Bihotz barrenean labankada bat jasan berri duen lagun batekin gosaldu dut gaur goizean: laneko nagusiak esan dio enpresan aritzeari utzi behar diola. Nire lagunak berrogeita hamalau urte ditu eta hogei zituenetik gizarte segurantzan kotizatzen ari da. Orain langabezia estatistikari gehituko dio bere zenbakiak. “Tristea da -esan zidan kafe ketsu baten aurrean - kalean nagoela, eta bitartean nire nagusi ohiaren emazteak eta semeak hilabete asko daramatzate gaixotasun bajan enpresa berean”
Absentismo tasak izugarri hazi dira lan
munduaren etorkizuna oso argi ez duen gizartean. Lan-merkatuaren ikuspuntua
argitzen den bitartean –hori inoiz gertatzen bada– badirudi gazteek
funtzionaritza bidearen aldeko apustua egiten dutela. Joera argi baino argiagoa
da. Hau da, “aita estatuak zainduko gaitu” Horixe da gehiengoaren pentsamendu
isila… eta ez hain isila. Eta, noski, estatua beraientzat gainontzeko
herritarrok gara, aurrekontuen zenbatekoa -haien soldatak barne- ogasunaren
kutxarako gure derrigorrezko ekarpenarekin sustatu behar dugunok. Azpimarratzen
dut badirela gazte asko direla horrela pentsatzen ez dutenak, eta enplegu librearen mundu nahasiari
erantzukizun osoz ekiten diotenak.
Bilakaera teknologikoak nora eramango gaituen
ez dakigun bitartean, enpleguaren inguruko ziurgabetasuna hazi egingo da,
lanpostuen lekualdatzeak eraginez... kontratazioaren prekarietatea dela-eta
gero eta sektore gatazkatsuagoetara. Horregatik, gazteek, historiako
prestakuntza mailarik altuenarekin, funtzionario izateko borrokatzen dute.
Argazkia: Ekain
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina