BILATU

azaroa 25, 2024

ITXAROPENEZKO HORIZONTEAK

 


Opari bikaina jaso berri dut, enpresa pribatu eta publikoetako bere ibilbide luzeari esker, Euskadin azken hamarkadetan bereizi gaituen maila ekonomiko eta sozialaz ongi gozatzea ahalbidetu diguten adimen pribilegiatuko talde horretan bere izena jarri duen lagun baten eskutik. Xabier Retegi Aiastuik “Horizontes de esperanza” izenburupean argitaratu duen liburuaz ari naiz.

Hausnarketa sakon eta ausarta da. Izan ere, ausardiaz abiatu behar da -espiritu eraikitzailerekin- euskal gizartearen balio tradizionalek darakutsaten errealitateari erreparatuz, etorkizuneko belaunaldiei itxaropen-horizonte bat diseinatu guran lan-plan bat proposatzeari ekiteko. Helburuaren zailtasuna ez datza hainbeste planaren beraren artikulazioan, egungo gizarte-kontzientziarik ezak adierazten duen hasierako defizitaren baitan baino. Ez gara 1954an ginen bezalakoak. Gizarte eredua hainbeste aldatu da, ez dakidala benetan kontzientzia sozialaz hitz egin dezakegun edo, aitzitik, pentsamendu posizio indibidualizatuetara jo beharko genukeen, kasurik onenean.

Retegik hatza jarri du minaren lekuan. Garrantzitsua litzateke zaurituok testu bikainean bilbatutako teoria geureganatzea, eta ehunka errealitate praktikotan murgilduta aritu den eta oraindik ere ihardunean diharduen gizonak dioen bezala, euskal gizartea hobe eta itxaropentsu batera eramaten duten etapak kateatzeko gai izan gaitezkeela erakustea.

azaroa 18, 2024

UMEAK HAZI EGITEN DIRA

 


Mingotsez irakurri dut Madrilen azken bost urteotan haur gehiago desagertu direla aurreko berrogeita hamarretan horrela erregistratuta zeudenak baino. Zifra dardaragarria, drama sozial gisa esan nahi duenarengatik. Horrelako giza hondamendiren jatorrian arrazoi ugari egon daitezke, gizakiaren kontzientzia larritzeari uzten ez diotenak. Eta gizakia esanez, ez naiz ari Israel-Palestinaren gatazkaren erdian ospitale, ikastetxe eta abarren bonbardaketen kontra ahotsa altxatzen ez dutenei buruz, baizik eta egunero hiltzen diren ume errugabeak ahaztuz Netanyahuri Irango petrolio eremuak ez suntsitzeko eskatzen diotenak. Nazkagarria, besterik gabe.

James Barrie idazlearen “Inoiz ezeko herrialdea”ren umeak datozkit gogora halako albiste zirraragarriekin batera, umeak heldu izatera ailegatzen ez direneko izar baten barruan kokatuak. Helduak izateagatik gaiztoak diren Garfio kapitanaren agindupeko eskifaikideen gaiztakeriak noiznahi jasan beharrean dauden umeak dira, hazi nahi ez dutenak. Zoritxarrez, ipuina da eta errealitatean umeak hazi egiten dira.

azaroa 15, 2024

HERRI-KONTSULTAK


Demokratikoa denik ezin uka,  baina  bere osotasunean erlatiboa gerta daiteke, batez ere ondorioen aplikazioari dagokionez. 

Partaidetza-kontsulten alde nago, betiere parte hartzearen oinarrizko alderdiak aintzat hartzen badituzte, hala nola, -adibidez-, ordezkari politikoek arazo zehatz bat ebazteko zeharoko ezintasuna, eta -gainera- ez badute inoiz ordezkaritza politikoa bere erabaki-eginkizunean erabat ordezten.

Auzotarrak kontsultarako prestatu eta deitzeak ez ditu deitzen dutenak ardura politikotik salbuesten. Ordezkari politikoak dira erabaki behar dutenak, eta ez diete inoiz herritarrei bota behar hautatu zituztenean bere gain hartu zuten betebeharraren zama. Herri-kontsulta batean, herritarra ezin da bere eginkizunean kontsultatua izateaz haratago joan.

Eta kontsultari inoiz ez zaio eman behar erabakigarrizko balio absolutu handiagorik, kontsulta sustatzen duen erakundeari hauteskunde-ordezkaritza edukitzeagatik dagokiona baino. Beste edozerk hauteslegoa zorabiatzea lekarke, eta horrek iruzurra eragin lezake. Horregatik herri-kontsultak, berez, ez du ordezten eragileen erantzukizuna.

azaroa 11, 2024

ULERTZEN DUGU EZINEGON HORI

 


Oroimen kolektiboa hauskorra da. Aroek, indar erlazioek eta interesek aldaraz dezakete, teorian behintzat betiko grabatuta geratutako inoizko jazoeraren oroitzapena. Denboraren joan ekidinezinak lausotu egiten du kolektiboaren zuzeneko pertzepzioa eta iraganeko egiaztapena zalantza bihur daiteke… eta azkenean lurrundu, erabateko desagerpeneraino.

Gure artean arras garbi dugu jeneral diktatore hiltzailearekin gertatzen ari dena. Belaunaldi gazteena ez da gai, Francorekiko aurrekoaren erreferentziatik ia ezer gordetzeko, eta -areago- gizartearen berezko alprojakerian gauza da munstro harena legenda hutsa bilakatzeko.

Esparru txikiagora mugatuz, zenbait hamarkadaren buruan inork gutxik gogoratuko du beste munstro batzuek inguruko mendi batean eragindako eraso suntsitzaile deitoragarriaz… eta bizitzak aurrera jarraituko du, ergelkeriak jota.

Oharra: udal erregistroetan ere ez da atentatuaren kontrako erabaki idatzirik aurkituko. Ulertzen dugu ezinegon hori,  edo oroimenaren hauskortasun induzitua...

azaroa 04, 2024

ATZERATU DEZAGUN AZKEN TRENA

 


Batzuk datoz eta beste batzuk joan egiten dira. Batzuk erortzen dira, beste batzuk altxatzen diren bitartean. Eta gurpila ez da gelditzen. Konponduta egongo ginateke egunen batean ibiltzeari utziko balio! Ezezaguneko erresumara  garamatzan trenaren joateari azkena emango litzaioke. Geltokirik gabeko trena, jangelarik gabea, plataforma ilun batetik bidaiariei gozokiak eskaintzen dizkien saltzailerik gabeko trena. Bere bidetik ateratzen  gizakiok saiatu arren bira egiten jarraitzen duen eta jarraituko duen trena, gutariko bakoitzarekin bidaiari gisa.

Konponbiderik ez dugula pentsatzeko arrazoi ugari daude. Eta ziurrenik gure espeziea geure erruz desagertuko da. Baina ez da egia txikiagoa herentzia genetikoan itxaropen dosia eman zaigula, martxarako ezinbesteko elementua, hain zuzen. Eta horri heldu behar diogu, beldurrik gabe, bizitzaren txinpartari eutsiko badiogu. Inork ez gaitu ezkor izatera behartzen, beraz, eman diezaiogun aukera berri bat unibertsoan gure kokaleku den hauts puntu honen etorkizunari. Amaiera sumatzen dugu baina oraindik azken trenaren irteera atzeratzeko denbora dugu.

Argazkia: Zuriñe