BILATU

otsaila 01, 2011

EUSKARAREN ERABILERAZ KEZKATUTA ARRASATEN


Azken berrogei urteotan, arrasatearron euskararen gaineko ezagutza %10 igo da. Gizabanako euskaldunen kopurua kontuan izanda, hazkundearen portzentaia pixka bat handiagoa da, 1969an 20.372 biztanle baitzituen Arrasatek, eta egun 23.000 inguru ibiliko dela uste baitut. Aurreko datuak, 1970-71 biurtean Siadecok arrasatear Udalarentzat eginiko ikerketa lan batetik atera ditut. Orduan, %43´8k zioen euskaraz hitz egiteko gai zela.

AEDk aurkeztu berri du Siadecok ere buruturiko ikerketa bat eta bertan hiritar euskaldunok euskara ez erabiltzeko arrazoiak azaldu dira. Datuen arabera, euskaldunon kopurua %54 den arren, kaleko erabilera ez da %33 izatera heltzen. Kezkagarria da, baina ez da espero ezin zitekeen datua.

Duela berrogei urte Siadecok zioen: “Hizkuntzaren kriterioa kontuan izanda, parte hartzea edota errealitate sozio-kulturalean txertatzea hutsaren hurrena da. Euskal Herritik kanpo etorri zirenen arteko integrazio prozesua oso txikia da eta, areago, Arrasaten bertan, Gipuzkoan edota Euskal Herrian jaiotakoen artean ere abiadura gero eta motelagoa da

Aspaldi idatzi nuen, orain arteko hezkuntza-sistemari eta gizarte antolaketa integralari jarraiki, iritsiko dela eguna hiritarron gehiengo adierazgarriak euskara ezagutuko duela. Ez dakit zenbat urte eman beharko den horretarako. Berrogei urtetako hazkundea + %10 izan bada... noizko lortuko dugu arrasatearron %80 euskaldun izatea?

Eta 2.200 urtean emango balitz ere, ziurtatzen al da orduko arrasatearron arteko euskarazko komunikazioa? Beste behin ere esan nuen, hain zuzen ere AEDk eratutako ihardunaldi batzuetan, ni ez nauela euskararen etorkizunak kezkatzen... orainak baino.

AEDk fraka bete lan dauka bere aurrean. Eta animatu egiten dut bidean etsi ez dadin, oso malkartsu eta zaila baita. Zoritxarrez (ala zorionez) toneladaka militantziaz baliatu beharko da bere helburuak betetzen joan daitezen. Izan ere, euskararen osoko ahalmenean sinesten dugunok eguneroko militantziaren zama astunarekin bizi gara, eta sinesmenak esoterismoarekin zerikusirik ote duen ez dakidan arren, ziur nago militantzia horrek balio erantsi ikaragarria eskaintzen diola geure bizitzari.

2 iruzkin:

  1. Aspaldiko, Josemari. Iruzkin labur bat egin nahi nuke zure testu honi buruz. Orohar, ados nago zure gogoetakin eta, edonola ere, garbi dago luze joko duela Arrasateko hizkuntza normalizazioak. Hala ere, zehaztapen txiki batzuk egin nahi dizkizut. Batetik, 1970-1971 biurtean Arrasateri buruz Siadecok egindako ikerketatik 1981era euskararen ezagutzak behera egin zuen Arrasaten, Eustatek egindako erroldako datuena aranera: urte 1981ean arrasatearren 39k zekien euskaraz.Beraz, 10 urtean 4 puntu (ia %10a) jaitsi zen euskararen ezagutza. 1981etik hona Eustatek egin dituen erroldetan euskarari buruzko datuak jaso ditu (azkena 2006an izan zen eta datuak jasotzeko metodologia aldatu egin zuen). Eustatek egindako "estimazioaren" arabera, 2006an arrasatearren % 55ak zekien euskaraz (2001ean baino puntu bat gutxiago). Itxoin beharko dugu aurten egingo den erroldako datuak ikusi arte 2001-2006 aldiko jaitsierak segidatik ba ote duen. Behera eginez gero, aldi berri baten izango litzateke. Nire ustez, Arrasateko hizkuntza normalizazioan (azken urteotan, jakina) bi aldi daude: 1981era arte euskararen ezagutzak behera egin zuen eta geroztik gora egin du 2001era. 2001etik aurrera zer gertzen den ikusiko dugu.

    Bestalde, zenbat urte beharko diren arrasatearren %80ak euskaraz jakiteko? 2006an Arrasateko haurren eta gazteen 76ak (2001ean %86ak) zekien eusakaraz, helduen eta adinekoen %50 inguruk. Esan liteke, beraz, 50 urte barru arrasatearren %75a edo euskalduna izango dela.

    Kale erabilerari buruz, berriz, esan behar da beti egoten dela ezagutzaren azpitik, oso azpitik. Txillardegik erabilitako eredu matematikoaren arabera, Arrasateko erabilera isotropiakoa %20 ingurukoa da.

    Besterik ez, Josemari. Izan ondo eta hurren arte,

    Joxefe

    ErantzunEzabatu
  2. Joxefe, egunon
    Mila esker zure zehaztapenengatik.
    Konturatu zinen bezala nire hausnarketa ez da zientifikoa -vade retro!- espekulatiboa baizik. Eta espekulazioetan -formula matematikoa ez izan arren, eszenategi desberdinak ahalbidetzen ditu- denetariko emaitzak sor daitezkeelarik. Zoritxarrez, batzuetan -historiagileek sarritan ohitu gaituzten moduan- kristalaren kolorearen araberakoak ditugu. Baina ez da kasua.
    Niri ez dit axola etorkizunak eta noiz helduko den %80 horretara. Niri -zuri bezala- orainak kezkatzen nau; eta nire sumindura eguneroko praxiak egiaztatzen dit, Arrasatetik paseatzera ateratzen naizenean.
    Espekulazioetan sartu behar den errealitatea da hori.
    Nire besarkada zintzoarekin,
    Josemari

    ErantzunEzabatu