pedro de Asbaje madrildar, sevillar edo zaragozarra jaio izan balitz aurten efemeridea ospatuko zela, lege onez.

otsaila 07, 2011

TRINCADO ETA VITORIA: BIZITZA BATEN HISTORIA, ESKUTITZETAN


Beste bi eskutitz jaso ditut BEHIN IZAN ZIREN blogera. Jesus Trincadok segitzen du idazten Marcos Vitoria bere adiskidearentzat, eta nabari dakiokeen bezala, denboraren joanaz kontzentrazio esparruko lagunen morala jaitsi egiten zen, ez baitzuten garbi ikusten handik hain samur aterako zirela.

Bi idazki luzeetan, izen propio mordoa agertzen da, eta horien artean goi mailako protagonista batzuenak ere, hain zuzen Ameriketara emigratzeko ahaleginetan ari ziren politikoenak. PC, PNV, PSOE... Trincadok idazten du: Si después de todo se fija uno en los acontecimientos y habilidades americanas en ocupar colonias inglesas, enfría un poco mi entusiasmo en querer ver allí la tierra de la reconstrucción de nuestra vida ni del trabajo que hablamos en alguna otra ocasión. Allí movilización y aquí sacrificio para reconstrucción nacional. Y así con 50 ó 60 años. Mientras, seguiremos cantando a Thaelman y discurriendo programas a realizar con Celes u otro”

Bigarren eskutitzaren beste une batean baieztatzen du: “En estos seis largos años he aprendido bastante sobre experiencia y recuerdo a menudo la semejanza en que nos coloca, a la mayoría, la pobreza espiritual, con el cuento del campesino y la culebra helada. Así que...¡¡al gas, camarada!!... Yo empecé con mucho interés pero lo he perdido todo porque delante de la deseada solidaridad de erritarras, ponen las lentes partidistas, siendo prudentes, a lo sumo, siempre que puedan beneficiarles algo sin moverse. Así que por ello, en mi juicio, no despierta interés el caso...”

Argazkia: http://www.errioxa.com

(“Tacho” Amilibia kapitaina, Jose Antonio Agirre lehendakaria, Gumersindo Azkarate koronela)


BEHIN IZAN ZIREN:
http://behinizanziren.blogspot.com

otsaila 06, 2011

TUNEL BATEN IRTEERAN?


Bihar omen da eguna. Ume berria jaioko zaigu, auskalo zenbat denborako haurdunaldi baten ondoren. Zein izen jarriko dioten ere oraindik ez dakigu. Sexua? Ez naiz asmatzera ausartzen.

Bai, bihar, otsailaren 7an, Ezker Abertzaleak izaki berria munduratuko du eta aurreneko zalantzak argituko zaizkigu. Jaiotza gehienetan bezala - eta ume desiratua denez gero- ongi etorria izango da. Nola, gainera! Berak ere ez daki ongi zenbat itxaropen altxarazi dituen, han eta hemen. Batez ere, hemen.

Euskal Herriaren zeruko izar dirdiratsua izango ote den, izaki berriaren garapenarekin bat jakingo dugu. Zeru ertzetik barreneko eguneroko martxak erakutsiko digu iragarpenak betetzen ari diren ala ez, eta itxaropenak zutabe sendo ala kezkoak ditugun.

Tunel baten irteeran egon gintezke.



otsaila 04, 2011

ETCHEA UTZAGO, ORENA OZENAGO






Bere lehen diskoa erosi nuen 1968an eta ez dut pertsonalki oraintsu arte ezagutu. Berari esan nion bezala, berrogei urte luzez eraman dut isilpean berarenganako nire miresmena. Oso emakume ausarta iruditu zitzaidan hastapen haietan eta orain ere bide bertsutik segitzen du, musika mota desberdin batekin badihardu ere.

Eusko Ikaskuntzak eta Baionako Udalak eman diote gaur, otsailaren 4an, Hiriko Ohorezko Saria, eta lerro xume hauek idatzi nahi izan ditut, nire omenaldi txikia bailiran.

Angeluko bere etxean bisitatu berri dut eta Euskonews aldizkarirako elkarrizketa egin dugu. Maite Lapurdiko hiri hartan bizi da, Jokin Apalategi senarrarekin, eta biekin honetaz eta hartaz solas egiteko aukera izan nuen. Baita gozatu ere beren azalpenekin. Maite eta Jokin, Euskal Herriak eman dituen gizon-emakume prestu, eskuzabal, konprometitu eta ereileen adibide gardenak ditugu.

Apalategi-Idirin bikotearen etxeko egon gelaren zur landuzko apal batean irakur daiteke: “Etchea utzago orena ozenago”, hau da, etxean zenbat eta bakardade handiagoan bizi izan, hainbat eta luzeagoa egiten zaizu denbora. Itxura denez, senar-emazteak etxea erosi zioten aurreko jabeak apropos grabatutako euskal adagioa da. Eta egia borobil hori, modu baikor edota ezkorrean har daitekeelakoan geunden hiruok. Bakardadeak hausnarketa aberatserako tarte egokia eman diezazuke... edo erokerian erortzeko bidea gertatu ere. Bigarrenean jausi aitzin lan dezagun aurrena!

Zorionak Maite!

otsaila 03, 2011

DUELA HOGEITA HAMAR URTEKO ASTE BELTZA




Espainiar gerlaren amaieratik, gutxi izango dira -politikoki bederen- Euskal Herriko historian duela hogeita hamar urte bizi izan genuen astea bezain korapilatsu eta aldrebestuak. Otsailaren 3an – asteartea- hasi zen era bitxiz, oso modu beltzean amaitu zen zazpi egunetako aldia.

Aste haren abiapuntuan espainiar erregearen bisita ganorabakoa jarri behar da, bezperan Gasteizetik igaro ondoren otsailaren 4an Gernikako Juntetxera heldu zena. Agerpen harekin espainiar erregeak aurreneko aldiz jartzen zuen oina Euskal Herrian, eta nik dakidanez bederen ez zuen zin egin inongo foru edo berezko legetan. Baina Gernikako atartean zeuden Eusko Jaurlaritzako Karlos Garaikoetxea lehendakaria eta bere gobernukideak, erregea eta bere sekitoaren zain. Harmailetan, berriz, beste askoren artean HBko biltzarkideak ageri ziren. Eta borboiak bere diskurtsoari ekin eta berehala hatxeberoek abestutako "Eusko gudariak" entzun zen areto hartan, gainerako gonbidatu asko txalo eta bibaka hasten ziren bitartean. Berroziek eta bertako zaintza indarrek airean atera zituzten abeslariak, Junta Etxean "bakea" nagusi izatera itzuli zelarik. A! Eta espainiarren erregeak “Orixe”ren hitz batzuekin eman zion bukaera bere hitzaldiari.

Handik bi egunetara, otsailaren 6, ETAk Jose Maria Ryan Iberdueroko injinerua erail zuen, berriz ere ilogikak gure herri honen gogoa ilundu zuelarik. Urtarrilaren 30etik bahituta zeukaten Ryan, Lemoizko zentral nuklearreko obrak zirela-eta. Erakunde armatuak zentralaren gaineko asmoa bertan behera uztea eta ordurarteko obrak zazpi egunetako epearen barruan suntsitzea eskatzen zuen, besteak beste. Ryanen heriotza zigorra, beraz, iragarrita zegoen.

Bahiketa hark adierazi zuen sekulako gizarte-mugimendua, ez bakarrik gure artean baizik -esango nuke- mundu osoan. Europako hogeita bat herrialdetako milioi bat injineruk sinatu zuten ETAri zuzendutako eskabidea, Ryan libre uzteko. Heriotza haren zentzugabekeria salatzeko otsailaren 9an greba orokorra izan zen Euskal Herrian. Milaka eta milaka hiritar kalera atera ginen, gure sentimendua adierazteko.

Argazkia: El Pais


TRINCADO ETA VITORIA: BIZITZA BATEN HISTORIA, ESKUTITZETAN






Argèles sur Mer-etik igorritako beste bi eskutitz jarri ditut gaur, BEHIN IZAN ZIREN blogean. Oraingoan ere, Trincadok idatzita dira. Kontzentrazio esparruan ematen ziren eta beraiei iristen zitzaizkien albisteak jaknarazteko premiak ia-ia egunero idaztera eramaten zuen arrasatearra. Eskutitzak ere ez ziren laburrak: lauzpabost orrialdetakoak. Eta noizean behin, Trincadok aukera ematen zion marrazteko zuen trebetasunak eta apaindu egiten zituen idazkiak bere mararzkiekin.

Albisteen edukiari buruz, ordurarteko gaiek betetzen zuten: Ameriketarako gogoa, erbesteratuen artean burutzen ari ziren zerrendak eta adiskideen gaineko albisteren bat edo beste.

Gaurko lehen eskutitzean, euskaraz idatzitako lerrokada pare bat ageri dira. Garbi dago, Trincado eta Vitoriaren arteko buruz buruko komunikazioan euskara erabiltzen zutela, baina idazteko orduan, begi luzeek irakurriko ote zuten susmoa zutenean bakar-bakarrik erabiltzen zuten euskara, jakina arrasatear erara idatzita.


BEHIN IZAN ZIREN: http://behinizanziren.blogspot.com

otsaila 01, 2011

EUSKARAREN ERABILERAZ KEZKATUTA ARRASATEN


Azken berrogei urteotan, arrasatearron euskararen gaineko ezagutza %10 igo da. Gizabanako euskaldunen kopurua kontuan izanda, hazkundearen portzentaia pixka bat handiagoa da, 1969an 20.372 biztanle baitzituen Arrasatek, eta egun 23.000 inguru ibiliko dela uste baitut. Aurreko datuak, 1970-71 biurtean Siadecok arrasatear Udalarentzat eginiko ikerketa lan batetik atera ditut. Orduan, %43´8k zioen euskaraz hitz egiteko gai zela.

AEDk aurkeztu berri du Siadecok ere buruturiko ikerketa bat eta bertan hiritar euskaldunok euskara ez erabiltzeko arrazoiak azaldu dira. Datuen arabera, euskaldunon kopurua %54 den arren, kaleko erabilera ez da %33 izatera heltzen. Kezkagarria da, baina ez da espero ezin zitekeen datua.

Duela berrogei urte Siadecok zioen: “Hizkuntzaren kriterioa kontuan izanda, parte hartzea edota errealitate sozio-kulturalean txertatzea hutsaren hurrena da. Euskal Herritik kanpo etorri zirenen arteko integrazio prozesua oso txikia da eta, areago, Arrasaten bertan, Gipuzkoan edota Euskal Herrian jaiotakoen artean ere abiadura gero eta motelagoa da

Aspaldi idatzi nuen, orain arteko hezkuntza-sistemari eta gizarte antolaketa integralari jarraiki, iritsiko dela eguna hiritarron gehiengo adierazgarriak euskara ezagutuko duela. Ez dakit zenbat urte eman beharko den horretarako. Berrogei urtetako hazkundea + %10 izan bada... noizko lortuko dugu arrasatearron %80 euskaldun izatea?

Eta 2.200 urtean emango balitz ere, ziurtatzen al da orduko arrasatearron arteko euskarazko komunikazioa? Beste behin ere esan nuen, hain zuzen ere AEDk eratutako ihardunaldi batzuetan, ni ez nauela euskararen etorkizunak kezkatzen... orainak baino.

AEDk fraka bete lan dauka bere aurrean. Eta animatu egiten dut bidean etsi ez dadin, oso malkartsu eta zaila baita. Zoritxarrez (ala zorionez) toneladaka militantziaz baliatu beharko da bere helburuak betetzen joan daitezen. Izan ere, euskararen osoko ahalmenean sinesten dugunok eguneroko militantziaren zama astunarekin bizi gara, eta sinesmenak esoterismoarekin zerikusirik ote duen ez dakidan arren, ziur nago militantzia horrek balio erantsi ikaragarria eskaintzen diola geure bizitzari.