BILATU

abendua 01, 2025

EUSKARAREN EGUNEAN

 


Etzi euskararen nazioarteko eguna ospatzen dugu, iragan mendean Eusko Ikaskuntzari horrela izan behar zuela otu zitzaiolako. Eta ospakizunaren lehen mendea oraindik betetzeke, badirudi hastapenetako agenteak ahaztu egin dituela euskal gizarteak, eguneroko gurpil irensleak eszenategi eta protagonista berriak behar baititu, ibilbidean garatuko bada. Eta nire ikuspuntu historikotik pena pixka bat ematen badit ere, barnean halako poztasun mingotsa antzematen dut: aintzindari haien helburua lortzen ari dela iruditzen zait.

Euskara bizirik dago eta aurrerantz proiektatzen du. Hizkuntzak erakunde biziak dira - nik esango nuke hilak ere oroimenean bizi direla haietara jotzen dugunean- errealitatera eta testuinguru soziokulturalera egokitzen direnak. Areago, hizkuntzek bizitzaren gaineko ikuspegi desberdina ematen dute, haien hiztunek tokian tokiko zirkunstantziei aurre egiteko une bakoitzean erabilitako berbaldiaren arabera. Horrek esan nahi du hizkuntzak garatu egiten direla, aldatu, nahiz eta ez naizen ausartzen aitortzera beren corpusean aberatsagoak bilakatzen diren ala ez. Hizkuntza bateko hiztunek ezagutuko bagenu nola joan den aldatzen gurea, agian irekiagoak izango ginateke, enpatikoagoak.

Hizketan jartzen gara eta gure ideiak eta arrazoinamenduen espresabidean bada halako lotailu bat, ikusezina, hainbat pista ematen dituena hizkuntzaren garapenari buruz. Alboko hizkuntzen -  baita ez hain hurrenekoen- eragina nabarmena gerta daiteke. Euskararekin garbi froga daiteke, bekoki zabaleko azterketa xume baten bitartez. Alderantzizko norabidean gerta daitekeen bezala, noski. Hizkuntzak ez dira puruak, orban gabeak, arrazoi sinple batengatik: komunikatzeko tresnak direlako. Giza harremanik ezean bakarrik iraungo lukete tatxarik gabe… baina horrek beste estatus batean utziko luke kolektiboa… Amazonetako oihan itxienetako ilunetan omen direnen mailan.

Nazioarteko Euskararen Egunean, bai euskaldunei bai euskera ez dutenei lasai eta aurreiritzirik gabe inguruko hizkuntzei begiratzea eskatuko nieke, ea adostasun puntuak aurki ditzakegun ikusteko. Adituek diotenez, hizkuntzek inguratzen gaituzten munduaren pertzepzioa moldatzen dute. Agian, beste hizkuntza bati buruz gehiago ikasteko ahaleginak, gure mundu-ikuskera aldatzen ez badu ere, ingurukoak begi berriekin ikusten lagunduko digu.

Argazkia: Ekain

azaroa 24, 2025

ELURRA ETA HERIOTZA

 


“Edertasunak estali zituen” (1), idatzi nuen 1985ean, elur jauzi batek sei lagun min eraman zizkidanean, eskiatzen ari zirela. Astean elurrak artzain bat hil du Urbia aldean, artaldearekin ari zenean.

Bere sinbolismo kontrajarriarekin, zuria heriotzaren beltzetik guztiz aldentzen da —behintzat gure kulturan. Elurra hiltzeko modu eder eta baketsua izan daitekeela sinetsarazi digute, hotzak besarkatzen zaituela loak hartzen duzun bitartean. Elurraren azpian hil denaren betarte irribarretsuari buruz ere hitz egiten da. Eta elurra bizien gainetik irristatu eta urtzen den bitartean, hildakoak estaltzen dituela baiezta daiteke.

Egia da heriotza ziklo baten amaiera dela, bizitza gazte batekin bukatzen dena —nire lagunak artean nerabeak ziren— edo adineko batekin, Urbiako artzainaren antzera. Baina egia da, halaber, elurra beste ziklo baten hasiera dela, hidrologikoa, ur erreserba gisa jokatzen duena harik eta helburu ugaritarako erabili arte, desagertu aurretik.

Bai, elurrak esanahi espiritual sakona du, heriotzak izan dezakeen, edo eman nahi diogun bezainbeste.       

     (1)   1985eko urtarrilean Kandantxun izandako istripu ikaragarri haren ostean eskatu zitzaidan oroitzapen-idazkia horrela titulatu nuen, eta egun La Rinconadan dagoen hormigoizko monumentuan sei zulo ikus daitezke “Les cubrió la belleza” esaeraren ondoan.

       Argazkia: https://pixabay.com/

azaroa 17, 2025

ON JENARO


Gutxitan pertsona batek eragin dit on Jenarok nigan piztutako aldeko jarrera bezalakoa. Bost urte izan nituen berarekin zuzenean partekatzeko irakasle eta ikasle batek elkarri eskain diezaioketena: jakinduria berak eta ikasteko egarria nik. Gure herrira iritsi zenean, bizitzari buruzko nire eskarmentua bete samar zegoen. Baina horrek ez zidan eragotzi, inguratzen gaituen munduaren gaineko haren ezaupidetza sakonak ni zeharo hunkitzea, gure ekintza arduragabeek sortu dituzten bira eta bihurgune guztiak argitasun handiz ikertzeko gai baitzen. Ni baino askoz ere kritika-zorrotzagokoa baina, aldi berean, lagun hurkoarekiko ulerkorragoa izanik, aukerak aprobetxatzen zituen gure mundu txikiaren inguruko bere azterketen nondik-norakoak niri eskaintzeko. Batzuetan ez nengoen ados arazoaren bere analisiarekin, baina beti eskertzen nituen bere irakaspenak.

Jenaro Lekuona, Azkoititik Arrasatera etorri zen Bergarako apaiza, benetako energia eta jakinduria iturri izan genuen nire moduko askorentzat, egunero gero eta gehiago nahasten gaituen gizarte honetan ia-ia galdurik gaudenontzat. Erretiroa hartu zuenetik gure arteko harremanak urtean birritakoak izan ziren, bere eta nire urtebetetzeetan. Gutxi, baina nahikoak nik berari nire miresmena agertzeko eta bihotzez bere adiskidetasuna eskertzeko.

Beti arte, On Jenaro!!

azaroa 10, 2025

SAIAKERA-AKATSA


Hausnarketa une bat heltzen da bizitzan, ordura arteko nor beraren bidea zuzena izan den ala ez galdetzeko. Hori hamabost, hogeita hamar edo hirurogeita hamar urterekin gerta daiteke. Batzuek diotenez, etengabe egin beharko litzateke autoazterketa, horrela, zuzendu beharreko zerbait izanez gero, ez bailitzateke ahalegina hain nekosoa jazoko.

Badirudi gazteak ez direla horren gisako itaunak egiteko zaleak. Eta arrazoia agerikoa da: eskarmentu eta ezagutza gutxikoak dira artean, ez dute aukera desberdinak alderatzeko abagunerik, eta azken helburua urrin geratzen zaie. Noski, badira salbuespenak eta egindakoa zuzentzeko beharra agerikoa duten kasuak. Arrazoiren batengatik, okerregi garatzen ari den zuhaitz txiki baten antzekoa da. Bere hazkuntza zuzendu behar du -edo  behar diote zuzendu- egunen batean itzala eta aterpea eskainiko baditu.

Antzeko zerbait gertatzen da adinekoekin. Bidaia asegarria izan den ala ezeko galderak ondoeza, atsekabea eta etsipena sor ditzake. Horregatik, askok saihestu egiten dute galdetzea. Zuhaitz zahar, abandonatu, korapilatsu eta bihurrituaren antzekoa da, jada irtenbiderik ez duena.

Nolanahi ere, uste dut ona dela gazteak autoerregulazioan heztea, agian guri aspaldi kontzientzia azterketaren gisa proposatzen zitzaigun bezala. Saiakera-akatsaren teknikaren antzeko zerbait, gizon edo emakume gisako jokabideari aplikatuta.

Argazkia: Ekain

azaroa 03, 2025

FAXISMOA ONGARRITUZ


Egunero esnatzen gaituen faxismoaren aurrerapena azken hamarkadetan bizi izan ditugun ideal demokratikoen oinarria ahultzen ari da. Gogoratzen dut,  diktadorea hil aurretik, lankide karlista sutsu batek behin esan zidala: "Orain arte, faxistok gu geu izan gara. Aurrerantzean , denok izango gara". Eta arrazoia zuen, jeneralaren heriotzarekin, faxista izatearen salaketak espektro ideologiko zabaletik etorri baitziren, espazio politikoa okupatu nahi zutenei zuzenduta.

Berriz ere, haize kirastu batek jotzen digu, oraingoan sare sozialen eta pentsatzeko eta jokatzeko modu ezagun batekin lerrokatutako komunikabideen konplizitateak areagotua. Fenomeno globala da hau, beti kutsakorra boterearen esparru ilun eta gaindiezinenetatik. Eta erabakiak hartzeko gaitasuna duten gune horietako bakoitzak nahi duenean manipulatzen gaitu. Noski, manipulatuak izatea, askotan gure baimenarekin, ongarri bikaina da gure bizilagunenganako eta dagokigun gizartearekiko axolagabekeria osoan haz gaitezen, inolako gainbegiratze demokratikorik gabe. Horrela, faxismoa berriro nagusitzen da... agintari klase anonimoek nahi duten bezala.

Faxismo kultural, ekonomiko eta soziala botere politikotik ezartzen da, eta horrela munstroek hazten jarraitzeko beharrezkoa duten zirkulua ixten diegu.

urria 27, 2025

ANTZERKIA DENONTZAT


Gure antzerki taldearen emanaldiaren ostean teloia itxi da, gaur, hogetahiru urteren buruan lehen aldiz, Bergaran. Kostatu zaigu mahon-hirira iristea —nork daki zeintzuk diren bertako kultur programatzaileek orain arte beren eskaintzetan gure taldea ez sartzeko izan dituzten arrazoiak—, baina madarikazioa hautsi ondoren, saio bikoitz batekin ospatu nahi izan dugu Bergarako gure bataioa.

Orain 2003ra salto egiten dut eta jatorrizko Doke ikusten ari
naiz eszenatokian, gaur egun antzerki inklusiboa deitzen dena ordurako kontuan hartzen zuena; hau da, desgaitasuna duten eta ez duten pertsonak antzerki-sorkuntzaren etapa guztietan integratzea bilatzen duen arte eszenikoan ari ginen, pasibo zein aktiboki . Eta gaur egunera arte, horrela funtzionatu du taldeak poztasunaren iturria bilakatuz.


Bergarara itzultzen naiz, eta larunbat honetan taldeak publikoarekiko duen konpromisoaren esparrua zabaldu nahi izan du. Darío Fo-ren "Hemen ez du inork ordaintzen" antzezlanaren ohiko emanaldiaz gain, Dokeko kideek beste saio bat eskaini diote ikusmen arazoak dituen talde bati. Egoera horietan bizi diren zenbait lagun, beren laguntzaileekin eta Gurutze Gorriko langileekin batera, eszenatokira igo dira hango giroa entzuteko, ukitzeko, usaintzeko... hitz batean esanda, antzezlanak eskaintzen duena ulertzeko. Saioa oso aberasgarria izan da aktoreentzat eta publiko berezi honentzat, horren ostean ohiko emanaldia beren eserlekuetatik jarraitu ahal izan dutenak, eszenatokian gertatzen ari zena konprenituz.

Beste behin argi geratu da artea inhibizioak gainditzeko eta gizarteratzea sustatzeko bitarteko ahaltsua izan daitekeela. Espero dugu ildo honetatik intziditzea. Prest gaude. Guregatik ez da geratuko.


Argazkiak: Doke Antzerki taldea (JMVM)

urria 20, 2025

ENAREN ITZULERA

 


Poetak idatzi zuen enarak itzultzen direla. Horrela esanda, oso litekeena da uda honetan ikusi ditugun batzuk gure buruen gainetik hegan egin izana iraganean. Baina ziur nago ez zutela ingurune bera aurkitu, ez inguruko elementuetan ezta gugan ere, denborak bere arrastoa utzi baitu.

Gizakiok objektuak handitzeko eta idealizatzeko joera dugu. Eta hau arazo bat da, epe luzera, desilusio iturria baita, etsipena ez bada. Pertsonak, garaiak eta lekuak idealizatzen ditugu, haietan positibotzat ikusi duguna nabarmenduz, alderdi negatiboak ahaztuz. Hori gertatzen da lehen maitasunarekin, bisita labur batean gugan arrastoa utzi zuen leku horrekin, edo bizi izan genuela uste dugun haurtzaro zoriontsuarekin, denboraren ikuspuntutik arretaz behatuta, beste irudi bat eman diezagukeena.

Inor ez da perfektua, eta idealizatutako elementuan pixka bat gehiago sakonduz akatsak agertzen dira. Errealismoa sorrarazteko ariketa ona da elementu idealizatu horietara hurbildu eta berriro hura bizitzen ahalegintzea. Ez dira inoiz lehen aldiko berdinak izango. Denbora oso traidorea da. Orain, traidorea norbera ere izan daiteke, eta norberak mundu idealizatuan bizitzen jarraitzea nahiago dezake. Horregatik interesgarria da aipatutako poetak idatzi zuen beste hau ere gogoratzea:

Baina zure edertasuna eta nire zoriona ikusteko

hegaldia moteltzen zutenak,

gure izenak ikasi zituztenak...

horiek... ez dira itzuliko!


Argazkia: Aranzadi Zientzia Elkartea

urria 13, 2025

ESPERANZA AGUIRRE ETA ERREGEA, AVILAREN ALDE


1997ko azaroaren 27a zen. Orduko Kultura ministroa gonbidatu genuen Eusko Ikaskuntzaren Kongresuan parte hartzera, lehen aldiz bideokonferentzia bidez konektatuta, hainbat hiritan aldi berean egiten ari zena. Konexio horietako bat Madril-Gasteiz izan zen. Esperanza Aguirrek presiditu zuen mahaia Ministerioko areto batean, eta pantailaz bestaldean Félix Ormazabal Arabako diputatu nagusia zegoen,  Kongresuaren Gasteizko egoitzan.

Ordurako, Esperanza Aguirre ezaguna zen jendaurreko agerraldietan zentzurik gabeko gauzak esateagatik, eta guk, antolatzaileok, apustu moduko bat ezarri genuen gure artean ministroaren hitzaldian lehenengo inkoherentzia nork antzemango.

Ez genuen denbora asko itxaron behar izan, hasierako agurrean, Agirre andrea Félix Ormazabali zuzendu baitzitzaion Ávilako diputatu nagusi gisa. Eta ez zuen hutsegitea nabaritu —behintzat, ez zuen barkamenik eskatu—, nahiz eta garbi zegoen “estudios vascos”en ekitaldi batean zegoela.

Gogoratu nuen anekdota Espainiako erregeak lehengoan Gasteizen berriro ere Ávila aipatu zuela jakin nuenean, Arabako beste diputatu nagusi bati, Ramiro Gonzalezi, zuzendu zitzaionean. Eta dakidanez, borboia ez zen bere akatsaz konturatu ezta hutsa zuzendu ere, behintzat publikoki.

Espainiako kultura ministroa eta erregea. Zein pertsonaiak!

Argazkia: JMVM

urria 06, 2025

LIBURUETAN DAGO IRAULTZA


Gazte asko harrituta geratuko lirateke jakingo balute zein azkar kontsumitzen dugun adinekook literatura, etxeko
liburutegiaren apal batean ahaztuta dagoen liburuan, edo 
bere garaian hunkitu gintuen testua berreskuratuta emozio berrien bila. Edo baita irakurgai berrietara hurbilduz ere. Liburuak jarrerak aldatzeko palanka dira, ezagutza maila altuagoetara abiatzeko jauzi-oinarriak, eta, batez ere, hazteko gogoz, bizitzak etengabe ezartzen digun zama arintzeko aukeraren bila gabiltzanontzako bake-babeslekua.

Voltairerekin ados nago liburuek arrazoia, tolerantzia eta pentsamendu askatasuna sustatu behar dituztela dioenean, dogma finkatuak zalantzan jartzeraino. Nik esango nuke, batez ere, ortodoxiatik ihes egiteko balio behar digutela. Eta esaten dudanak kontraesankorra dirudi historian gehien irakurri diren liburuak ortodoxiaren paradigmak direla kontuan hartzen badugu: Biblia eta Korana, eta hurbil jarraitzen dien Torah.

Liburuek irekiagoak, malguagoak egin gaitzakete. Baldintza bakarrarekin: adimen irekiarekin hurbiltzea. Beti iruditu zait liburuetan dagoela iraultza. Adinak erlatibistago bihurtu nau; beraz, iraganeko beldur asko lurrundu zaizkit, eta sentsazioak eta emozio berriak gordetzeko leku asko daukat.

Argazkia: creandoutopías

iraila 29, 2025

SASOIKO TOKIKO PRODUKTUAK


Udazkenaren etorrerak atzean uzten ditu ohitura desberdinak gure eguneroko bizitzako alderdi askotan. Horietako bat gure elikadura da.

Abuztuan angurri bat jatea ez da azaroan egitea bezalakoa, nahiz eta fruta hori akaberaino maite dezakegun. Uztaileko egun bero batean babarrun-gisatu bat jatea ez den bezala. Dena bere sasoian... edo behintzat hori ikasi genuen haurtzaroan, eta arrazoiren bat izango da horretarako. Orain harrituta gaude lekak merkatuan urte osoan zehar eros daitezkeela ikustean, eta gauza bera gertatzen da itsaskiekin, "r" bat zuten gaztelerazko egutegiko hilabeteetan bakarrik jan zitezkeela uste izan genuen moduan.

Gaur egun, oinarrizko elikagaiak eta ez hain oinarrizkoak mundu osotik iristen dira guganaino hozkailu ontzietan. Horrek merkataritza-katean dituen ondorio guztiak dakartza, ingurumen- eta klima-inpaktua barne. Eta gatazkak sortzen dira, sasoiko bertako produktuen kontsumoa defendatzen eta eskatzen duten ahotsekin, horrek ekoizle hurbilei mesede egin gura dielarik.

Eta hori guztia egia izateaz gain zilegi dugu. Arazoa da gai garen zero kilometroko marka lehenesten duen merkataritza-sistema bat artikulatzeko, edozein lekutatik datozen inportazioen aurkako ahaleginean. Hori, eta, noski, hiritar arrunton ohituren aldaketa bat behar dela, tokiko eta sasoiko produktuak kontsumitzeko, eta ez nago ziur prest gauden horretarako. Horri gehitu behar zaio mundu osoko egungo egoera kaotikoren erantzule diren korporazioek erakusten duten aparteko indarra.

Nik pertsonalki, bertako eta sasoiko produktuak kontsumitzera itzuli nahiko nuke, ekonomikoki inor galtzaile atera gabe. Utopia al da hori?

Argazkia: wikipedia

iraila 22, 2025

BALIOAK HORTXE DAUDE

 


Duela gutxi lagunekin bilduta, eztabaidatzen ari ginen kristau ingurune batean hazi izanak —ezusteko eta zulo ezatsegin ugarirekin— gure ingurunetik desagertzeko zorian dauden balio sorta bat eman ote zigun. Zuzentasuna, xumetasuna, errespetua, egiarekiko lerrokatzea, diziplina, elkartasuna… ezinbestekoak ziren gure mundu honetan ibiltzeko, eta oraindik ere ezinbestekoak direla iruditzen zaigu. Desagertzeko arriskuan daudela?

Nik ez dut hori ikusten. Uste dut bizitzarekiko jarrera positibo horiek ez direla kristautasunaren esklusiboak. Aitzitik, giza balioak espezie-atributu gisa eman zizkigutelakoan nago, bizi garen testuinguru sozial, erlijioso eta kulturala edozein dela ere. Balioak eta akatsak unibertsalak dira eta gure azalean tatuatuta eramaten ditugu. Beste kontu bat da gaur egungo gizartea geure burua aztertzeko betebeharra ahazten ari ote den eta tatuajeaz erreparatuko balitz jasango lukeen kolpetik ihes egiten saiatzen ari dela kontzienteki.

Balioak hor daude, baina praktikatu egin behar dira. Guztiok dugu gure kontzientzia aztertzeko betebeharra, gure itsasontziaren lemaren kontrola hartu ahal izateko, beste nabigatzaileekin talka egitea saihestuz. Ez da zaila; egin behar da.

Argazkia: JMVM

iraila 15, 2025

CUPERTINOTIK ALDENDUZ


Jakina, Applek bere marketin politika propioa du, eta ez naiz orain Uribarri Ganboa herri txiki honetatik etorriko, dirua irabazteko makina estatubatuar boteretsu honen pentsamoldea aldatzera. Oso litekeena da, beren IA guztiarekin, ez jakitea non dagoen leku hau. Baina ez nadin desbidera.

Hamabost urte baino gehiago daramatzat iPhone erabiltzen, bezero-hornitzaile harreman nahiko konplexua izanik. Ezin da esan bisitatu behar izan ditudan hainbat denda ofizialetan topatu ditudan saltzaileak bertutearen eredu direnik. Areago, gaitasunen baten faltan zeuden.

Duela egun batzuk, telefonoa lehertu egin zitzaidan; funtzionatzeari utzi zion. Hiriburura joan nintzen matxuraren arrazoia galdetzera. Ia aurpegira begiratu gabe, esan zidan komertzialak: 450 euro gehi BEZa.

Alde egin nuen haserre eta nire etxe ondoan pakistandar batzuek ireki berri duten denda batera joan nintzen. Gailuaren sintomak antzeman ondoren, esan zidaten: pieza hautsia ei dauka, 45 euro.

Arrisku bat hartzen ari nintzen, banekien: Appleren "bermea" haustear nengoen. Eta zertarako balio izan dit orain arte? galdetu nion neure buruari. Eta bigarrenez pentsatu gabe, kontratu teorikoa hautsi nuen: Apple oroxurgatzaile garesti horretatik askatu nintzen.

Bestearengandik desberdina izateko nahiarekin giza ergelkeria sendotzen ari denak ehunka mila lanpostu sortu ditu mundu osoan, kontsumitzailearentzat askoz prezio merkeagoan eskainiz ordeztezinak ordezkatzeko prest. Argi daukat: telefonoa oraindik erabilgarri dagoen bitartean, Pakistangoekin jarraituko dut. Gero, bizirik banaiz, ez dut iPhone bat erosiko. Bye, bye Cupertino!

iraila 08, 2025

ZERU PARTIKULARRAK


Ez dakit existitzen den, baina deskribatzeko edo margotzeko aukera dagoenez, nik behintzat garbi daukat. Gaur goizean nire begiekin ikusi dut, eta ordutik nire baitan eta paperean jasotzen saiatzen ari naiz.

Uribarri Ganboan zehar nabigatzen ari nintzen, belak guztiz irekita, eta kanabera uretara luzatua, arrainen batek tenk egingo ote esperantza amaigabean.

Une labur batean, zerua ikusi dut, nire zerua. Eta berriro erreproduzitzen saiatu naiz, baina haizearen norabidea eta nire kanaberaren kurbadura ez ziren berdinak. Ikusi egin dut... baina desagertu egin da.

Ziur nago hura zela nire betikotasunerako aukeratuko nukeen zeru zatia. Baina berehala konturatu naiz ez zela %100ean egokituko nire maiteen zeruarekin, urruti joan gabe belaontzian nirekin zeuden bi bilobenekin. Beste era batera esanda, zerua oso gauza berezia dirudiela, amesten duen pertsonaren gustura egokitua, eta pertsona bakoitzak berea du, ez baitira bi amets berdin. Bikoterik sutsu eta maiteminduenak ere ez lirateke gai izango betiko zeruko espazio bera definitzeko.

Iruditzen zait mundu honetan ameslari izan diren bezainbeste lursail txikitan banatuta dagoela zerua, eta hori ez dator bat haurtzaroan irakatsi zidaten doktrinarekin, jende on guztiak espazio berera bilduko zirenekoa. Nik, behintzat, ez dut horretan sinetsi nahi. Gizateria sortzeko erabilitako formula errepikatzea litzateke... eta ongi ikusi dugu zer bihurtu den hura.

Ez dut beste aukerarik nabigatzen jarraitzea baino, ea berriro agertzen zaidan.

Argazkia: JMVM

iraila 01, 2025

ADIMEN ARTIFIZIALAREN BIDE BIHURRIETATIK


Termino gutxi izango dira, euren esanahiari buruzko ezagutza faltagatik, haien benetako irismenaz kezka handiagoa eragiten digutenak. Adimen Artifizialaz ari naiz, harrapatu gaituen benetako zulo beltz bat, giza portaeraren infinituan desagertu arte xurgatzeko arriskua duena.

AAren errealitatea den labirintoan murgildu nauen liburu bat irakurtzeko aukera izan berri dut. Adiskidantza luzeak lotzen gaituen bi zientzialarik idatzi dute. Felipe Gomez-Pallete eta Paz de Torres dira, eta adimen artifizialaren bideen analisi zehatza aurkezten dute "Ez utzi zuhaitzek basoa ikustea eragozten" liburuan.

Antonio Garrigues Walkerrek hitzaurrean dioen bezala, egileak ahalegindu dira, beren ezagutza guztiarekin —gutxi ez dena—, jokoan dauden interes izugarrien eta borrokatzeko prest dauden pertsona eta erakundeen faltaren aurkako antidoto gisa iraultza kultural eta etiko baten beharraz ohartarazten. Felipek eta Pazek AAren mugak ulertzeko bideko korapiloen inguruan ohartarazten gaituzte, gogoraraziz grabitatearen efektuak ezagutzen ditugula —sagar erortzailearen kasua—,
baina oraindik ez dakigula zer den grabitatea.

Beraz, liburua dei bat da ingeniarien, filosofoen, abokatuen, hizkuntzalarien eta abarren esku esklusiboetan ez uzteko 
AA, baizik eta gizartearen parte-hartze aktiboa eskatzeko, herritarren partaidetzarik gabe apustua.. eta etorkizuna galtzeko arriskua dugula jakitun garenon guztiok inplikatuta. Gizarteak erabaki ausartak hartuz bakarrik begira diezaiokegu itxaropenez adimen artifizial deiturikoaren garapenari, bigarren mailan inoiz baztertu behar ez den adimen naturalaz jantzita dauden pertsonek diseinatu eta praktikan jarri beharko baitute, munduak mundu izaten segituko badu.

abuztua 25, 2025

ALIENIGENEI DEIKA


Lurrera hurbiltzeko gai izango al dira alienigenak?. Edo, hobeto esanda, ausartuko al dira etortzen? Ez dut uste Gasteizko Ikasbide ikastolako ikasle ohi ospetsuarengana joan behar denik estralurtarrekiko bitartekaritza egiteko, iruditzen baitzait sasi-zientzialari dibulgatzaile atzerakoi akaberakoak iparra galdu duela eta doan bidetik nekez hel liteke haiengana. Baina ez da kezkatu behar gaituen zerbait, telebistako igarlerik ezean beste mundu batzuetako balizko bisitarien aurrean ordezkatuko gaituen norbait egongo baita.

Garrantzitsuena da gure erreguak entzun eta uler ditzatela, zentzu guztietako suntsipen-olatuak planetan bere zantzoak markatuz utzi gaituen biluztasunik beldurgarrienetik adierazita. Kanpoalde sideraleko jaun/andre txit argiak -generoa kontuan izanda, badaezpada ere: xurga gaitzazue, eta zuen aginduetara jartzeko prest geundeke. Ez lukete zuen taldeburuek hemengoek baino okerrago egingo. Salba gaitzazue gainean dugun hondamenditik. Jartzen dugun baldintza bakarra justiziaren aurrean denok berdinak garela dioen esaera ospetsua betetzea da. Gainerakoak, berez, etorriko dira.

Beldur naiz, dena den, bizi garen munduaren noraeza - emozio-noraezaz ari naiz, ez lur-ardatzaren aldaketa hipotetikoaz- hain abiadura eta sakonera handikoa denez, beste galaxietako buru pentsalariak kikilduko ote diren, trumpetalari ilehori sheriff-aren eta bere morroi pistoladunen aurrean agertzeko ausardiarik gabe. Estralurtarrak bai, baina ez ergelak.


abuztua 18, 2025

DOLCE FAR NIENTE


Ezertxo ere ez nekien Stanis (horrela idazten zuen lagunentzat bere izena) Furundarenari buruz, “Deitzak” bere liburuxka irakurri arte. Berrogeita hamar urte zeramatzan Tolosako Lopez de Mendizabalen moldiztegian argitaratutako aleak nire liburutegian, eta aurtengo udako arratsalde sargoritsu batean eskuetaratu nuen bere arasatik. Hausnarketatxo apalak dira “Deitzak”, amodiozkoak gehien bat, baina bada bat “Dolce far niente” lerroburuarekin, eta biziki gustatu zait.  Horregatik, nire irakurleekin partekatu nahi dut.

Furundarenak bere bizimodua azaltzen digu zenbait lerro bakanetan, argi eta garbi, goizetik gauera arteko bere jarduna nolakoa den zehaztuz. Estilo zuzenaz idazten du, besteak beste mediku bere ofizioaren berri eskaintzen digula San Kosme eta San Damianen gaineko erreferentzia egitean. Piano jotzea ere atsegin zuela, eta adiskideekin berba egitea, eta paseatzea… Irakur diezaiogun:

Beste batzuek esan dute, nik baño len, asko ikusidunak asko dula ikasten. Nik ikusiyaz, benetan zen dan, gertatutzen jarri naiz ni ere, nire bizi modua abestutzen.

Ara lau itzetan nire bizitza, nola detan eramaten, jarriya bere ordukin, hemen:

Bederatzitan, kafe-esniarekin artzen.

Amarretan, San Kosme eta San Damian-eren ogibideakin txanponak irabazten.

Amabitan, nire emazte biguñ, legunan ondoan, baburrunak jaten.

Baskaldu ondoren, nire Pianotxuari bere kolkotxotik otsezti biotz mugi zaliak ateratzen. Berritxuketa batzuek Parnasoko Apoloren alabakin egiten, eta gero ibilketatzen.

Bederatzitan, afaldu, eta lo ederki egin ondoren, gaur atzo bezela, biyar gaur bezela. Beti izan dedila olashen. Amen.

Liburuxkaren irakurketatik ondorioztatu dut Stanis tolosarra zela, eta datu horrekin behin “ezer ez egitearen dultzia” hausnarketatxoaz jabetuta, instantean etorri zait izaera berdineko beste tolosar baten irudia, asko-asko maite izan nuena, eta gogoratu dut nire adiskide hark zioen bezala tolosar nortasuna gauza aparta dela. Nolako parea, Furundarena eta Garmendia! Juanito, besarkada bero bat, eta goraintziak Stanisi!!

abuztua 11, 2025

SAN LORENTZO ETA EUSKARA

 

Valderejoko San Lorentzo

 Atzo San Lorentzo eguna izan zen eta toki askotan jai ospakizunak gozatu zituzten. Eguneko ohiko beroak jendea itzala bilatzera behartzen duen data da, orduak ito larrian emango ez badira.

Duela egun batzuk, Burgosko probintziarekin mugan dagoen Valderejoko haran arabarrean atzoko prestatutako programa jaso nuen. Gaztelaniaz eta euskaraz idatzitako egitarauak ekintza interesgarri sorta baten berri ematen zuen. Iragarritako beroak ez, baizik beste konpromiso batzuek eragotzi zidaten bertaratzea, baina gonbidapenak 1959an nik bizi izandako anekdota bat gogoratzeko aukera eman zidan, haraneko herrietako bat den Lalastraren gainean kokatuta dagoen San Lorenzo ermitan jazoa (1)

Garai hartan, uda Villamardonesen ematen genuen, orduan Valderejo osatzen zuten hiru herrietatik egun desagertutakoan, eta San Lorentzo egunean nire gurasoak eta hiru anaiok aipatutako baselizara igo ginen.  Derrigorrezko mezaren ostean, bertakoek aitari eskatu zioten euskaraz zerbait abestea, eurentzako hizkuntza bitxi eta urrun haren soinua entzun ahal izateko.

66 urte igaro dira ordutik. Aurrerapauso batzuk eman ditugulakoan nago.

(1) "Arabako hizkuntzak eta hiztunak mundu eleanitzean" liburuan (1914. Arabako Diputazioa) daukat jasoa.

Argazkia: wikipedia


abuztua 04, 2025

JAIAK BIZI IZAN


Igandeko egunkariarekin irakurleei eskuetaratzen zaien asteroko “plazebo” horietako batean, Espainiako hiririk ederrenen sailkapen bat irakurri nuen lehengoan. Sailkapen ulertezina eta zentzugabea, ene ustez, jaio garen lekua baita bakoitzarentzat lekurik ederrena.

Horregatik, alferrikakoa litzateke gure herri eta hirietako jai desberdinak alderatzen saiatzea. Ez dago jaien kalitatea edota intentsitatea neurtzeko gailurik, norbanako bakoitza egoera subjektiboek bultzatzen baitute festara, eta horrek itxaropen onenak zapuztu ditzake beharrezko inplikazio emozionalik ezean. Iruñera iritsi nintzen behin San Fermin jaietarako keinuan eta ordubetera alde egin nuen, girora egokitu ezinik.

Gaur Gasteizek bere kaleak eta plazak irekitzen dizkie jaiei, eta horien barruan daude festaren berezko osagaiak. Hala ere, pertsona bakoitzaren umorea eta jarrera proaktiboa behar dira uneaz gozatzeko. Hori gabe ahaleginaren emaitza hutsaren hurrena litzateke. Gasteizera buelta bat eman beharko dugu, nire lagun askok txikitatik jaiak ikusteko duten modua aitortuz. Haiekin elkar eragiteko asmoa dut.

Argazkia: Jesus Prieto Mendaza

abuztua 01, 2025

% 90


Idazkitxo hau irakurtzen ari direnen artean ez da inor egongo Ertzaintzaren azken azterketen emaitzen berri ez duenik. Baina ziur aski oso gutxik, baldin badago norbait, jakingo dute hautagaiei ipinitako programa teorikoaren nondik norakoa, edota egindako proba psikoteknikoen maila.

Dena den, diodan, aurkeztutakoen % 90ek ez zutela proba gainditu baieztatzea, eta datua zuzenean hezkuntza porrotarekin lotzea ez dela zuzena, teorian Arkautera sartzeko beharrezkoak ziren estandarrak oso altuak izan zitezkeelako, eta gerta zitekeen benetan talentudun pertsona gutxi batzuek baino ez gainditzea baldintza horiek. Egundoko ertzain belaunaldi jantzia litzateke, eta, oro har, pregonatu den moduan, historian hoberen prestatutako gazteria izango genuke oraindik ere.

Baina gerta liteke, eta nire beldurrak norabide horretatik doaz, EAEn bizi den gazteriaren zati handi bat, gutariko askoren baitan marraztu dugun eta oraindik helburu amestua den balizko herri egituratuarekiko ezaxolati izatea, herritarrei exijitu behar zaigun gutxienekoari ere bizkar emanda bizi dela. Eta ertzain izateko balio ez duten bezala, beste arloetan ere porrota izango litzateke nagusi.

Eta ez dut ezer arriskatuko hondamendiaren tasari dagokionez balorazioa egiten, herrialde normal batek bere herritarrei eskatu behar dien hizkuntza-profila kontuan edukiko balitz azterketetan. Baina puntu honetaraino iritsita, nahiago dut isilik egotea, ez baititut inoren oporrak mikaztu nahi.

Argazkia: zuzeu.eus

uztaila 28, 2025

ONURADUNETAKOA NAIZ


Gaur astelehena, Uribarri Ganboan berriro gogoratzen dugu Arabako eskualde baten bizimodua erabat aldatu zuen gertaera bat, garai hartako stablishmentek bultzatuta bertako gehienon borondatearen kontra sortutako urtegi batek piztua, eta beti bezala, gehien bat emigratzera behartuta egon zen giza taldearen arrazoiak alde batera utzi zituena.

Ehunka familiek ez zuten beste aukerarik izan maletak egitea baino, eta atzera begiratu gabe, betiko agur esatea beren etxeei, lan eta aisialdirako lekuei. 1950eko hamarkadaren erdialdean gertatu zen, eta haurren, helduen eta adinekoen exodoa oraindik ere askoren memorian dago... Hurrengo urratsaren berri izan gabe, euren lurretatik erauzitakoek bazekiten ez zela inoiz berdina izango. Atzean ezer ez, eta aurrean galdera ikur erraldoia.

Gaur ez ditut berriro salatuko giza eraso horretatik etekin material deitoragarria atera zutenak. Ez dut idatziko, askotxo egin dut, geratzea erabaki zutenei buruz, bizitzaren aldeko borroka berrian porrot egiteko arriskua jasan zuten arren. Baina bai ostera aitortu nahi ditut, euren sustraietatik indarrez atera zituzten guztien ausardia, egoitza berri bat eraikitzeko burututako ahalegin sutsua, beren lorpen epikoa baliatuz, denboran milaka eta milaka herritarrek etekina atera genezan sakrifikatu ziren haiek.

Benetako onuradunetako bat naiz ni.

Argazkia: JMVM

uztaila 21, 2025

DENA DA ERLATIBOA


Errealitatea da denboraren abiaduraren sentsazioa areagotzen dela gure adinean aurrera egin ahala. Uztaila da eta iruditzen zait iragan 
Gabonzahar gaueko afariaren mahaia jaso berri dugula. Segur aski bilobei galdetzen badiet esango didate amaitu ezina iruditu zaiela udako oporrak heldu bitartekoa. Ikuspegia ez da berdina. Batzuek gure azken helmugarantz begiratzen dugu: gazteek, berriz, iragan laburrari begira neurtzen dute denboraren abiadura. Nik jada ez daukat oporraldirik eta nire atzetik datozenak aisialdia noiz iritsiko zain irrikan daude.

Bertigo sentsazio horri garai zailak bizitzen ari gareneko beste sentipena gehitzen badiogu, ia dena erlatiboan jartzen dugun puntuan gaude. Orain arte eguneroko bizipen ugari zalantzan jartzeko gaitasuna gero eta azkarrago areagotzen banuen, nire adinera iritsi izanak ia ezerk ez du erabatekotasun zentzurik. Ezer ez da egia edo gezurra... zioen Campoamorren bertso ospetsu hark, inguratzen gaituen mundu traidoreari erreferentzia eginez. Nolanahi ere, ez gara desanimatu behar eta ezezagunari aurre egin behar diogu geure talaiatik, ez baitago besterik.

Argazkia: Ekain

uztaila 14, 2025

DESAGERRARAZ DEZAGUN GIZA-EHIZA

 


Autobusean egin berri dudan bidaia luzeetako batean liburu batekin entretenitu nintzen, liburutegian hamarkada batzuk eman arren, inoiz irakurri gabe nuena. Zortzi orduz lagun izango nuen irakurketa aukeratzera liburu-apaletara jo nuenean, Albert Mahuciet (1954) frantsesaren   "Afrikako ehiza-istorioak"  tituluarekin egin nuen topo. Liburu hartaz ez nuen ezertxo ere gogoratzen, eta erabaki nuen hura izango zela nire autobus-bidaian nirekin eramango nuen irakurgaia.

Zaila da kalibratzea nola aldatu den mundua behatzeko erabiltzen dugun ikuspegia, ume gineneko talaiatik kalibratzen genuenarekin eta hari buruzko zirkunstantziekin konparatuta. Nire garaikideetako inork ez dit ukatuko mota guztietako animalia basatien ehizaldi izugarriak agertzen ziren "publiko guztiei onartutako" film-proiekzio ugaritan parte hartu izana. Eta gu pantaila aurrean txaloka, zerbitzatzen zitzaizkigun basakeriekin gozatuz. Gaur egun, planetako oreka naturalak izan behar duenarekin bat datorren kontzientzia helduagoa da. Ingurumen-hezkuntzak errespetu handiagoa eragin digu animaliak eta landareekiko.

Mahucieten liburua iragan baten isla da. Eta zorionez mundua aldatu egin da bizitza basatia deitzen dugunaren aldean, nahiz eta bidean ezin konta ahala espezie akabatu ditugun. Orain gure hurkoei buruzko ikuspegia aldatzea geratzen zaigu... gizakiok osatzen dugun espezie bakarrarekin amaitu baino lehen. Desagerraraz dezagun giza-ehiza.

Argazkia:  « Afrikako ehiza-istorioak » liburutik

uztaila 07, 2025

LATA HUTSA

 

Gautxori festazaleren batek botatako edari isotoniko lata huts bat dabil azken egunotan hara eta hona, haizeak eta futbolari handien txutekin amets egiten duten haurren eta ez hain haurren ostikoek mugiarazia. Atartetik kaleratzen naiz eta han daukat, espaloian, garajearen kanpo aldeko txokoren batean edo bizikleta gurpil baten atzean. Hartu eta ondoko edukiontzi horira bota dezakedan arren, ez dut nahi izan, eta egunak aurrera joan dira, neure buruari galdetzen diodan bitartean: noiz arte lata gure artean?

Aurrera eta atzera mugitzen ari den egunetako goizetan, nire etxetik zabor-biltzailea entzuten dut bere erratz zaratatsu mekanikoarekin endredatzen, hondakinak espaloira eta inguruetara bultzatzen aire-zorrotada baten laguntzaz. Ez dakit nire bizilagunek lataren joan-etorriaz ohartu diren, baina ziur nago batek baino gehiagok, euren leiho azpitik igarotzean zabor-bultzagilearen eskuko tramankuluaren soinuak esnatu dituenean, garbitzailearen senide hurbilak gogoratu dituztela.

Ondorioztatu dudanaren arabera, udal-garbitzaile-puztailearen betebeharretan ez dago latak jaso eta zakarrontzira botatzea, eta noski ez zaio ezta bururatu ere egiten berez makurtzea eta haiek desagerraraztea. Eta egunotan iraganeko udal-kale-garbitzaile haietan pentsatzen aritu naiz, txilarrezko erratzarekin eta esku-gurdiarekin behin eta berriz pasatzen zirenak kaleetan utzitako zikinkeria biltzen, lau hankako astoen gorotza barne. Hura bai zen eraginkortasun... isila.

Argazkia: JMVM

ekaina 30, 2025

ETORKIZUNAK BEZPERAN HASI BEHAR DU


Etorkizunak beti izango du nolabaiteko hutsaren zeinua, iritsi ahal ezinarena. Adibide txiki batekin argitu nien lehengoan nire bilobei biharkoari luzatutako itxaropen okerrarazlearen etsipena. «Bihar musu bat emango dizut » idatzi arazi nien paper batean lotara joan aurretik. Goizean, gosaltzen ari ginen bitartean, musua eskatu nien… baina lehenago papera berrirakurri behar zutela gehituz. Eta orduantxe ohartu ziren bihar harek atzeratu egiten zuela agindutakoa… amaierarik gabe.

Etorkizunak ez du oinarririk, etereoa da, eta bizitzan zehar ibili ahal izateko bideak behar ditugu, ahaleginean gal ez gaitezen. Unibertsitateko irakasle batek abisatu zigun argi eta garbi: bere zenbakietan ikutu gabe bete egin den aurrekontua gaizki eginda zegoen. Orainaren errealitate zalantzagabean zamalkatu behar dugu, etsi gabe, uneoroko norantzak markatzen baitu, eskuarki, hurrengo urratsa.

Horregatik biharkoak gaurkoaren konplizitatea behar du, eta etorkizuna bezperatik bizi behar dugu. A! Eta adieraziko dut bilobek papera zatitu eta musua eman zidatela. Ikasgaia barneratua, ez zuten biharamunerako utzi nahi bezperan egin zezaketena.

Argazkia: Ekain

ekaina 23, 2025

SORGINAK ETA SUGEAK ERRE


Joan den larunbatean eguzkiaren distira gorenaren eguna bizi izan genuen, urteko egunik luzeena, gaurik laburrena. Udako solstizioa izan zen, mundu osoan ospatzen dena. Une hartatik aurrera, eguneko orduak gutxitu egiten dira, eta gizakia kontziente bihurtu zenetik, herri-sinesmenak argia eta bizitza luzatzeko modu gisa ikusi zuen sua. Bere bilakaeran, tradizio paganoa kristautasunak xurgatu zuen, eta suaren gurtza 23ko gauean, San Juan bezperan, hasi zen egiten.

Sutzarrak piztuko dira gaur gure bazterretan, eta ausartenek gainetik jauzi egingo dute, ez dakit espirituaren alde iluna garbitzeko ala adiskideen aurrean beren trebetasuna erakusteko. Eta sorginak azalduko dira, Anbotokoak ala beste inongoak diren asmatzerik ez dela. Baina izan, badira. Asko gainera, genero guztietakoak, hemengo mundua okerragotu nahi dutenak… berez nahiko ilun egon izan ez balitz bezala.

Nik gaur, badaezpada ere, gure arbasoen kopla hura kantatuko diot sutzarrari: sorginak eta sugeak erre! Ia horrela argitasuna itzultzen zaion gure planetari.

ekaina 16, 2025

AKATSA AUTOPSIAN ATZEMATEN DA


Medikuntzako profesionalen artean zabalduta dagoen irri-esaera batek, gutxi gorabehera, dio edozein akats autopsian detektatzen dela. Ez banago oker, Atahualpa Yupanqui izan zen esaldia ospetsu egin zuena bere "Milonga galdua" publikoarentzat kantatzeari ekin aurretik azaldua.

Politika munduan bizi dugun egoera ustel honetan, duintasun etiko apur bat duen edozein hilkorrentzat nazkagarria da eguneroko albisteak ikustea. Lurpeko mundu politikotik sortzen den etengabeko jario kirastua auskalo nola eta noiz amaituko den, baina ziurrena da hilotz bat baino gehiago utziko duela bazterretan.

Ausartuko nintzateke esatera Pedro Sánchezek egindako akatsa —barkamen eskaerak Borbon elefante zalea gogorarazi zidan— laster hilotzen kameran aztertuko dutela. Behin pentsatu izan nuen gizon hori gai izango zela bere kolaboratzaileen esku luzea diru publikoetako kutxatik urrun edukitzeko. Baina bere ingurukoek gainditu egin dute, eta inork ez daki ziur zenbateraino dagoen bera ere inplikatua, aurka dituen auzi eta salaketetan. Asko direnak eta zurrunbilo indartsutik ateratzen bada ere, zauriak ez dira arinak izango.

Zalantzarik gabe, ordea, autopsiak argituko du psozialistaburuaren iragarritako heriotzaren gakoa, inoiz jotzeari uzten ez dion milonga triste eta ilun honen ondoren antzematen dena.

Argazkia: OCCIDENT

ekaina 08, 2025

ZEZENKETAK ABERRI-BALIOEN SOSTENGU


Sinets iezadazue, inguratzen gaituen munduari erreparatuz txundiketarako nire ahalmena agortzear dagoela aitortzen badizuet. Mafia ala demokrazia eslogana modu mafioso samarrean- Ayuso elebakarduna buru- oihukatzen zuten milaka ustez demokraten oldar beldurgarritik aldendu guran autobusean sartu nintzen etxerako bidaia goizeko freskuran egiteko. Giza-uhin nahastaile kiratsgarri eta arriskutsutik urrun, eguneko prentsa errepasatzeari bildu nintzaion, eta albiste deigarri batek harrapatu ninduen.

Zezenketak zen gaia, eta Andaluziara ninderaman albisteak. Erkidegoko Juntak baztertu egin bide du, umeak zezenplazetara sar daitezela debekatzea eskatzen zuen oposizioaren proposamena. Hori ez zitzaidan hain deskolokatzaile iruditu, ohiko joko politiko errenean normaltzat jo baitezakegu gobernu-oposizioaren arteko adostasunik eza. Argudioa zen, aldiz, jokoz kanpo utzi ninduena: Juntak dioenez, zezenketa eta antzerako espektakuluek animaliekiko begirune eta kontzientzia modu positiboan garatzen dute umeengan.

Ahoa bete hortz geratu nintzen. Baina aurki gogoratu nuen zerk eraman ninduen goizeko lehen orduko autobusa hartzera: eskuineko oldarrarekin kalean ez aurkitzea. Eta Madrilgo erakuspenaren deitzaileen soka bereko gobernukide andaluziar faxistoideek, espainiar aberri-balioen berreskurapeneko gurutzadan buru belarri sartuta, hezkuntza sistema baliatzen dute tauromakiarako zaletasuna haurrengan piztarazteko.

Animaliekiko enpatia indartzen duela zezena nola torturatzen eta hiltzen den ikusteak? Otoi! Animaliekiko krudeltasuna normaltzeak giza-bizitzarekiko gutxiespenerako lehen urratsa ekar dezake… eta dakar.

Argazkia: The conversation

ekaina 01, 2025

ALFERREKOAREN ERABILGARRITASUNA


Sarritan gogoratzen dut, ikasketen azken txanpan geundela irakasle hark esandakoaz: gure bizitza profesionalean jakintza mordoa aurkituko genuela, hasiera batean alferrekotzat har zitekeen arren, behin baino gehiagotan arazoetatik salbatuko gintuena... eta, nolanahi ere, gure bizitzaren joatean onuragarria izango zena.

Hamarkada asko geroago irakaslearen gogoetetara itzultzen naiz eta ikusten dut ez zegoela oker bere baieztapenean. Ziur nago bizitzak, gure lanbideari lotuta ez ezik, alferrikakotzat jo ditzakegun ezaupideak eskaintzen dizkigula etengabe, baina epe luzera asebetetzea eta ezagutza integralean aurrera egiteko aukera ematen digula.

Norbaitek alferrekotzat jo lezake igande goizean mendira ibilaldi bat egitea, lasaitasun espirituala beste helbururik gabe. Badira filosofia irakurtzea erabateko denbora galdutzat hartzen duena, ez baita zientzia aplikagarria. Edo, ziur aski, badela errentagarriagoa izango litzaidakeela uste duena erdaraz idaztera dedikatuko banintz lerro zentzu handirik gabeko hauek euskaraz eskaini beharrean.

Zalantza barik, mendian naturarekin bat eginda denbora galtzea, Platon lasai berrirakurtzea edo nire barrua libreki adierazteko zertxobait izkiriatzea... gozamen pertsonalerako iturri bat da, zalantzazko ezagutza erabilgarri horri erantzuna bilatzen saiatzea baino handiagoa. Nahiago dut gozatu, zertarako galdetu gabe.

Argazkia: Zuriñe

maiatza 26, 2025

BIZITZAREN PUZZLEA


Segur aski, behin baino gehiagotan entzun duzu zuk, irakurle, bizitza puzzle handi bat bezalakoa dela, egunez egun osatzen dugun puzzle handi bat. Ez dut uste hau mugaketa  egokia denik, puzzle bakoitzak aldez aurretik irudi osoa eskaintzen baitu, bizitzak egin ezin duen zerbait.

Puzzle guztietan, pieza espazioari egokitzen zaion mugimenduak daude eta, jakina, jarritako moduarekin talka egiten duten beste batzuk. Koloreak, tamainak eta diseinuak desberdinak dira aukera bakoitzean, hura betetzeko abentura zailtzera jokatuko balute bezala. Ezer ez da berdina, eta pieza osoa nola moldatuko den ziur jakin gabe jotzen duzu. Egia da ez dela  bat ere soberan. Eta azkenean puzzleak itxura bat eskainiko du, agian jokalariaren gustukoa ez dena. Arrisku bat da.

Buru-hausgarri jokoa amaitzen ahalegintzen den pertsonak amore eman dezake. Jolas errazak eta oso zailak daude, eta jende trebea dago eta ez hain iaioa. Bizitzaren puzzlean, aldiz, beti geratzen da azken pieza bat jarri gabe. Baina ahaleginaren etengabeko ibilbidearen amaierara heltzear, kolore, tamaina eta diseinu ezberdineko momentuekin, normala da protagonista emaitzarekin pozik sentitzea, nahiz eta inoiz lortuko ez duen azken pieza kokatzea.

Argazkia: mekaniko

maiatza 19, 2025

PERSPEKTIBA BERTIKALA


Duela egun batzuk ordenaren, agintearen eta boterearen aplikazioaren perspektiba aldaketari buruzko hausnarketa bat irakurri nuen. Egilearen tesia egoki eta zuzena iruditu zitzaidan: gure pentsamoldearen eta bizitzarenganako erreferentzia gisa ezkerra eta eskuina bereiztera eraman gaituen ikuspegia galtzen ari gara. Lerro hauek irakurriko dituzten gehienak borondate politiko eta soziala adierazten duen ardatzaren ezkerrera edo eskuinera kokatuko dira. Alde aldatzeak - mugimendu horizontala edozein dela ere - antzeko ahalegin pertsonala eskatzen du.

Egileak proposatzen zuen teoria da perspektiba bertikala existitzen dela eta betidanik egon dela. Eta hark zioenez, gizartean gero eta errotuago dagoen errealitatea da ikuspegi bertikalari dagokiona, eta bertatik goranzko edo beheranzko arauak, agintea eta boterea antzematen dira. Historian gutxitan eman da goranzko ikuspegia. Beheko mailetatik datorren eta goialdera igotzen dena beheranzko mugimendua baino askoz ere txikiagoa izan da. Beheranzko boterearen adibideak ditugun dinastia monarkikoak eta hierarkia erlijiosoak gogoratzea besterik ez dago eta, egungo egoerari erreparatuz, etorkizun hurbileko argazkia antzeman genezakeela zioen egileak.

Teoriak beti teoria, ziur dirudiena da, ordea,  laster gizartearen gidaritza hartzera deitua izango den belaunaldia ez dagoela oso prest goranzko ikuspegiari heltzeko. Frogatuta dago jarrera horrek askoz esfortzu, konpromiso eta ardura handiagoa eskatzen duela. Eta ez da, hain justu, gorantz begiratu behar duten mailetan soberan den ezaugarria. Askoz erosoagoa da gorantz ez begiratzea, handik datorkiguna ez ikusteko.

Argazkia: freepik

maiatza 12, 2025

ZERGATIK JOTZEN DUTE KANPAIEK?


Denbora pixka bat eskaini nion San Pedro plazatik telebistan zuzenean jasotzen genituen berriak ikusteari. Hainbat katearekin konektatu nuen, eta, oro har, aukeratutakoa nor izango zen jakin aurretik, antzekoak ziren estudioetako iruzkinen erritmo eta mota. Gero aldatu egin zen, katearen arabera. Irekienek berriarengan aurreko Aita Santuaren profila antzematen zuten. Eremu “nazionalekoek”, aldiz, aukeratutakoaren ama espainiarra dela nabarmendu zuten Normala.

Baina gaur beste zerbaitera nentorren: ezagutu nuen lehen Aita Santuaren erreleboa, Joan XXIII.arena izan zen, 1958an. Herriko parrokiako kanpai-jotzeak ekarri zigun berria. Une hartan gainezkatu gintuen haur-euforian, Espiritu Santua uso baten itxuran igarri genuen San Pedro basilikaren gainean, hegaz. Gaur, inozotasuna galduta,  badakigu gauzak ez direla horrela.

Eta plasma-pantailaren aurrean nire besaulkian eroso eserita, lo egitea eragozten dien aitzakiarekin egungo gizartean ezkilak isilarazi dituztenen kontra jarri naiz. Ez dago komunitatearen bizitza erregulatzeko dorretik kanpaiak astintzea bezalakorik. Gaur, aita santuaren aldaketaz gain, herriko futbol taldearen garaipena (edo porrota) iragar liteke, ospitaleko familia-mediku berriaren izendapena, eskola publikoan irakasleen greba bertan behera utzi izana edota Herri Urratserako autobusaren irteera. Proposatzea da kontua, eta horixe egiten dut hemendik.

Argazkia: National Geographic


maiatza 05, 2025

EMILIO GUEVARAK ARAZO BAT DU


 “ETAk lortu ez zuena, euskarak egin du, eta Logroñora etorri naiz bizitzera” Hala nabarmendu du kazetariak Emilio Guevara Arabako diputatu nagusi ohiari egindako elkarrizketa. Kuriositatez irakurri dut publikatutakoa, ez politikari ohia —hala izaten jarraitzen duena, barreratik bada ere— zuzenean inporta nazakeen edozertan erreferente delako, baizik eta euskarak erbestera zergatik behartu zuenari buruz zer zioen jakiteko. Eta egia esan, Guevaratarren etxean arazo bat zegoela ulertu dut.

Lehenik eta behin, Don Emiliori esan nahi diot nire bilobarekin egunero ikastolara joaten naizela eta euskaraz adierazi eta ikasteko gai diren  jatorri geografiko ezberdin eta urruneko dozenaka neska-mutiko ezagutzen ditudala. Beren seme-alabak A ereduan matrikulatu dituzten gurasoak ere ezagutzen ditut; euren eskubideen barruan daude, noski, nahiz eta pena pixka bat ematen didan seme-alabek bi hizkuntza ofizialak erabili ahal izateko gurasoek aukera aprobetxatu ez jakiteak.

Guevarak bere bilobak «euskararekin oso arazo larriak» zituela dioenean, lerro artean irakurtzen ari naiz arazoak izan zituela beste irakasgaietan ere. Agian oker nabil. Baina Euskal Herrian «oso zaila da ama-hizkuntzan ikasteko plaza aurkitzea” baieztatzeak  —bereziki familia bizi zen bezalako hiri batean— nahikoa bilatu ez dutela esan nahi du... edo beste arrazoi ezkutu bat dagoela Euskaditik alde egitea justifikatzeko. Guevara jauna: berriro dezepzionatu nauzu. Arazo bat duzu... Logroñoko zure etxean.

Argazkia: Internet

apirila 28, 2025

PSIKIATRIAREN BIDE BIHURRIAK

 


Nire liburutegian leku gehien hartzen duten egileetako bat Sigmund Freud da. Hau inongo lotsarik gabe esaten dut, nire "pleistozeno" partikularrean bere sare teorikoan harrapatua geratzeaz gain arren, austriarrarekin harreman afektiborik edukitzetik urrun nago,  ikasle gisako nire bizitzara gutxi gora beherako modu erabakigarrian sartu zela 
izan ezik. Eta onartzen dut noizean behin bere liburu batzuk berrirakurtzen ditudala, 1960ko hamarkadaren amaierako datak daramatzatenak. Ziurrenik, nire garai  samur hura gogoratzearren.

Bistakoa da zientzia izugarrizko abiaduran eboluzionatzen ari dela, eta psikiatria ez dago atzean. Bere bilakaeraren fase konkretu batean, terapia askatzaile bat izatetik gaixoa atzeman eta menderatzen saiatzera igaro zen, praktika hori askapena baino sinple eta errazagoa baita. Ez dut esaten ikuspegi hori ohikoa denik, baina egia da psikiatrek ahalegin handia egin behar dutela oreka etikoa mantentzeko.

Zoroetxeak ezagutu ditugu, erraz sartzea eta irtetea oso zaila zen tokiak. Hasierako psikiatriaren teoria eta praktika eredu horretan oinarritzen zen. Gaur egun, zientziak gaixotasuna pertsona bakoitzaren egoerara egokitzeko aukera ematen du,  horrek tratamenduan eragiteko aukera ahalbidetuz. Gainera, zaintza sanitario eta farmakologikoak jarraipen zuzenagoa eta pertsonalizatuagoa eskaintzen du.

Hala ere, praktika psikiatrikoen aurka ageri direnak ulertzen ditut, normalean euren azalean negatiboki bizi izan dituztelako. Horrek psikiatren etengabeko birziklapena gaixoaren tratamendua bezain garrantzitsua edo areago dela berrestea garamatza, lanbide guztietan gertatzen den zerbait, alegia. Argazkiko mezuak erakusten duena adieraztea, ordea, gehiegizkoa iruditzen zait.

Oharra: astetan egon ondoren idakiño hau argitaratu baino apur bat lehenxeago hormako pintada garbitu dute.