Nire burutazio eta lanetarako tokitxoa da espazio hau. Konpartitzerik badaukat, hobe.
BILATU
urria 21, 2024
POLITIKAN EZ DAGO LAGUNIK
urria 14, 2024
EZJAKIN ARRISKUTSUAK
Gure haurtzaroan gutariko batek, labana txiki batek lagunduta, bere izena idazmahaian markatzen zuenean edo, eskolatik kanpo, horman idazten zuenean, esan ohi zen ekintza hark erabateko ezjakin bat irudikatzen zuela. Udalaitzeko gurutzea eraso eta desagerrarazi dutenak, ezjakin izateaz gain, koldarrak dira, gauaren iluntasunean babestuta egin baitute balentria.
Herriaren borondatetik sortzen diren zeinu kulturalak ezabatzea, desagerraraztea, kalifikaezineko ekintza bat da, buru gaixoetatik bakarrik etor daitekeena. Eta tristeena da erasoak ez duela atzera bueltarik. Ondare kulturaleko pieza bat birrindu dute, betiko. Hori egin dutenek gure memoria historikoaren defizita handitzea lortu dute. Baina eurei, bost axola! Ezjakin arriskutsuak dira.
Argazkia: https://www.freepik.es/imagen-ia-premium
urria 07, 2024
LURRALDEAREN KOHESIOA
Lehengo astean Gasteizen izandako Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresuaren egunetan, euskal gizarteak gaurregun duen (edo izan beharko lukeen) gai interesgarrienetako bat aurkeztu da, eta hori gure lurraldearekiko, gure habitatarekiko konpromisoa baino ez da. Gaia berez dagoeneko zaila bada mundu mailan, ez da gutxiagorik hurbileneko lurraldera mugatzen garenean, hots, egunero zapaltzen dugun horretara.
Lurraldetaz orokorrean hitz egiten dugunean
europarrari, estatukoari, eskualdekoari, udalekoari, baita bizi garen auzokoari buruz ere ari
gintezke. Eta bistan denez, horietako bakoitzaren aldeko konpromisoa ezberdina
da. Zirkulu zentrokideen formula da. Intentsitate ezberdineko indar
konprometitzaileak daude, bizitegi hutsetik hasi eta emozionaltasun
sakonenetaraino, erabateko kidetasun sentimenduarekin. Horregatik beragatik,
herritar guztiek ez dute modu berean ulertzen lurralde kontzeptua.
Lehen zirkulu bat konpromiso sozialarekin
behar adina konprometituta ez dagoenean, lurraldea lausotu egiten da eta
kohesioa zailtzen duten mugak agertzen hasten dira. Eta ez dago garapenik
lurraldeari bizia emateko baldintzak betetzen ez badira. Konpromisorik gabe ez
da ongizate sozialik izango, eta ongizate hori ez da faktore ekonomikoak soilik
ematen. Harreman soziokulturalak oinarrizkoak dira. Bestela atxikimendurik ezak galaraziko gaitu.
iraila 30, 2024
GARRAIO PUBLIKOA
Bidaiarien garraio kolektiboari dagokiona da garraio publikoa. Pribatua ez bezala, garraio publikoko bidaiariek operadoreak eskaintzen dituen ordutegi eta ibilbideetara egokitu behar dute eta neurri handiagoan edo txikiagoan Jaurlaritzaren arauzko esku-hartzearen menpe egon behar dute.
Horrela defini liteke garraio publikoa, eta
mugaketa horrekin bat egin ala ez, gertatzen dena da administrazioaren
esku-hartzea gutxi gora behera sinbolikoa dela, konpainiek eurek nahi dutena
egiten baitute, eta zer esanik ez ditxosozko Covidez geroztik bezeroarekiko
adarra jotzea maila maiuskulak hartzen ari da. Ez dakit zer gertatuko zaion
irakurleari, baina ni – garraio publikoaren gero eta zale handiagoa naizenez-
jipoituta sentitzen naiz batzuetan, eskaintzen zaigun zerbitzu eta
arretarengatik.
Nire duintasunean zauritu egiten naute,
adibidez, autobusera iritsi eta barrura igotzeko txartela internet bidez hartu
dutenek lehentasuna dutela adierazten zaigunean. Operadoreak, enpresa
pribatua delako, bere interesetarako
hoberen iruditzen zaizkion baldintzak jartzen ditu sal-erosketa errentagarria
gerta dakion. Baina nik – gauza mordorako internet erabiltzen dudan arren- aldez
aurretik txartela erdietsi duena bezainbeste eskubide daukat autobus
“publikora”ra igotzeko… baldin eta administrazio publikoak hiritarron
berdintasunean sinesten badu. Osterantzean, gezurretan ari dira, eta, askotan
bezala, interes pribatuen morroiak dira.
Argazkia: wikipedia
iraila 23, 2024
GORROTOZKO DELITUTIK HURBIL
"Norekin hitz egiten ari naiz?" Horixe jakin nahi dut, edozein zentro publikora jotzen dudanean atenditzen nauen pertsonak izen-abizena baitauka, eta berak nirea dakien bezalatsu nik ere harena ezagutzeko eskubidea dut. Lotsagarria da erakunde publikoetako enplegatu asko eta askorengandik administratuok -ogasun beharrarekin zintzo betetzen dugunok- pairatzen dugun tratua.
Haserretu egiten naiz —zu baino gehiago sentitzen direnen helburuetako bat dela uste dut— soldata ordaintzen diegun pertsona aurkeztezin horietako batek mespretxu aurpegiz begiratzen didan bakoitzean, bere txakurrarekin erabiliko ez lukeen tonu batean hitz batzuk botatzen dizkidan bitartean. Eta ez dut ezer esan nahi telefono bidezko arretari buruz: tratuak mespretxuzko eitea hartzen du.
Bada, beraien izen-abizenak eskatzea erabaki dut, euren kontrako salaketa jarri behar badut... gorroto delitu batengatik, horixe erakusten baitute beren axolagabetasun pozoitsuaren bidez. Kasta sailkaezina sortu dugu, eta nire adinean ez nago prest edozein txatxuk bizitza ozpin diezadan.
(Aurrekoa adierazita, aitortu behar dut, begirunez hartzen nauten zerbitzu publikoko zenbait enplegatu ezagutzen ditudala)
Argazkia: www.urtkintz.com
iraila 16, 2024
GIZAKIOK EZ GARA JAINKO
Yuval Noah Harari israeldar historialariak oso artikulu interesgarria idatzi berri du The Guardian egunkarian. Gaia adimen artifiziala da eta horren garapenak ekar dezakeen ondorioa aztertzen du.
“Inoiz ez deitu kontrolatu ezin duzun botere
bati" zioen artikulugileak, eta Platonen Faidon jartzen zuen adibide gisa bere
teorian. Iokin Zaitegi zenak euskarara hain maisuki ekarri zigun mito grekoak
bere jainkozko jatorria frogatu nahirik, eguzkiaren gurdia gidatzeko
pribilegioa eskatu zuen. Eguzkiaren erregea zen Heliosek Faidoni ohartarazi zion gizakiak ezin dituela kontrolatu eguzki-gurdia tiratzen duten zeruko zaldiak.
Baina Faidon temati, zerura harro altxatu ostean gurdiaren kontrola galdu zuen.
Eguzkia bere ibilbidetik aldendu zen, landaretza guztia errez, izaki ugari hil
eta Lurra bera erreko zuela mehatxatuz. Zeusek esku hartu zuen eta Faidon
jo zuen tximistaz. Izar iheskor bat bezala erori zen zerutik, bera sutan. Horrela, Jainkoek zeruaren kontrola berretsi zuten mundua salbatuz. Horixe da,
laburki, mitoaren nondik norakoa.
Zer kontatzen digu Faidonen alegiak XXI.
mendean? galdetzen du Yuval Noah Hararik. Agerikoa da gizakiok uko egin diogula
mitoaren abisuei kasu egiteari. Dagoeneko desorekatu dugu Lurraren klima eta
gure kontroletik ihes egin eta instant batean euren kontrola gal genezakeen
milaka milioi drone, chatbot eta algoritmiko sorgindu batzuek mundua auskalo
norantz mugiarazten duten tramankulu harrigarriak sortzen ari dira.
Zer
egin behar dugu orduan? Alegiek ez dute erantzunik eskaintzen jainko batek
salbatuko gaituenaren zain.
Eta niri beldurra eragiten didate. Geratzen
zaidan lasaitasun apurra 1945ean Monique Luigik “le petit journal” egunkari frantziarrean idatzitakoak dakarkit: aurreikuspenaren xarma da ia ziur ez garela
iragarpena baieztatu ahal izateko nahikoa biziko. Erosotasun tragikoa, hain
zuzen.
iraila 09, 2024
LANAREN AURREKO JARRERA DESBERDINAK
Duela gutxi argitaratu den ikerketa soziologiko batek dio belaunaldi berriak aurrekoetatik ezberdintzen direla lanerako darakutsaten behin betiko jarreran. Gerra zibilaren ondorengo belaunaldikoa naiz, ekoizpen, ekoizpen eta ekoizpen lelo autokratikoak behartutakoen semea. Gure gurasoen laneko neke fisiko eta psikikoak estajonavismoarekin oso lotuta dagoen bizitzari aurre egiteko modu bat eratu zien. Eta gure kopetaren izerdiz ogia irabazteak suposatzen zuenaren hurbileko oinarri moral batekin hazi ginen, nahiz eta gure aurrekoen hainbeste estres edo lan presiorik gabe eta haien baino estatus sozial hobeagoan bizitzeko aukera ematen zigun hegan egiteko pista bat genuen.
Jarraitzen gaituen belaunaldia ohitura ezberdinetako ingurune batean murgilduta bizi da, nondik nora doan oso ondo ez dakien lan merkatu batekin, eta balio ezberdinekin, horietatik gehien gailentzen dena bizitzeko lan egitea eta ez lan egiteko bizitzea delarik. Bizitza oso laburra da eta egunez egun egin behar duzu. Niri oso ondo iruditzen zait, prozedura honekin bizitza duina izateko eskubidea bermatzen baldin badute, eta jarduten duten gizarte osorako dituzten betebeharrekin bat egiten badute.
Horrela ez bada, bakarkako karta-jokoan
tranpak egiten ibiliko lirateke.
Argazkia: Tere Anda




