BILATU

abuztua 09, 2026

QUO VADIS, MUNDE?

 


Aguraingo nire aitona-amonen txakurrak Eguzki zuen izena, Setter arrazakoa zen eta aitonak ehizarako erabiltzen zuen. Ordudanik hirurogeita hamar urte baino gehiago eman diren arren, animalia maitagarri gisa gogoratzen dut. Gurasoen etxean ez genuen inoiz txakurrik edo katurik izan. Han lekua zuten animalia bakarrak —nahiz eta txikia izan— karnabak ziren, aitak denbora batez hazi zituenak. Eta emaztea nirekin partekatzen duen etxean ere ez da halakorik egon... seme-alabaren erreguei men eginez erositako ohiko dortoka izan ezik... eta hura gurekin geratu zen, harik eta umeak aspertu ziren arte.

Gizakiaren hastapenetatik bertatik izan dira etxeko animaliak gure bizitzaren parte. Errespetuz eta baita maitasunez ere bizi izan gara haiekin, laguntasuna eta leialtasuna eskaini baitizkigute. Hala ere, nire ustez, haien eta gure arteko harremana benetan neurriz kanpokoa bihurtzen ari da, zentzugabekeriaraino helduz. Ezin dut barne dardara saihestu norbaiti entzuten diodanean txakur bati zuzentzen: «Zer esan dizu aitatxok?», edota «eman muxutxo bat amonari» . Edo txakurra uhaletik lotuta ez eramateagatik norbaitek oharra egitean, jabeak : «Eta zergatik uzten duzu zure biloba libre korrika egiten?» erantzun zakarra ematen duenean. Zer esan, berriz, maskoten janaria aurkezten duten telebistako iragarki horiei buruz? Tokiko elikagai-bankuan lanean ari diren pertsonentzat aurpegiko ostiko bat bezalakoak dira.

Atzo, txakurrentzako gizarte-segurantza gisa aurkezten zen agentzia baten publizitate-mezu elektroniko bat jaso nuen. Gizarte gaixo bateko kide sentitu nintzen.

Argazkia; UNOTV

abuztua 02, 2026

GIZAKIA PRESTATZEN TOMATEEKIN

 


Duela hirurogeita bost urteko abuztuko gaurkoaren moduko eguerdian, Don Amadeo herriko apaizak ospatutako igandeko mezara joango nintzatekeen; herrian bertan bizi zen , eta astean zehar ahal zuen moduan ematen zuen denbora, nahiz eta ordu asko eskaintzen zizkion baratzeari; bertan tomate eta leka (hemen, caparrón) bikainak lortzen zituen, eta maiz gozatzen genuen produktu horietaz.

Gaur eguerdian, besteak beste, apaiz eta inongo mezarako gogorik gabe, berriro hartu dut nire liburutegitik ale bat duela hirurogeita bost urteko ikasliburu gisa erabili nuena, nahiz eta garai hartan ez nion arreta handirik jarri. Udako beroak gorosti baten itzalera eraman nau; eta han, eroso eserita irakurri ditut “Aprendiz de hombre” deritzanaren pare bat kapitulu. Liburu horrek, 1961ean, “Hezkuntza Politikorako ikasliburua” azpititulua zeraman —hau da, guk “formación del espíritu nacional” gisa ulertzen genuena.

Don Amadeo ogi puxka duela urte asko hil zen. Baita Gonzalo 
Torrente Ballester ere, aipatutako liburuaren egilea. Eta neure buruari galdetzen diot ea “casaelcura”ko tomateak goxoagoak ote ziren idazle galiziarrak bere laneko orrialdeetan isuritako literatura baino. Edonola ere, liburua bere tokian utzi eta gutxira, auzoko batek bere baratzean bildutako tomate batzuk ekarri dizkit; ederrak zeuden!! Duela hirurogeita bost urteko haiek bezain goxoak.

uztaila 27, 2026

KOJOAK ARINAGOAK...


Gezurtiak kojoak baino motelagoak dira, eta baieztapen hori historiako gezurtirik handien istorioek babesten dute, frogarazten dute. Gezurrerako gizakiaren jokaera gaixotasun larria da - mitomania deitzen zaio- eta engainuaren buklearen garapenean gezurtia bere gezurrak sinestera heltzen da, iruzurlearen beraren buru-suntsiketaren atarteraino iritsiz. Eta gezurtiaren jarraitzaile itsuen txaloen artean, hura amildegirainoko azken urratsa ematera ausartzen da. Bukatzen da orduan kaltea? Bai zera, ezta urrik ere!

Sendaketa psikologikoaren bidez arin litekeen nahasketa, gaixoaren jarrera hertsiak sakonagotzen du eta gezurtiaren desagerpen fisikoak -ematen bada- ez du ezertxo ere konpontzen, txalo sorta eskaini ziotenen artetik beti azaltzen baita norbait, ohiaren okerra bere egiteko prest, gezurraren uhin suntsitzaile beltzari aukera berria emateko.

Eta Iruzurle Handiaren txita-kabiatik hamaika txorikume burumotz ateratzen dira, aitzindariaren itzala luzeagotzeko gertu. Horrela, ab antiquis temporibus ad aeternitatem.

uztaila 20, 2026

ERORKETA ASKEAN

 


Erromako Inperioaren gainbeherari buruz milaka teoria daude. Aditu bakoitzak gertaeren bere bertsioa du, eta, arrazoiak inoiz bakarrak izaten ez direlako, litekeena da teoria bakoitzak egiaren zati bat gordetzea —nahiz eta guri oso sinesgaitza gerta dakigukeen—. Nire iritziz, garai hartako gizarte erromatarraren laxotasunak —eguneroko zeregin, betebehar eta konpromisoekiko erosotasun-jarreran erorita— inperioaren itzulezinezko hondamendia ekarri zuen, egitura-ahultasunak hala ahalbidetua.

Duela urte asko —egungo demokraziaren hastapenetan—, kulturako hiru foru-diputatuen arteko bilera koordinatzea egokitu zitzaidan batean, politiko haietako batek lankideei gogorarazi behar izan zien 1936-39ko gerra ez zela "Gora Diputazioa Askatuta" oihukatuz borrokatu; aitzitik, nazioaren kontzeptuak lehentasuna zuen lurralde-interesen gainetik,

Amaitu berri den futbol Munduko Txapelketa dela-eta, euskal gizartearen gehiengoak eskainitako ikuskizunari erreparatuz  —komunikabide boteretsu eta ez hainbestekoek hauspotua—, ezin dut saihestu gaztaroan gure herriarentzat pentsatu eta desiratzen genuena gogoratzea. Sentimendu hura —lur eremu ezegokian errotua, nonbait—  ahuldu bide da, eta ustez ipar-ikuspegia genuena galdu dugu, eta banako batzuek ezin lixeritu ditugun jarreretan eroso jarrita, inoiz benetan gurea izan ez zen artalde batek irensteko baimena eman bide diogu geure buruari. Baina, agian neu naiz oker dabilena.

 

uztaila 19, 2026

AITORPEN TXIKIAK

 


Uste dut Rafael Alberti izan zela idatziz utzi zuena, hil ondoren ez zitzaiola inolako omenaldirik egin beharko. Esker ona bizirik zegoela erakutsi behar zitzaion; hau da, bera iraindu, jazarri, espetxeratu eta erabateko zigorgabetasunez torturatu zutenen aurpegian barre egiteko oraindik gai zenean.

Ez dator harira, ezta gutxienean ere, herri txiki bateko auzokoek bizikide bati egindako aitorpen xumea, baina Albertirena gogorarazi dit, txiki idatzi dudala jabetuta, ezaguna baita neurri murritzeko lagundian errazago antzeman ohi direla etsaitasuna eta gaizkinahia... eta mikatzagoa bihurtzen da horiek jasatea. Herri jakintzak garbi utzi baitzuen idatzita: herri txiki, infernu handi.

Udako beroak ez gaitu atzera bota haren aldeko adiskidetasun- eta maitasun-aitorpen egitera etorri garenok. Eta, nahiz eta egia izan haren alboan egon ohi direnek ez dutela zertan jendaurrean adierazi BEHAR beren sentimenduak, ez dago gaizki mundu guztiari aldarrikatzea aldeko herri keinua jasotzen ari den pertsonarekin gaudela. Esker ona erakustea osasuntsua da.

uztaila 13, 2026

UDAN GERRAK


Errealitatea da herri-irudian udaberria maitasunarekin eta bizitzara esnatzearekin lotu izana, eta udak, berriz, oporren eta ospakizunen ideia ekartzen digu.  Dagoeneko, gure herri eta hiriek beren jai-programak eskaintzen dituzte, originalenak eta erakargarrienak izateko lehian.

Baina bitxia dena da uda eta solstizioa oso zuzenean lotuta daudela gerrekin, gatazka militarrekin. Eta horren arrazoi handi batek zerikusia du datozen egunak luzeagoak direlako eta eguraldiak ere armaden mobilizazioa errazten duelako, bata bestearen aurka. Historialariek baieztatu dezakete bi gatazka armatu ezagunenetako bi garai hartan hasi zirela. Napoleonek bere tropak Errusiara bidali zituen 1812ko ekainaren 23an, eta Hitlerrek Barbarroja Operazioa hasi zuen Errusiaren aurka 1941eko ekainaren 22an. A! Eta hortxe dugu uztailaren 18koa, gure artean ipin dezakegun adibiderik hurbilen, ilustratuen eta tristeena.

Horregatik, nik, nire kartilla militarrak frogatzen duen bezala antimilitarista izan arren, uste dut borroka gauez izan behar dela —Montelarreinako udetan irakatsi ziguten bezala: etsaiak ezin zaitu ikusi. Hori bai, ohartarazi ziguten horrek eragozpen bat ere baduela: ezin duzu etsaia ikusi. Hortik, irudimen apur batekin, ondorioztatzen dut gerrak alferrikakoak direla. Nahiz eta asko, gauaren iluntasunean galduta dabiltzan, etengabeko tiroketa absurduan.

Argazkia: El Comercio

uztaila 06, 2026

RIAU RIAU


 Aurten ere huts egingo dut. Ez dut Iruñera hurbilaraz nintzakeen ibilgailu egokirik aurkitu eta etxean geratuko naiz. Ahal nuenean, beti zegoen zerbait bidaia eragozten zidana. Orain, berriz, langarik ez bidean… baina buruak diost garaia joan zela. Errepikatu egiten da leloa, aldia eta aldea historiaren bi begi direla dioena.

Eta Esoporen azeriak bezala, mahatsa oraindik heldu gabe dagoela neure buruari adieraz niezaiokeen arren - sekula ez ditut bilera jendatsuak atsegin- isilik geratzea hobe, defentsako mekanismo psikologikoak are tristeago egingo bailuke ezintasun fisikoaren egiaztapena. Beraz, nire txoko bigun, eroso eta isiletik, bejondeiela Iruñeko plazako ausartei, izan ere Maringo nire adiskideak dioen bezala, gazteak gaztelu eta zaharrak mazkelu.

 Gora San Fermin!

ekaina 29, 2026

MARY POPPINS

 


Negozioen munduan gertatzen da etika eta osotasuna ez datozela normalean parte-hartzaileengandik espero denarekin batera, bizitzako alderdi guztien eguneroko ebaluazioetan zorrotzak ager daitezkeen arren.

Iragan astean, 1964ko Disneyren Mary Poppins filma berriro ikusi dut-  aspertuta egon behar nuen horretaraino heltzeko, bai alajaina!- eta etorri zitzaidan gogora pertsonaiaren egileak, Pamela Traversek, bere lanaren bertsio azukretua lehen aldiz ikusi zuenean adierazitako haserrea.

Traversek ez zuen bere literatur emakida baldintzarik gabe Disneyri saldu nahi izan, eta negoziazioak hogei urtez luzatu ziren. Behin hitzarmena sinatua, Disney eta Traversen arteko tupustak hodei beltzak jasoarazi zituen 1964ko Mary Poppinsen ekoizpena zela eta. Hura ez zen bere pertsonaia! Baina idazleak bazekien ekoizle amerikarraren diruak bidea erraztuko ziola. Aldiz, Poppins fikziozko pertsonaiaren nortasuna askoz zuzenago aurkitu ei zuen errusiar bertsioan, errublo bat ere eskuratu ez zuen arren.

Traversen haserreak ke bihurtu ziren. Eta Disneyren diruak artean geratzen zitzaizkion urteak oso ondo bizitzeko estalpea ahalbidetu zion britaniarrari. Finean, negozio mundua.


ekaina 22, 2026

KONTUZ UDAKO BERO HAUEKIN!

 


Uda iritsi da eta, tokiko adinekoentzat, neu barne, ulertzeko eta alderatzeko zaila den beroaldi krisi batek lagunduta etorri zaigu. Etxean gaude itxita, berez jada itogarriak zaizkigun hormen itzalean. Eta ez dizuet ezer ere esaten, bero sapa itzela ondoko inor gabe jasan behar baduzu... gutxienez elkar eztabaidan aritzeko.

Frogatua daukat beroak eta bakardadeak, konbinatuta, umore gabeko txantxa bat egin diezazuketela. Etxe barruan geratzeak lasaitasun sentsazioa ematen du beroari dagokionez, baina isolamenduak eragin negatiboa du. Itzaleko babesera jotzen dugu,  gizarte-harremanak murrizten ditugu, eta etsipen puntu batean, telebista pizten dugu. Errepikatzen dut, batez ere bakarrik bagaude. Berehala hasten zaigu burua dantzan telefilmekin, lehiaketekin, edo reality-saioekin nahasten... eta konturatu baino lehen, ergelkeria egoera larri batean zaude murgilduta. Ez zara gai argi pentsatzeko.

Orduan konturatzen zara, ustez zure salba-ohol txikia izan daitekeena eskuan duzula ... eta hozkailura joaten zara. Ez, burua sartu eta freskatzeko, baizik eta jogurta, gazta zati bat, fruta pieza bat edota txorizo puska eskuratzeko. Behin eta berriz. Eta hasieran ez duzu igartzen, baina efektua biharamonean agertzen zaizu, dutxatu ondoren pisatzen zarenean... eta baskulak berri desatsegina ematen dizunean. Atzotik gaur goizera arte... kilo erdi bat gehiago.

Noski, beroa eta bakardadea ez datoz bat ondo!

Argazkia: wikipedia

ekaina 15, 2026

URREA, URA ETA...


Diotenez, urrea eta ura izango dira datozen hamarkadetan ondasun materialik preziatuenak eta bilatuenak. Besteengan konfiantza jartzea ariketa ezinaren hurrena bilakatu dugun mundu honetan, bi ondasun horien aldeko borroka krudela eta beldurgarria izango da. Ezin dugu imajinatu ere egin zenbateraino iritsiko den gizateria harrapakin horiek bereganatzeko, eta horrek aberastasun gehiago esan nahi izango du gutxi batzuentzat eta miseria gehiengoarentzat. Horixe da gizateriaren norabidea, gaur egungo pentsalari ospetsuenetako batzuen arabera.

Hala ere, arreta piztu dit balio-maila imajinaezinak lortuko dituela iragartzen duten hirugarren ondasun bat, gure gizarte honek inolako kontsideraziorik gabe mespretxatu duena: isiltasuna. Eta pixka bat hausnartzera eraman nau horrek, gure eguneroko bizitzan txertatutako zaratak inguratuta nagoela, barne gortasuna nabaritzen ere ez duguna, harrabotsa gure DNAren parte bihurtu delako.

Zorabiatu egiten gara gure garunak ez badu soinu-kutsadura detektatzen. Ezin dugu jasan denbora luzez gela isolatu batean irautea. Eta hau guztia aukeratu dugun edo handitzen utzi dugun bizikidetza motaren emaitza da, besterik gabe.

Horra hor bihar etziko hiruangelu preziatua: ura, urrea eta isiltasuna.

Eta argi biluzian ikusi nuen

Hamar mila pertsona, agian gehiago

Jendea hitz egin gabe hitz egiten

Jendea aditu gabe entzuten.

Jendea ahotsek inoiz partekatzen ez dituzten abestiak idazten.

Eta inork ez zuen ausartzen

isiltasunaren soinua asaldatzen.



ekaina 07, 2026

ESKUTITZ HARRIGARRIA

 ELEIZALDE

  MADINABEITIA         











                                                                    

Hainbat arrazoirengatik nire artxiboan dauden, euskal kulturako pertsonaiek idatzitako ehunka gutun originalen artean, harrigarrizko arreta beti piztu didan bat dago, eta ezin diot eutsi publiko egiteari, protagonistak duela mende bat baino gehiago hil baitziren.                                   

Luis de Eleizalde Bergarako euskaltzale ospetsuak 1922an Jose Madinabeitia Oñatiko mediku eta politiko sozialistari bidali ziona da aipatzen dudana. Biak Bilbon bizi ziren ordurako, eta etxetik etxera zuzenean igorri zuen bergararrak gutuna. Irakur dezagun hura eta nork bere ondorioak atera ditzala.

“Sr. D. José de Madinabeitia. Muy querido amigo. Ahí van unas líneas, de cama a cama.

Me han dicho (pregunto por usted siempre que puedo saber algo) que está usted algo peor. También yo voy ablandándome cada vez más, de modo que por el momento vamos en pleno sincronismo.

Póngase usted entero y confiadamente en manos de Dios; una gran paz le envolverá y le mecerá a usted como una madre a su hijito. Lo digo por experiencia.

Le abraza su más que nunca afecto amigo, que espera encontrarle allá.  Luis de Eleizalde.

31 diciembre 1922”

Diodan,  Madinabeitia 1923ko urtarrilaren 2an hil zela, 52 urterekin eta Eleizalde urte bereko uztailaren 24an, 45ekin, 


Argazkiak: Wikipedia eta JMVM

ekaina 02, 2026

ASUN , MAITE ZAITUGU - TE QUEREMOS ASUN


Kaixo Asun!

Lerro hauek idatzi nahi dizkizut berriro ere zurekiko nire maitasuna adierazteko. Eta ez dakit nola hasi. Duela hamabi urte gure bideak gurutzatu zirenean, bihotz-bihotzez esan nizun: "Zein pena lehenago zu ez ezagutzea!". Denbora gutxi honetan, izugarri zorte ona izan dut, bizipen ugari eta zenbait sekretu partekatu baititut zurekin. Hor geratzen dira, betiko.

Bizitzako zure helburua bete duzula argi zenuen alde egitean, merezi izan duela bizitzeak, modu eta aldi guztietan. Ezezagun aldera abiatu zara, asko-asko ginen maite zintugunontzako maitasunez gainezka motxila zeneramala.

Eskuan ageri duzun eskularru erraldoi horrek ezin izango du 
inoiz besteei emateko izan duzun gaitasun bikaina batu. Horrekin jantzita atera nahi izan zenuen argazkia, eta ez dakit kontziente zinen zure bizitza laburbiltzen zuen irudia utziko zenigula: leialtasuna eta xalotasuna. Zure koloreekiko leiala, zure lagunekiko. Xalotasuna eta heldutasuna, zure eguneroko eta etengabeko gizarte-jardueretan.

Esaten nizun, Asun, ez nekiela nola hasi gutun labur hau. Ziur nuena zen baieztapen xehe batekin amaituko nuela: MAITE ZAITUGU.

Berriz elkartu arte!


Hola Asun,


Quiero escribirte estas cortas líneas para volver a declararte
mi cariño. Y no sé cómo comenzar. Cuando nuestros caminos se encontraron hace doce años te dije algo que me salió del corazón: !qué pena no haberte conocido antes! En este periodo corto de tiempo he tenido la inmensa suerte de haber compartido contigo experiencias y algún que otro secreto. Ahí quedan, para siempre.

Te has ido con la idea clara de que has cumplido con la vida, de que ha merecido la pena disfrutarla, en todas las direcciones y sentidos. Has partido hacia lo desconocido con tu mochila plena de de amor para los que te queríamos, que éramos legión.

Ese enorme guante que luces en tu mano nunca podrá  abarcar toda tu espléndida capacidad de darte al prójimo. Quisiste retratarte con él, no sé si consciente de que ibas a dejarnos una instantánea que resumía lo que ha sido tu vida: fidelidad y sencillez. Fiel a tus colores, a tus amigos. Sencillez y madurez, en tus diarios y constantes quehaceres sociales.

Te decía, Asun, que no sabía cómo empezar esta breve misiva. Lo que tenía claro es que iba a concluirla con un sencillo, TE QUEREMOS.

¡Hasta el reencuentro!

Argazkiak: gasteiz hoy, JMVM

ekaina 01, 2026

EDUARDO, JARRAITU IDAZTEN!

 


Bizitza bira eta bueltaz betetako bidea da, uneoro eszenatoki berriak eskaintzen dituena eta, une batzuetan, gure patuan eragina izan zuten bizipen asko ezkutatzen dituena. Eta gertatzen da, noizean behin, zerbait agertzen dela zure barnera biltzen zaituena eta sentimendu alaiak esnarazten dizkizuna.

Nire lagun eta Gasteizko Institutuko ikaskide ohi Eduardo Madinaveitiak idatzitako "Y al final... el miedo" liburua irakurri berri dut, hark eskaini eta bidalia. Aire fresko bat bezala izan da miasma eta ustelkeriaz betetako eguneroko eszenategi honetan. Ordu batzuetan, bere gorabehera txiki guztiekin, bizitzak merezi duela sinestarazten duen sentsazio gozagarria piztu da nigan. Itxaropenezko abestia den testu bat sortu du Eduardo lagunak, izenburuak bestela pentsatzera eraman gaitzakeen arren.

Eta hasieran aipatu dudan bide zigizagatsuaren kontua da 17 urterekin Eduardorekin kontaktua galdu nuela, bizitzaren ibaiaren beste bihurgune batean gure bideak banandu zirenean... eta mende erdi baino gehiago igaro arte ez genuen elkarren berri izan. Ez dakit zer gertatuko zen bion arteko harremanak gure gaztetasun urrunetik bizirik iraun izan balu. Ziur ez niokeen eskertuko, orain egiten dudan bezala, bere literatur eskaintza askean hain ausarta aritu izana. Jarraitu idazten, mutil!

maiatza 25, 2026

UNAMUNO ERE EUSKALDUN

 


Euskararen mundura heldu nintzenetik hamaika sasilistraurekin egin dut topo, batzuk asmo onez jardun dutenak eta beste hainbatek euren teoria ortodoxoari atxikiak, hizkuntzaren baitan esparru itxiak sortzea, eraikitzea, prestatzea helburuarekin… mahai borobileko zaldunen eginkizuna izango balitz bezala. Azken horiei eskaini nahi diet beheko lerroalde parea, azpimarratuz heterodoxia aktibo eragiletik gehiago espero dudala profeta tronpetari merkeengandik baino.

“… Orretxegatik, gizona, Etsai gogorrenak ere, “euskotar borondate oneko” diranean, andik emendik arrazoi damaigutela probatzeko. Ontan edo artan zurekintxe ez pentsatzeak barru-barruko euskaltasuna ukatzen ez dula beingoz jakiñarazteko, jakiñarazi ta, bearrik, ondo gogoan jasoarazi, bestela neu ere zurekin integrismo ortan bat ez natorren ezkero ezpainintzake billatuko euskaldun. Euskaltasun Osoa, ez zuk eta ez nik, baizik guziok osatzen duguna dalako, guziok balinbaite, norgere egi ta on apurñoz.

Berebat Euskalerriagatik ere, Euskalerria abertzaleontxo ori bakarrik eztalako, gutxiago euskaltzale ontxoa bakarrik eztare eliz-gizonen ori bakarrik. Gure Euskalerri Egiazko Bakarra guzion artean kopurutzen duguna dalako; abertzaleek eta karlistek, liberalek eta komunistek, Españi-zale naiz Prantzi-zaleek, katolikoek naiz bestelakoek, ondrauek naiz lapur likitx eta gañerakoek, euskera zaleek eta erderaz jarduleek, zuk bezala pentsatzen dutenek eta ez dutenek; ta beraz, oien artean baita Unamunok ere… kopurutzen eta ezur-mamitzen duguna dalako naitaez”

“Unamuno eta gu” saiakeraren “Suzmoz letozkenei” lemapeko  hitzaurretik hartuta,  1956an Salbatore Mitxelena “Abendats” idazle trebe eta ausartak (argazkikoa) “Euzko Gogoa” aldizkarian argitaratu zuena.

maiatza 18, 2026

EZ DUT DENBORA ALPERRIK GALDU NAHI


Ez nau interesatzen Florentinoren ospeak ezta Donalden aldakortekeriak ere, biek ahalegin guztiak egiten baitituzte era gorrotagarri eta mespretxagarriz mantentzen duten boterean iraunarazteko, inguruko bataz besteko intelektual mailak uler lezakeenaren gainetik. Ez zait axola herrialdeko eskuin muturreko egunkari amorratuenaren erredakzio-taldeak ustezko oposizioko buruzagia erasotzen badu.

Pentsatzen dut —eta gure gurasoek bizitza eman zigutenean guretzat hautatu zuten malko-haran honetan ausardia pixka bat behar da pentsatzen hasteko- abagune izanez gero gehiago interesatzen zaidala aldez aurretik iragarritako nire portaleko bileratik isilpean ihes egitea, eskailerakoen presidentea naizen arren.

Ez dakit honaino iritsi den irakurle gizajoa konturatu den, aurreko lerrokadarekin adierazi nahi nuena Arabako katolikoei nire dolumin sakonenak bidaltzea zela, beren arimen zerbitzurako dituzten artzainen taldea gutxiesten eta iraintzen duen pertsonaia bat gotzain gisa izateagatik. Erromako Elizaren zerbitzari ohi bezala ezer egin ezin dudanez, beste aldera begiratuko dut. Florentino, Donald, Pedro, Isabel eta abarrekin egiten ari naizen gauza bera, ez bainaute batere interesatzen.

Ez dut gero eta urriagoa dudan denbora alferrik galdu nahi.

Argazkia: Ekain

maiatza 11, 2026

GARAIKOETXEA, ARRANTZALEKIDEA


Ezagutzen nautenek badakite nire aisialdietako ordu asko kainabera bat eskuetan ematen ditudala. Ordu goxoak bizi izan ditut arrantzan, nahiz eta sarritan esku hutsik etxeratu. Arrantzalearen helburua - nire kasuan, behintzat- ez da arraina, barne bakeari aukera ematea baino. Eta horretan inoiz ez dut zularik egin.

Kainabera eta gainerako tresnekin pilatutako eskarmentua zela eta, 1988an liburuxka bat idatzi eta argitaratu nuen: Amuarrantza. Eta libururako lankide maitagarri bat izan nuen, nirekin Uribarri Ganboako uretan orduak eman zituen beste arrantzale iaio batena: Karlos Garaikoetxea lehendakaria, Ajuria Enea jauregitik 1980-84 aldiko arratsalde batzuetan nire txaluparaino jauzi egiten zuena,  bere zaletasunaz gozatzeko gogoz. Eta liburua idaztea otu zitzaidanean aukerakoa iruditu zitzaidan sarrera idatz ziezadan.

Behean jarri dut Lehendakariaren idazkia, euskaraz egina. Lehen aldiz irakurri nuenetik harrapatu ninduten bere sentsibilitateak... eta euskara erabiltzeko trebetasunak.

Bitez lerro hauek, berriz ere nire miresmen publikoa aurkezteko, Lehendakart handia izan zen adiskide arrantzalearentzat.

 ====.====

Quienes me conocen saben que paso gran parte de mi tiempo libre con una caña de pescar en la mano. Han sido muchas horas felices pescando, aunque a menudo haya regresado a casa con las cesta vacía. El objetivo del pescador —al menos en mi caso— no es el pez, sino encontrar la paz interior. Y siempre he conseguido ese premio

Gracias a la experiencia acumulada con la caña y otras herramientas, en 1988 escribí y publiqué el libro “Amuarrantza” (pesca de la trucha). Y tuve un colaborador extraordinario para el libro, otro pescador experimentado que pasó horas conmigo en las aguas de Ullíbarri Ganboa: el Lehendakari Karlos Garaikoetxea, quien algunas tardes de entre 1980 y 1984 cambiaba el Palacio de Ajuria Enea por mi txalupa, deseoso de disfrutar de su afición. Y cuando decidí escribir el libro, pensé que sería una buena idea que él escribiera el prólogo. Y aceptó gustoso.

Traigo aquel texto del Lehendakari, escrito en euskera. Desde la primera vez que lo leí, me cautivaron su sensibilidad... y la habilidad de Garaikoetxea con el euskera.

Sirvan estas líneas para expresar una vez más mi admiración pública por el Lehendakari recién fallecido, gran amigo pescador.








maiatza 04, 2026

SOLUS LABOR...


Maiatzaren Lehena - Nazioarteko Lan Eguna-  iragan da eta normaltasunera itzuli da langileria, jai-zubi luzexkak ahalbideturiko oporraldia amaituta. Gauzak ez dira lehen bezala, bistan da. Egutegiko egunaren gorriztasuna galtzen doa bere zentzu aldarrikatzailearen intentsitatea, eta gure kale eta plazetan ia ez da beharginen aldeko oihuaren oihartzuna entzuten, Itsas aldeko uhinen eta aireportuetako hegazkinen erreaktoreek amatatuta.

Solus labor parit virtutem… irakur daiteke Arrasateko jauregi bateko aurre aldean, gizakiaren bertutea lanetik bakarrik erdiesten dela baieztatuz. Suposatzen dut esaera asmatu zuena ez zela Erdi Aroko olaren bateko behargin gizarajoa izan, eraikin dotorea jaso ahal izan zuen olaren ugazaba baino. Ene ustez, , hain baieztapen borobila hobeto zatekeen, Solus labor operarii virtutem domino parit, edo antzekorekin.

Edozein modutan, iruditzen zait gizartearen norbanakokeriazko utzikeria basati gero eta larriagoak ezinezko egiten duela latinezko esaldi hori zuzentzea merezi duen ala ez erabakitzea. Jendeak nahikoa du hurrengo festan nora egingo duen ihes pentsatzearekin.

Argazkia: Wikipedia

apirila 27, 2026

TXILLARDEGI ETA FUTBOLA

 


Jose Luis Alvarez Enparanza “Txillardegi” Idazle donostiarrak artean hogeitazortzi urte bete gabe zituela, “Leturiaren egunkari ezkutua” eleberria apurtzailea argitaratu berria, Euzko Gogoa aldizkarian “Taupadak” titulupeko hausnarketatxoa idatzi zuen, 1957ko uztailaren zenbakian. Ondoko lerroak atera ditut bertatik:

“ (Granada)ko eztai bat egiteko zorian zegoela, luzatu egin da. Zergatik ala? Ona emen korapilloa: futbol partidua zela bide! Ortaz, partidu bat ikusi gabe ez uzteko, olako gertaera pisurik ez galtzeko, eztaia atzeratu da, ezkontza batek partidu batek baño ajola gutxiago duelakoan”

Zer esango zukeen Txilardegik lehengo asteko futbolari buruzko informazio-jarioa eta Donostia eta Gipuzkoan izandako emozio eztanda direla-eta?

Nire badaezpadazko “Aupa Erreala!” aurretik doala, entzun ditudan irizpide, esamesa eta iruzkin guztion artetik, honako hauxe gustatu zitzaidan gehien, zentzuzko hitzak zirelako:

https://www.facebook.com/share/r/1E48SUKxbK/?mibextid=wwXIfr

Argazkia: Dani Blanco (Argia)

apirila 20, 2026

PROMETEOREN ALDAERAK


Mitoaren garapen gordina ikusten ari banintz bezala iruditzen zitzaidan. Berari ez zegokion sua (jainkoek bakarrik erabil bide zezaketen askatasunez) lapurtu zuenaren gainekoa zen istorioa, legenda, literatura klasikoa eta errealitate bortitza uztartzen zituen munduko eszenategi zabalean eskainia. Bitartean, bere burua jainko berri izendatuak gizaki pobreen etorkizunaren kontrola hartu zuen.

Prometeo berria zen, Zeus ahalguztidunaren ( edo hori uste zen orain arte) gainetik, planetako antzinako zibilizazio guztien etorkizuna bere gurarira egokitu nahi zuena, sua haiek konbentzitzeko arma gisa erabiliz. Mito klasikoaren eta gizon hori-zurbilduak pertsonifikatutakoaren arteko aldea honako hauxe zen: lehenengoak gizateriaren garaipena nahi zuen, eta bigarrenaren asegaitzezko irrikak, aldiz, bere zeruko gortearen ahalduntze sendoa bilatzen zuen.

Prometeo I.ak sua erabili zuen lurra garbitzeko eta gizon-emakumeentzat bizigarri egiteko, eta Prometeo II.ak, berriz, sua erabili zuen lurretalo bizidunak suntsitzeko eta gutxiengoarentzako aisialdi guneak sortzeko, gainerakoak miseriara kondenatuz. Lehenengoa, Prometeo kateatua zen. Bigarrenak, Zeus bera balitz bezala, kateak prometitu zituen. 

====.====

“Itzak egintzak dira onezkero. Lurra kordoka ari da ta ostotsaren oiartzuna orroaka aren erraietan. Oinaztarriaren sigisaga gartsuek diztira egiten dute. Aize biurrak autsa yirabiran darabil… Nire kalte dator, nunbait, eta Tzeugandik aizeburrunba bildurgarri au… Zuek ikusten dituzute nolako bidegabeak yasaten ditudan!!

Prometeo-ren hitzak, Eskiloren “Prometeu burdinean” obrari Bizente Amezagak 1958an egindako itzulpenetik

apirila 14, 2026

ZALDIZ ZERUAN


Ameriketako Estatu Batuetan hain zabaldua den country musikaren piezarik ospetsuenetakoa – ospetsuena ez esatearren- “Ghost riders in the sky” da, hainbat bertsiotan grabatuta. Nik gehien atsegin dudana Johnny Cashena da. Gauza da, lehengoan, autobus bidai luze horietako batean nindoala, Iokin Zaitegiren Euzko Gogoa aldizkariaren 1967ko ilbeltza-otsaileko zenbakia irakurtzen ari nintzela, eta topo egin nuen abesti horren hitzei Jon Mirandek egindako itzulpenarekin, "Zaldiz zeruan" tituluarekin. Eta hona ekarri nahi dut, Stan Jonesek idatzi zuen jatorrizko  ingelesa eta Miranderen itzulpena. Niri bikaina iruditu zait.

Abestiak, cowboy baten ipuin herrikoia kontatzen du, begi gorri eta altzairuzko perretako behiak zeruan zehar dabiltzala ikusten ari dena, cowboy madarikatuen espirituek jazarrita. Haietako batek ohartarazten dio bere jokabidea aldatzen ez badu, haiekin bat egitera kondenatuta egongo dela, betiko "Deabruaren artaldea zeru amaigabe hauetan zehar harrapatzen saiatuko" dela. Istorioa ehiza basatiaren Europako mito zaharrekin lotu izan da.

 

An old cowboy went riding out
One dark and windy day
Upon a ridge he rested
As he went along his way

When all at once a mighty herd
Of red eyed cows he saw
Plowin' through the ragged skies
And up the cloudy draw,

 

Their brands were still on fire
And their hooves were made of steel
Their horns were black and shiny
And their hot breath he could feel

A bolt of fear went through him
As they thundered through the sky
For he saw the riders coming hard
And he heard their mournful cry

Yippie-yi-o
Yippie-yi-yay
Ghost riders in the sky,

 

Their faces gaunt
Their eyes were blurred
Their shirts all soaked with sweat
He's riding hard to catch that herd
But he ain't caught 'em yet

'Cause they've got to ride forever
On that range up in the sky
On horses snorting fire
As they ride on, hear their cry.

Yippie-yi-o
Yippie-yi-yay

 

As the riders loped on by him
He heard one call his name
'If you wanna save your soul
From hell a-riding on our range

Then, cowboy, change your ways today
Or with us you will ride
Trying to catch the devil's herd
Across these endless skies

Yippie-yi-o
Yippie-yi-yay
Ghost riders in the sky

Ghost riders in the sky
Ghost riders in the sky

 

 Unai zar bat zaldiz zoan ekaitz egun baten

bid´erditan egon zan gaiñ batean ats artzen

Batik bat zun millaka bei begi-gorri ikusi

zeru itsas zear korri, odeietan goiti

Yipi yiyay, Yipi yio

Sorgin beiak zerun…


 Markak gorri zituten bai et´arnasa bero

adarrak beltz dirdir eta perrak burdiñezko

Bildurtu zan trumoi antzo ziralarik pasa

zaldizkoak atzetikan bai´zebilzkien deika

Yipi yiyay, Yipi yio

Zaldizkoak zerun…

 

 

Izerdiz blei, begiak lor, arpegia zurbil

Gogor dabiltz beiok bildu naian et´ezin bil

Zeren beti bear duten zaldizkatu zerun

Zaldiek su daritela… aien deia entzun.

Yipi yiyay, Yipi yio

Sorgin-zaldik zerun…

 

 

Aren aurrez pasatzean batek zion ots egin

“Arima gal ez dezakan ibiliz gurekin

biziera gaur alda zak, ezpa ba´duk bear

sorgin-beiak biltzera yin zeru oriek zear”

Yipi yiyay, Yipi yio

Sorgin beiak zerun…

Zaldizkoak zerun…

 

 

 

 JOHNNY CASH

Ghost riders in the sky