
Eliza eta gizarte
zibilaren arteko harremanak errealitate hertsiko erakusle indartsua ezagutu
genuenok bakarrik esan dezakegu nola aldatu den aste santuaren adierazpena.
Gainerako erakuspen erlijiosoen esanahia ezabatzear jartzeraino iritsi den
bezalaxe, aste santua, oro har, opor aldi hutsa izatera igaro da.
Ez da egia
sinesmenaren amaiera heltzear dagoenik gizartera. Baina
errealitatea dugu pentsamendu desakralizatuak toki zabala hartu duela gure
artean, inoizko indarrik nabarmenarekin. Katolizismoak ez ditu bere piezak
egoki mugitu eta partidak behin eta berriz galdu ditu azken mende erdian. Vaticano
II. Kontzilioa aurrera pausua zitekeela uste izan zena aurki lurperatu zuten geroagoko
Vaticanoko agintariek eta eliztarren etsipenak elizari bizkarra ematea ekarri
zuen.

Giza-norbanakoaren izpiritualitatea erlijio guztien gainetik egon daitekeen
arren, ez da egia txikiagoa erlijioaren egiturak mesedea ekar diezaiokeela
gogoarentzako elikadura aproposaren bila dabilenari. Egun, ordea, oso urruti
dago eliza katolikoa babes hori eskaini ahal izatetik. Lortuko al du etxe komuneko doktrina berri bat bilbatzea?