BILATU

urtarrila 31, 2011

TRINCADO ETA VITORIA: BIZITZA BATEN HISTORIA, ESKUTITZETAN




Beste bi argazki igo ditut, BEHIN IZAN ZIREN. Biak Trincadok bidalita, Marcos Vitoria adiskideari.
Jesús Trincadok Argèles sur Mer-eko kontzentrazio esparruan jarraitzen zuen, goi moralarekin. Aurreko eskutitz batzuetan ikusi ahal izan dugun bezala, umorea ez zitzaion falta izaten, nahiz eta milaka detenitu zituen esparru hartan bizitza-baldintzak ez ziren bat ere onak.



Hain zuzen ere, 2002ko irailaren 15eko El Pais egunkariaren gehigarrian "Exiliados de la guerra civil" izeneko erreportajea eskaini zuen. Bertako argazki batzuen artean, hona aldatu dudana zekarren: Argèleseko hondartzan bainatzen ari ziren errefuxiatu batzuk. Eta pertsonajeen artean agertzen zen bat, Trincadoren antz handia zuena: bere ukondoa bendatuta daramana. Trincadori berari bidali nion argazkia, ia bere burua ezagutzen ote zuen, baina ezina gertatu zitzaion.

Bi eskutitz berri hauetan Vitoriari zurrumurru askoren berri ematen dio. Laster handik aterako zelakoan zegoen, eta lagun guztiak Mexikorako bidean jarriko zirela iragartzen zion.


BEHIN IZAN ZIREN: http://behinizanziren.blogspot.com/

urtarrila 30, 2011

EZKONTZA ZIBILA ETA TELEFONOA



Ezkontza zibileko ituna arinagoa bide da telefono-zerbitzuari dagokiona baino. Horrela uste bide du Espainiar Gotzain Batzordeak, eta hala adierazi du bozeramale eta idazkaria duten Juan Antonio Martínez Caminok. Gaineratu du, Espainian ezkontzen kasuistika arautzen duten legeak irrazionalak, bidegabekoak eta kaltegarriak direla, batez ere homosexualei dagozkienak.

Kristaua naiz, kristau fedean hezi nindutelako. Seguru nago, Marokkon –adibidez- jaio izan banintz islamiarra izango nintzela. Kristautasunaren ikurra daramadan bezala, Athletic edo Errealeko zale-izpiritua eramango nuen (futbola atsegin izanez gero) samur asko, marokiar jaio izan banintz Rabat edo Casablancako futbol ekipokoa izango nintzen legez. Zergatik? Kristaua edo athletic (edo erreal) zale baino lehen, pertsona naizelako –zirkunstantzia guztiekin- eta nire gogoak agintzen dizkidan arau moralak pertsona-izate horri dagozkionak direlako.

Elizaz ezkondu nintzen, gustura gainera. Gure garaian aukera izan bagenu ere, ziur nago ez nukeela matrimonio zibila hautatuko. Eta ordudanik hogeita hamabost urte luze eman ondoren, ez naiz damutzen ezkon-zeremonia hartaz ezta, jakina, ondorioaz ere. Baina nire sentimendu hau ez dit eliza katolikoak ahalbidetu. Bi pertsonaren arteko itunak bataren bestearenganako konfidantza eta begirunean oinarritzen du iraupena, eta erlazio hori giza-sentimenduetan eraiki behar da, iraungo badu.

Juan Antonio Martinez Caminok ere gogoratuko dituen historia hurbileko eliza-ezkontza batzuen adibideak datozkit burura: Franco jeneralaren bilobak, Juan Carlos Borbonen alaba, eta abar. Zeremonia ultrakatoliko ortodoxo horietan goi ordezkariek –Artzapezpikuak, Batikanoko ordezkariak...- parte hartu zutelako, pentsatu behar al dugu jainkoren batenganako askoz lotura zuzenagoa eman zela ezkontza-itunetan? Aseguratua zegoen, beraz, “heriotzak berezitu arte” ospetsua? Ez dirudi hala izan zenik.

Espainiar Gotzain Batzordeak mezu zitalak jaurtikitzeari segitzen dio, etengabe. Niri, nire bizitza erlijiosoari eusteko, gotzainek diotena ez zait aspalditik interesatzen. Ume nintzenetik oso modu arinean jorratzen joan naizen erlijios-bidea apalki ongarritzen jarraituko dut, Jose Antonio Pagola, Txema Auzmendi, Joxean Arregi eta horien gisako kristauen ereduekin.

urtarrila 28, 2011

ARGIÑANO-FAGOR-BOSCH. MARKETING BORTITZA?


Idatzi ala ez idatzi. Zalantza horretan egon naiz, eta buruak zer erabakitzen zuen itxaroten nuen bitartean hatzak teklak sakatzen joan dira eta idazkiñoak itxura hartu du. Akordatu orduko, gaurko hausnarketa txikia amaitua zegoen eta... horra doa, birritan pentsatu gabe.

Aitortu behar dut Karlos Argiñanoren zale bat naizela. Eta sarritan Antena 3eko haren saioa ikusten dut, sukaldaritzari buruz ezer gutxi badakit ere. Gainera ez naiz trebea lapiko artean eta ez daukat nire helburuen artean kuzinatzen ikastea. Baina errekonozitu behar dut beasaindarraren estilo komunikatzaileak harrapatu egin nauela eta oso gustura egoten naiz telebistaren aurrean, saioan zerekin txundituko nauen irrikan.

Gauza da, gehienok jakingo duzuen bezala, Karlos Argiñanok bere sponsorrik garrantzitsuenetakoarekin ez segitzea erabaki berri duela. Eta horren ondoren, denetariko esamesa eta zurrumurruak zabaldu dira, esango nuke espainiar esparru osoan, baina gehien bat gure artean. Erabaki merkantil eta salerosketaren milurtetako arauetan oinarritutakoak, neurriz kanpoko erreakzioak sortu ditu, grinak pizteraino.

Argiñanok alde batera utzi du oraintsu arte bere programan erabilitako Fagor marka eta honen ordez Bosch hautatu du. Zergatik? Baina, galdetu behar al da? Transakzio guztietako koipea zein da? Dirua! Ekonomikoki ez zitzaion sukaldari komunikatzaile bikainari interesgarria gertatzen Fagorekin segitzea, arrasatear markaren lehiakide amorratua den Boschek gehiago aginduko zion-eta. Eta deliberamendu guztiz zilegia hartuta, egun batetik bestera alemaniar jatorrizko enpresarekin adiskidantza interesatuzko besarkada batean ikusi dugu sukaldaria.

Nik ez diet Fagorrekoei marketing irakatsi nahi, ezta beharrik ere. Nik baino askoz gehiago dakite, profesional bikainak dituztelako. Baina esan behar diet, harritu egin naizela etendurarekin. Areago une hauetan, hain zuzen salmenten joerak garai aintzatsuetako kanpaiak jotzen ez dituenean. Momentu ilun samarrak dira eta denaren beharrean gaude, batez ere oraintxe delako markari indar guztiz eusteko garaia. Krisi garaian, enpresa batek bere marka, bere izaera zabaldu behar du, bizirik dagoela oihukatuz, balizko erosleek ahaztu ez dezaten.

Horrezaz gain, harreman komertzialaren etenak ekarri duen bestaldekoaren publizitate kanpaina sekulako min egiten ari zaio arrasatear markari. Kasu honetan ez dakit noraino zilegitasun morala duen “nik Boschera aldatu dut; zuk, noizko?” Argiñanoren mezuak. Jakin badakit, ekonomiak ez duela ahalbidetuko, teleikusleok besterik gabe marka batetik bestera pasatzea, Karlos Argiñanok esaten duelako. Baina, programa jarraitzen duten milioika pertsona horietakoren batek elektrogailua aldatu behar duenean... Batzuek marketing bortitza erabiltzen ari dela diote. Nik uste dut marketing mota guztiek daukatela funtsean bortizkeria, zenbait kasutan ezkutuago joan badaiteke ere.

Pentsatu al dute hori guztia Fagor markakoek? Benetan eskertuko genuke, etenduraren nondik norakoak eta erabakiak adierazi dituen ondorioen gaineko azalpena inoiz emango balira. Ez dira-eta hain ugariak izango marketing hurbileko historian, Argiñano-Fagor binomioaren gisako porroten ondoko erreakzioak. Sukaldaritza-hitz bat erabiltzearren, pil-pilean daude oraindik.

urtarrila 27, 2011

TRINCADO ETA VITORIA: BIZITZA BATEN HISTORIA, ESKUTITZETAN


Beste bi eskutitz jaso ditut BEHIN IZAN ZIREN blogera. Gaurko kasuan protagonismo pittin bat eman nahi izan diet Trincadoren gurasoei, Tarbesen baitzeuden erbesteratuta. 1940ko uztailaren 20koa da eskutitz hori, Jesus semeak Argèles sur Mer-eko kontzentrazio esparruan segitzen zuen bitartean.

Ezaguna da erbesteko dramak ez zituela bakarrik, zuzen-zuzenean salatutako norbanakoak harrapatzen, baizik eta horien inguruko senitarteek ere euren herria atzean utzi behar zuten sarritan, jazarpenaren hatzamarrek fisikoki bederen zigor ez zitzaten.

Valentin eta Ramonak, hainbat eta hainbat euskaldunen bidea egin behar izan zuten, garai hartan Arrasateko bizimodu arruntean ziren gorroto eta ezinikusietatik libratzearen aldera.

Bigarren eskutitzak itzultzen digu Jesus Trincado umoretsua eta itxaropenez beterikoa. Gurasoena baino bi egun geroagokoa da. Une zailak bizi ari zen kontzentrazio esparruan, zurrumurruak nagusi ziren ordu haietan.

http://behinizanziren.blogspot.com/

urtarrila 25, 2011

NIRE EGUNKARIAN EGUNERO




Ohitura daukat bezperan gertatu zaidanari buruzko laburpentxoa goizero nire egunkarian idaztea. Eta aitortu behar dut ariketa osasuntsutzat daukadala, jazotakoari buruzko hausnarketarako bidea errazten baitit. Bestalde, nolabaiteko balantze pertsonalak burutzeko ere zaizkit baliagarri eguneroko oharrak, eta –zer esanik ez- urteko “puntu eta beste orrira”koa aurrekoekin biltzen dudanean, pelikula interesgarria agertzen zait, nire bizitzarekin zer egiten ari naizen garbi edukitzeko.


Osasuntsua dela idatzi dut, baina horrek ez du esan nahi alde positiboak bakarrik idazten ditudanik, ezta gutxiagorik ere. Alderantziz, esango nuke, urtetako talaiatik behatuta, nor beraren bizitzan itzal-uneak maizagoak ageri direla argiuneak baino. Baina batzuek eta besteek balio dute ideiak berritzeko, aurrerako urratsak erabakigarriagoak izateko. Hala ere, idatzitakoak sarritan beldurraraz dezakeela azpimarratu behar dut, gehien bat egunkaria ahalik eta asepsiarik zintzoenarekin idazten bada.

Eusko Ikaskuntzarekin lotzen ninduen lan ituna iazko apirilean berritu nuen eta aurre-jubilaziora igaro nintzen. Ez dakit gizon-emakumeen egoera perfektua denik, baina niri behintzat bizitza-espazio interesgarrirako atea ireki zait eta denbora nire nahietara administra dezaket, hein handi batean. Horrela, liburuxka berri bati eite eman diot eta Eusko Ikaskuntzan eman ditudan hamasei urteen balantze bat egin dut. Balantze bat, idatzi dut, balantze atsegin bat, eta ez balantzea. Nork berak ere aukera dezake zertaz idatzi, jakina, eta horixe bera egin dut. Batez ere ibilaldi kronologiko bat marraztu dut, erakundean lanean hasi nintzen egunetik, interesatu zaizkidan zehazkizunekin apainduta.

Bateon batek galdetu dit nola gorde ditzakedan oroimenean hainbeste datu eta data. Eta nire sekretua ez datzala oroimenean erantzun behar izan diot, nire egunkarietan baizik. Hamasei urte, hamasei urtekari, egunez egun. Eta horrela dauzkat gordeta 1976tik. Nonbait galdu nituen 1972-1975 bitartekoak.

Nire paper zaharren artean gordetzen ditut, besteak beste, Arrasateko Mesedeetako mojetan 1955ean idatzitako koaderno bat. Sei urte nituen. Eta bertatik atera dut ondoko orria, zeinean bezperan egindakoaren berri ematen dut. Horregatik dakit, hain zuzen, 1955eko abenduaren 25ean autotxoketan ibili nintzela eta tonbolan zorte handia izan nuela. Horixe da, nire bizitza partikularrari buruz zuzen-zuzenean daukadan aurreneko kronika. Zertarako balio didan horrek? Ez dakit, baina polita da.

urtarrila 23, 2011

EUSKARAK PRESTIGIO EMAN? ZERGATIK?



Eusko Jaurlaritzak aurkeztu berri du inkesta bat euskararen inguruan eta ahoa bete hortz utzi nau, datuak iragazi ondoren arduradunek eskainitako balorazioaren alderdi batek. Prospekzio Soziologikoaren arduradun nagusia dugun Victor Urrutia adiskidearen hitzetan, “euskara jakiteak ez du prestigiorik ematen” Bere azalpenaren arabera, inkestatuen %45 batek bakarrik uste du gure hizkuntzak prestigio ematen duena.

Baina noiztik ematen dio espainiar bati espainiera bere hizkuntzak prestigio? Edo ingeles bati ingelesak? Edo nik ez dut ezer ulertzen edo hanka sartze ederra burutu dute Kabinetekoek galdera planteatzean. Nik, Victor laguna, alderantziz dela uste dut. Hau da, hizkuntzak, dagokion hiritarrari ez diola prestigiorik ematen, baizik eta hiritarrok ematen diogu geure hizkuntzari, erabiltzen dugunean eta indartsu bilakatzen dugunean.

Eta ez dago zalantzarik euskarak prestigio irabazi duela azken berrogeita hamar urteotan, lehenago beste inoiz izan ez zuen mailara iritsiz. Askoz gehiago eduki lezake, bai jauna, hiritar guztiok erabiliko bagenu gure ohiko zereginetan, baina euskara igaro da “baserri” hizkuntza huts izatetik edozein arlotako lanabes-hizkuntza izatera, eta horrek prestigio eman dio gure hizkuntzari, edozein helburutarako gaitasuna erakutsi du-eta.

Garbi daukat niri euskarak ez didala osperik ematen; nola izango da, bada, ez baitut nire betebeharrarekin kunplitu beste ezer egiten?

urtarrila 21, 2011

TRINCADO ETA VITORIA: BIZITZA BATEN HISTORIA, ESKUTITZETAN


BEHIN IZAN ZIREN blogean beste bi eskutitz jarri ditut. Oraingoan ere JESUS TRINCADOk bere adiskide MARCOS VITORIAri idatzita.


Argeles sur Mer-eko kontzentrazio esparruan zegoeneko bi eskutitz haietan, 1940ko uztailekoak biak, europar ifernutik alde egiteko gogoa azaltzen du Trincadok, Txileko aukera aipatuz, Hego Amerikako herrialde hartan baitago bien buruzagi izandako Celes Uriarte arrasatearra. Eta eskutitz batean, arrasatear batzuen izenak jartzen dizkio, Marcosek kontuan izan ditzan, Ameriketarako balizko irteerarako.

Eskutitzak irakurtzeko, jo ezazu: http://behinizanziren.blogspot.com