BILATU

abendua 30, 2024

INURRITEGI PARTIKULARREAN GUSTURA

 


Tolosan egin genuen Juan Garmendia Larrañagaren biografia liburuaren aurkezpenean izan zen, 2005eko ekainaren 22an, hain zuzen. Orduan aitortu nuen publikoki, txantxa klabean baina egia, Beatlesen eta biografiatuaren garaian bizitzea egokitu zitzaidalako zori onekoa nintzela.

Txantxa ahaztuta, bizi behar izan dudan eta esperientziak merezi izan duen jendearen zerrenda askoz luzeagoa da. Hori bai, ez da soilik nire kasua, izan ere une jakin batean hasiera izan zuen eta amaiera ere izango duen planeta honetan agertzeko zoria izan duten guztiei aplika diezaiekegu egiaztapena: Alfa eta omega unibertsalaren parte gara.

Mamizko laguna dudan batekin komentatzen nuen lehengoan, gure inguruan badela jendea beraiekin enpatizatzea ariketa zaila egiten dela. Zalantzarik gabe guri buruz ere gauza bera esango dute. Guztiz normala! Suposatu nahi dut hori ez dela gertatzen inurritegi batean, inurri bakoitzak bere DNA kolektibo arruntean markatutako errutina berdin bati jarraitzen baitio. Pluralak izan balira, oso segurua da inurritegiak eta bertako biztanleak aspaldi desagertuko zirela.

Eurekin bizitzea merezi duen lagunen zirkuluari esker gure inurritegi partikularra ezagutzen eta gozatzen dugu; horregatik esan dezakegu interesgarria dela. Nahiz eta desagertzeko arriskua duen, gu guztiokin batera.

abendua 23, 2024

EUROPA LIGARIK GABE

 


Eta zer gertatzen ari da Europan turroiak probatzera dedikatuko garen sasoi honetan? Egoera aski larria da pozez jauzi egiteko, errealitatea baita abenduaren 23ra iritsita eta pixka bat atzera eta asko aurrera begiratuta, gauzak ez direla pozgarriak.

Gerra batean murgilduta jarraitu dugu, eta nahiz eta balak oraindik iritsi ez zaizkigun, horiek finantzatzen ari gara, oso ondo jakin gabe zein estrategia jarraitu behar dugun gatazkan, tokian guda-jaunak jarri dituzten arma fabrikatzaileak elikatu eta gizentzeaz gain. Azkenaldian beste fronte bat ireki digute Sirian, eta zorte apur batekin lurralde horri ere ahalegin bat eskainiko diogu, baldin eta behintzat, gure Europara iritsi nahian desplazatutako giza masen mugimenduak geldiarazten saiatzeko. Hain zuzen, zertarako balio duen oraindik inork esplikatu ez didan Europa sakrosanta.

Bitartean, pena da futbol ligako etenaldia egotea, eta hurrengo hamabost bat egunetan ez dugula jakingo gure kezkak nora bideratu. Agian hurrengo Aste Santuko oporrak antolatzeko aprobetxatuko dugu.

abendua 16, 2024

BARRIKADA MISTERIOTSUAK



Oso normala da neurri guztiak aurreikusi arren, proiektu batek bide okerra hartu eta gure planak hondatzea. Ezin da bizitza une bakoitzean interesatzen zaizkigun bideetatik igaro araztea. Aspergarria izango litzateke, gainera. Atzerapausoak behar ditugu aurrera egiteko.

Joan den asteazkenean gripearen aurkako txertoa jaso nuen, eta astebete beranduago gripearen birus batek jota nago, ohean. Eta planak atzeratu behar izan ditut, sine die. Dena den, ez nau batere kezkatzen, betebeharra gaur, bihar edo etzi betetzeak berdintsu adieraz dezakeelako adinean nago eta. Orokorrean, egiten bada, ondo. Eta ez bada, ere bai

Itzuliko ez den iraganak perspektibaz laguntzen dizu hausnartzen gertatutakoaren garrantziaz. Eta konturatzen zara zein inozo aritu garen denboraren aurka, erlojua geldiarazi nahi absurduan. Ez gara, batere, gure patuaren jabe.

Pentsamendu horietan ohean sartuta nengoen irratiak ezezaguna zitzaidan doinu bat ekarri eta hunkitu ninduenean. Irratiko webgunean jakin nuen François Couperinek 1717an konposatutako lana zela, "Les barricades mystérieuses"

Eta nire barrikada pribatutik pentsatu nuen hiru minutu gehiago ez dituen musika konposizio horrek, gripeak galdu arazi dizkidan berrogeita zortzi orduak konpentsatu dituela, nire agenda bete gabe utzi badut ere.

Musikaz gozatzera gonbidatzen zaitut.


Argazkia: https://www.centrepompidou.fr/

abendua 09, 2024

EGIA EZ DA ERRENTAGARRIA

 


Mundua ez da dirudiena, batzuek – boteretsuenek-  guri iruditzea nahi dutena baizik. Inoiz ez da egia gezurretatik hain hurbil egon gaur egun dagoen bezala. Baina, gainera, oso urrun gaude egia dena eta gezurra dena bereizteko formula aurkitzetik. Goazen bidean, milurtekotan goi mailako goiburua izan dena zeharo harripetan egongo da laster: egia beti azalarazten da. 

Ezin izan nuen irribarrea ezkutatu, azken urteotako enegarren aldiz Philip Morris multinazionalaren bere beste titular bat irakurtzean: zigarroak fabrikatzeari utziko diogu, herritarren osasuna interesatzen zaigulako. Bai zera!! Halako adierazpen bat sinetsarazteko euren negozio-lerro tradizionala ordezkatzeko inbertitu dituzten milaka milioi dolarretan oinarritzen direnean, gezurretan ari dira, batere zalantzarik gabe. Bost axola horiei gizateriaren osasuna! Diru kopuru ikaragarri horietatik etekinak lortzea baino ez dute bilatzen. Eta beti kontsumitzailearen kontura.

Gezurra errentagarritzat jotzen da, zenbait zailtasunetatik atera eta irabazteko estrategia eraginkorrak muntatzeko aukera ematen baitu, konbentzitu beharrik gabe. Egiarekin badoaz, ez dira urrutira iritsiko, gezurra arrakastarako baliabidea baita. Eta gezurtia deskubritzean, deskubritzailea nahasten eta manipulatzen saiatzen da, gezurrik ez zegoela esanez, iritzi aldaketak baizik. Kasu horretan, gezurra akats baten zuzenketarekin ordezkatzen saiatzen da. Eta gurpilak bere martxan segitzen du, gezurti boteretsuaren mesedetan.

abendua 02, 2024

AZAROA, HILABETE PENTSARAZLEA

 


Azaroa, hile bitxia, Domu Santuarekin abiatu San Andresekin bukatu. Gutxi gora behera horixe dio erdal errefrauak. Eta benetan azpimarragarria gertatu da maila orokorrean. Horra hor, gizateriaren etorkizun ziur gabea markatzen duten AEBetako hauteskundeak, zalantzagarriak ez hainbeste datozen urteetan nazioarteko edo munduko politikaren zoruan ekar dezaketenagatik, baizik eta politika egiteko ohiko moduarekiko hausturarako adierazten duenagatik.

Munduko gaur eguneko gizakirik aberatsenak bere milioiekin lagunduko duen herrialde boteretsuenaren gobernuko figura izateak agerian utzi du beste behin politika zer den. Horrelako pertsonaiek iraunarazi nahi dutenaren lehen urratsa baino ez da: mundu txikitxoa euren martxa-doinuan mugiaraztea. Eta beren burua gero eta aberatsagoa ikustea, gizadi esklabo eta ergel baten kontura. Orain arte ere horrela bazen, aurrerantzean mendekotasun harremanak okerrera egingo du.

Azaroan ere aspertzen jarraitu dugu estatu politikarekin, etengabeko elkarren kontrako agertoki batean gaudela eskuinak gobernuan dagoen bere oposizioa lurrez, itsasoz eta airez gelditu gabe astintzen segitu du. Bitartean, exekutiboa indarrik gehienekin sostengatzen duen alderdiaren baitan ustelkeriaren kasuak biderkatu egin dira.

Eta tokiko mailan herri-kontsulta loteslerako deia egin digute, eta, behintzat niri, herri hauteskundeetan bozkatzeko nire ohitura aldatu behar ote dudan azterrarazi dit.

Bada,  hori, San Andresek, politikoki hitz eginez, pentsarazi digun hilabete bitxia itxi du.

Argazkia: Ekain