Etorkizunak beti izango du nolabaiteko hutsaren zeinua, iritsi ahal ezinarena. Adibide txiki batekin argitu nien lehengoan nire bilobei biharkoari luzatutako itxaropen okerrarazlearen etsipena. «Bihar musu bat emango dizut » idatzi arazi nien paper batean lotara joan aurretik. Goizean, gosaltzen ari ginen bitartean, musua eskatu nien… baina lehenago papera berrirakurri behar zutela gehituz. Eta orduantxe ohartu ziren bihar harek atzeratu egiten zuela agindutakoa… amaierarik gabe.
Etorkizunak ez du oinarririk, etereoa da, eta bizitzan zehar ibili ahal izateko bideak behar ditugu, ahaleginean gal ez gaitezen. Unibertsitateko irakasle batek abisatu zigun argi eta garbi: bere zenbakietan ikutu gabe bete egin den aurrekontua gaizki eginda zegoen. Orainaren errealitate zalantzagabean zamalkatu behar dugu, etsi gabe, uneoroko norantzak markatzen baitu, eskuarki, hurrengo urratsa.
Horregatik biharkoak gaurkoaren konplizitatea
behar du, eta etorkizuna bezperatik bizi behar dugu. A! Eta adieraziko dut bilobek
papera zatitu eta musua eman zidatela. Ikasgaia barneratua, ez zuten
biharamunerako utzi nahi bezperan egin zezaketena.
Argazkia: Ekain