![]() |
Pablo Escobar |
Galdetu zidan atzo kolonbiar lagun batek zer
ulertzen den kanpo-zorraz. Eta ahalegindu nintzen arren, ez dakit lortu ote
nuen, ez baita erraza kontzeptuak azaltzen dituen ertzak ulertzeko ariketa.
Kolonbiako bere
jaioterriko gogo-irudiak oraindik freskoak dituelako, Pablo Escobar droga
trafikatzailearen kasuaz mintzatu ginen: 1992an, AEBetara extraditatua ez
izateko, kolonbiar gobernuari eskaini zion berak drogaren diruarekin estatuaren
kanpo zorra kitatzea. Pablo Escobarren nazioarteko lotura politikoak nolakoak
ziren ideia egiteko, komentatu genuen adibide gisa, Felipe Gonzalezen
aginte-hartze ekitaldira gonbidatu zutela 1982an. Eta botere politikoa eta
mafiak zeharo erlazionatuta egon daitezkeela adostu genuen, behintzat, gure
elkarrizketan.
Geure eguneroko ergelkeriaz eraiki dugun mundu honen berbideratzeaz europar hiritarrok burua
berotzen ari garenean, Pablo Escobar berriak lotsagabe ari zaizkigu botere
politikoaren entramatuan infiltratzen, eta estatu zorren galdarak lehertzear
daude hainbeste irakite-presioa dela-eta. Horra hor, Goldman Sachs banku
boteretsua, bere pioiak Italia, Grezia eta Europar Banku Zentraleko
presidentzietan jarri dituena. Lehen AEBko gobernura ere heldu zen, indartsu.
Demokraziaren beraren zentzua arriskutan jartzen duten politikak burutzen ditu
amerikar bankuak.


Kanpo-zorra zer den argitzeko gauza izan ote nintzen ez
dakit. Baina nire adiskide kolonbiarrari behintzat ideia bat garbi geratu
zitzaion: mafiak mota askotakoak izan daitezke eta hiritarren sufrimenduarekin
aberasten dira beti. Gobernuekin ados jarrita.
Argazkiak: gurusblog.com; desdeabajo.info