BILATU

urtarrila 26, 2026

INFERNUKO (ZORIONEKO) PATINETEAK


 Ia hamabost urte eman dira nire blog honetan paniteneetaz aritu nintzela. Amaitu nuen hura, modak datozen bezala joan egiten direla adieraziz, baina orain, beste era batez bukatuko nukeen - edo hasi- izan ere patineteak geratzeko etorri bide dira.

Txikitan nik ere izan nuen halako jostailu bat, noizean behin lagunekin jolasteko ateratzen nuena. Aipatu artikulu hartan, gaztetxoak eskolara joateko erabiltzen hasia zela nioen. Gaur biderkatu egin da erabilpena, gure neska mutiko askok patinetea darabilte sorbaldan liburu, ordenagailu eta ahaztu ezineko tupperaz beteriko motxila daramatela.

Baina elektrizitatez mugitzen den beste patineteek inbaditu dute hiri-paisaia, eta horiek ez dira hanka baten indarrez mugitzen direnak bezain inozoak. Arautegia ipini zaie, erabiltzaileek bete dezaten, baina badirudi alperrekoa izan dela.Tramankuluaren erabilera ezegokiak oinezkoen  osotasuna arriskuan jartzen du, ustezko seguritatean espaloian barrena abiatu bezain laster. Gure artean geratzeko heldu denez, automobilarekin gertatu zen bezala, bete beharreko arauak ezartzea lehen urratsa bada ere, patinetelaria praktikan eta teorian heztea da bigarrena. Eta hirugarrena, arautegia ordenaren agenteek betearaztea, zigorrak ezarriz. Bide bakarra da kaleetatik istripuaren arriskua gutxitzeko. Ez dugu beste moduz ikasten.

Argazkia: wikipedia

urtarrila 19, 2026

MUSIKA EMOZIOA DA

 Nire anaia Yoni, bihotzetik eskainia


Izaki bizidun guztiengan emozioak esnatzeko bide aproposa da musika. Jakina da gaitasun kognitiboa murriztua duten pertsonek ere musika-nota sekuentzia bati erantzuten diotela, eta horrek iraganeko eszenetara eramaten dituela. Inork ez daki zehazki zer emozio maila bizi duten, baina badago zerbait haien mugimenduetan melodia edo abesti ezagun baterako berehalako erreakzioa islatzen diena.

Biziki inguratzen gaituen errealitatea da musika, askotan ohartu gabe, eta gure portaeran eragina du. Horregatik, melodia edo abesti ezagun batek emozio txikien kate bat sortzen du, eta horrek —une bakoitzean pertsonaren egoeraren arabera— intentsitate desberdineko sentimendu bat pizten digu, positiboa ala negatiboa. Edozelan ere, beti bizia.

Baina musikak ez du eragin positiboa oroimenean bakarrik eta entzuleen ongizate emozionala ere nabarmen hobetzen du. Horregatik ohitu beharko ginateke gure bizitzan musika gehiago txertatzera. Ez dakit bizitza luzeagoa egingo digun, baina bai eramangarriagoa.

Ziur nago, gaur danborradak entzule guztiongan emozioak sorraraziko dituela, norbaiten gaitasun kognitiboa zeroren hurrengoan bada ere.


urtarrila 12, 2026

SAN CUCUFATO

 


Olentzerok ekarritako eskularruak galdu nituen, oparia jaso eta zenbait egunetara. Atsekabetu egin ninduen, batez ere euskal pertsonai mitikoari eskutitza idatzi ziona nire hutsak tristetu egingo baitzuen. Beraz, gertatua erdi isilpean gordetzea erabaki nuen. Hala ere, lagun bati azaldu nion galera eta horrek aurkitze lana San Cucufatoren esku uztea aholkatu zidan. San Cucufato?

Hasierako harriduraren ondoren, bere existentziaz ere ezertxo ez nekien aipatutako santua, galdutako objektuak berreskuratzeko bitartekaririk onena dela azaldu zidan adiskideak. Eta haren gaineko sasi otoitz hutsezin baten berri eman zidan.

Interneten sartu eta pertsonaia aurkitu nuen, hari batean hainbat korapilo lotzen dituzun bitartean esaten duzun esaldiagatik ezagun dena, galdutako objektua agertuz gero korapiloak askatzeko promesa egin behar diozuna.  Jakina, ez nintzen joko horretan sartu, baina nire buruak etengabe gogorarazten zidan norbait goibelduko zela eskularruak falta zitzaizkidala jakin izan balu.

Buru nahaste ilun hartan, hotz izugarria egiten zuen eguerdi batean eskuak izoztuta nituela kafetegi batera sartu nintzen eta artean atean nengoela zerbitzariak barratik bota zidan, denok aditzeko moduan: "lehengo astean hemen utzi zenituen eskularruak". Hori entzutea eta nik "Gora San Cucufato!" oihu egitea bat izan zen! 

Orain ez zait batere axola, erregalatu zizkidanak dakien ala ez egun batzuetan bere oparia non zegoen jakin gabe egon nintzela. Ziur nago interes handiagokoa izango dela berarentzat, galdutakoa aurkitzen laguntzen dizun pertsonai bat dagoela santuen olinpoan, galdu eta aurkituetako bulegora joan beharrik gabe.

 San Cucufatoren sasi-otoitza:

https://cajondelsastre.com/2017/05/12/san-cucufato-los-huevos-te-ato/


urtarrila 05, 2026

POSTA ZERBITZU PUBLIKOA

 


Abenduaren 15ean, pakete txiki bat bidali nuen Arrasatetik Donostiara postaz. Hiru aste geroago, hartzaileak ez du jaso, eta tokiko posta bulegoan inork ezin dit azaldu zer gertatu den nire igorpenarekin. Aldi berean, irakurri dut Danimarkak bere posta zerbitzu publikoa itxi duela, bidalitako gutun eta pakete txikien bolumenaren jaitsiera bortitza dela eta. Aro digitalak paisaia berri bat ekarri du, eta aldaketa horrek zerbitzu publikoa etetea adierazi du. Hornitzaile pribatuen sorrerak arazoa areagotu du.

Danimarkako erabaki horrek, laster iritsiko zaigunak, pentsarazi dit interes publikoa babestu behar dutenek askotan irizpide ekonomiko hutsetan oinarritutako erabakiak hartzen dituztela. Eta bizi naizen eremu geografiko honetan badakigu zerbait horretaz, garraio publikoaren sektorean bakarrik zentratzen bagara ere. Posta zerbitzu publikoa ez dabil, ez ditu bere helburuak betetzen, baina ez da eskaintza horri begira baikortasuna ahalbidetuko lukeen irtenbiderik ikusten. Itxi egingo da, eta kito. Horrela doaz gauzak guretzat etorkizun sozial orokorrari dagokionez.

urtarrila 03, 2026

NORK DITU MANIKOMIOKO GILTZAK?


2000. urtean Caracasera egindako bisitan, aukera izan nuen denbora luzez Euskadi-Venezuela Elkarkidetzarako Eguzki elkarteko Domeka Etxearterekin egoteko. Euskal Etxean kafe bat hartzen ari ginen bazkalondo batean, autoan berarekin zihoan semea bala galdu batek hil zuen gertakariaren berri eman zidan. Chávezen estatu-kolpearen aurrekaria izan zen, eta Domekak gertaera tragiko hau kontatzen ari zenerako, Caracasko kaleetako segurtasun eza Europatik etorritako norbaitentzat maila irudikatu ezinean zegoen. Hugo Chavez zen herrialdearen nagusia.

Duela egun batzuk, mediku lagun batek esan zidan Madrilgo bere klinikan, besteak beste, Venezuelako bezeroak dituela, eta haien aberastasuna maila lotsagarrietara heltzen dela, eta botere ekonomikoa harrokeria gaitzesgarriarekin erakusten dutela. Gaur arte, Maduro bolivartarren defendatzaileak gobernatu ditu Caracasko kaleak.

Mundua isilik, Gabonetako ajetik suspertzen eta Urte Berri Oneko oihartzunen artean oraindik, sheriff berri bat agertu da Caracasko kaleetan, jokoaren nazioarteko arauak aldatzeko eta GIZATERIA OSOA egoera konponezin batean murgiltzeko gai dena. Trump gizon hori eroa izan daiteke —ez dut zalantzarik—, baina inork ez du ausardiarik hura ospitale psikiatriko batean sartzeko.